Euskararen alde egin duten lana aitortu nahian, Uztarria Kultur Koordinakundeak Kontxuelo Odriozola eta Mari Tere Garmendia Azpeitiko Ikastolaren sorrerako andereñoak elkarteko ohorezko bazkide izendatu ditu gaur (larunbata). "Orain 41 urte, 1965. urte inguruan, abian jarritako ekimen bat txalotzea da gaurko ekitaldiaren helburua", esan du Laxaro Azkune Uztarriako lehendakariak
Izan ere, Azkunek esan duenez, ikastolen sorrera oso garrantzitsua izan zen. "Pedagogia aldetik berritzailea izan zen eta, garrantzitsuena, Euskal Herrian kokatua, bere kultura eta ohituretan. Hor hasi ginen jabetzen euskaldunak garela, eremu geografiko bat zegokigula, historia bat dugula, ukatu eta ezkutatu egin zaiguna, gure tradizioak eta izaera bat ditugula hizkuntzarekin batera".
Ikastoletan garai zailak bizi izan diren arren, elkarlana beharrezkoa dela esan du Azkunek: "Euskal Herrian ez da izan mugimendurik barne gatazkarik gabe, eta denok ditugu eredu ugari. Baina behar denean bat egiten badakigula ere erakutsi dugu batzuetan. Pentsa, Urola bailara honetan gauzak batera egiteko oso kultura txikia erakutsi badugu ere, zenbat urtetan ibili izan diren Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako ikastolak bat eginda. Behar denean, badakigu elkartzen. Izan ere, beharra bezalako akuilurik! Eta hala izan bedi oraingo garai hauetan ere".
Eskolak "gizarte honetan tokatzen zitzaiona egin du", Azkuneren ustez, baina "beste gizarte eremu asko dira oraindik bide horretan aurrera egin ez dutenak; lan mundua, batez ere. Zeregin asko dago eta denok gaitu oraindik beharrezko euskarak, ezin dugu gure eginbeharra lasaitu".
Orain arteko ohorezko bazkideak
-2001ean: Joxe Lizaso bertsolaria eta Patxi Altuna euskaltzaina.
-2003an: Enrike Zurutuza idazlea eta Pilar Aizpitarte antzezlea.
-2004an: "Joxe Agirre bertsolaria eta Iñaki Goenaga euskaltzalea":http://www.uztarria.com/albistiek/1087464220.
-2005ean: Gurutz Ansola irakasle eta idazlea eta Imanol Lazkano bertsolaria.
Aurtengo omenduen datuak
Kontxuelo Odriozola.
-Azpeitian jaio zen, 1945ean.
-Herriko eskolan ikasi zuen; gero, Miserikordiako eskolan.
-Maisu-ikasketak egin zituen eta, Errenteriko Ikastolan ibili ondoren, Azpeitiko Ikastolan hasi zen lanean. Gero, Donostiara joan zen bizitzera eta han, Axular Lizeoan aritu zen. 17 urte egin zituen hiru ikastoletan.
-Irratian ere lana egin zuen; batik bat, Loiolako Herri Irratian gidoiak idazten.
-Antzerki munduan ere hainbat lan egindakoa da. Aipatzekoa da Ama begira zazu
obra.
-Zineman ere lan batzuk egin izan ditu; besteak beste, Hamaseigarrenean aidanez
pelikulan.
-Telebistan ibilbide luzea egin du, ETB1en. Aipatzekoa da Goenkale
telesailean 13. denboraldia duela. Bai horixe
euskara ikasteko programa, Herriko plaza
lehiaketa eta Flamingo Berria
telesailean ere lan egin zuen.
-Hainbat sari jaso izan ditu: Argia saria, Hotel Erzilla antzerki saria ('Ama Begira Zazu'-gatik) eta Euskadiko Aktoreen Batasunak telebistako aktore onenari emandakoa.
-Gaur egun, Donostian bizi da.
Mari Tere Garmendia.
-Azpeitian jaio zen, 1944an.
-Maisu-praktikak egin zituen Errenteriko Ikastolan (Kontxuelo Odriozolarekin batera).
-1966. urtean irakasle lanetan hasi zen Azpeitiko Ikastolan. Guztira, 8 urtean egon zen.
-1975ean Donostiara ezkondu eta berehala han Egia auzoan Aitor Ikastolan hasi zen lanean, ordezkapena egiten.
-Ikasturte bukaeran, Ikastolako batzordeak hala eskatuta, irakaskuntzan jarraitu zuen. Horrela egon zen 1996a arte.
-Gaur egun, Donostian bizi da.
Lehen ikasleak agerraldian
Odriozola eta Garmendiarekin lehen promozioko ikasleak izan ziren Josu Bereziartua, Xebax Bereziartua, Xabier Goenaga eta Mila Soraluze. Goenaga (ezin zuen) ez beste hirurak gaur aretoan egon dira.
Josu Bereziartua: "Nik lehen kurtsoa Miserikordian egin nuen, baina ikastola sortu zela-eta berriz errepikatu nuen. Legalak ginela eta ez ginela, ezkutuan ibili behar izaten genuen. Gu ikastolara pozik joaten ginen, ez genuen besteek zuten sentsazio hori, gogorra zela esaten zutelako".
Xebax Bereziartua: "Orduko oroitzapen onak ditut, Loiolara egin genituen irteerak... Ikastolakoak bereziak ginen besteentzat".
Biek eman dizkie Uztarriaren oroigarriak Odriozolari eta Garmendiari.
Odriozolaren eta Garmendiaren adierazpenak
Kontxuelo Odriozola: "Txarrena zen guk titulurik ez genuela eta horregatik ikastaroak egin eta egin jardun behar izaten genuen. Gurasoei ez ginela atzean gelditzen eratsi nahi genien. Gazteak ginen eta borrokatzeko prest geunden".
Mari Tere Garmendia: "Gure apustua zen euskaraz ikasketak egin zitezkeela eta Azpeitian ikastola bat ireki zitekeela. Baina umeak behar genituen. Omenaldia honek hasierako 33 ume horien gurasoentzako izan beharko luke, gurekin bat egin eta konfidantza izateagatik".
Uztarria 1998an sortu zen, eta euskara, komunikazioa eta kultura dira elkartearen ardatzak. Euskararen arloan, 2003 bukaeran Baite Euskara Elkarteak eta biek bat egiten zuten, eta Azpeitian euskara normalizatzeko pausoak ematea eta herrian euskararen aldeko kontzientzia zabaltzea ditugu helburu nagusiak. Bere zereginetan, gaurkoa bezalako ekitaldiak antolatzea ere sartzen da.
Ekitaldiaren bukaeran, Uztarriak denei eskerrak eman ondoren, mokadutxoa egitera joan dira Aitonenara.