Duela bost urte, 2020an, jarri genuen oinarrizko produktuen biltegia martxan Esklabak Zentro Sozialistan, eta ikasturte honetan ere bilketa handia egingo dugu.
Lehenengo bilketa honetan, biltegiaren funtzioak zein diren eta elikagai banku tradizionalekin zertan bereizten diren azpimarratu nahi dugu. Oinarrizko produktuen biltegiarekin, kapitalismoaren aurpegi gordinena jasaten duten herritarrei eta familiei laguntzea dugu helburu, irabazi asmorik gabe. Herritarren ekarpen ekonomikoa, borondatezko lana eta langileen antolakuntza dira proiektu honen ardatzak, eta familien elkarlana du oinarrian, egin beharreko lana eta txandak elkarrekin egiten baitituzte.
Hori horrela, elikagai banku tradizionalek eta, bereziki, FESBALek (Federación Española de Banco de Alimentos) dituzten kontraesanak mahaigaineratu ditugu. Izan ere beraien printzipioetan diote akonfesionalak, apolitikoak eta solidarioak direla, baina errealitatetik urrun daude baieztapen horiek, elikagaien %80 erakunde erlijiosoetara bidaltzen baitituzte; parroki, konbentu eta Opus Dei sektarekin erlazionatutako zentroetara. Zuzendariak eta goi-karguak enpresari eta politikariak dira, Ana Botella kasu.
Enpresek euren burua zuritzeko eta etekinak ateratzeko erabiltzen dute elikagai bankua; donazioengatik desgrabatu egiten dute, adibidez.
Azkenik, karitatearen eta elkartasunaren izenean dihardute, baina klase ertainaren kontzientzia lasaitzen eta langile klasearen miseria betikotzen dute, ez baitute egoera hori aldatzeko borondaterik ezta interesik ere.
Urola Erdiko Kontseilu Sozialistaren bilketa handiak gaur, ostirala nahiz larunbatean eta astelehenean egingo ditugu Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan. Herritarrei ekarpena egiteko deia luzatzen diegu.