Txirrindularitzan afizionatuen mailan seigarren denboraldia du Unai Iparragirrek (Azpeitia, 1988). Bidelan taldean dabil. Profesionaletarako jauzia emateko ahalegin batzuk egin ditu, baina zaila dagoela dio. Pistan ari da lehiatzen, eta asteburu honetan errepidean hasiko da, Ipar Euskal Herriko Essor Basqueko bi lasterketetan hartuko du parte.
Afizionatuen mailan hasi duzu denboraldia. Azkena izango al da?
Afizionatuetan ibiltzeko ez dago mugarik, segitzeko aukerari heldu, edota bizikleta utzi egiten baita. Seigarren denboraldia egingo dut afizionatuetan, eta azkena izango den ez dakit. Ondo joaten bada aurrera segituko dugu, eta bestela... Ez dakit. Egun pistan eta errepidean ondo nabil.
Pistan beste talde batekin zabiltza, ez al da horrela?
Bai. Zarauzko ARN taldearekin batera lehiatzen naiz pistan. Pistarako taldea osatu, eta parte hartzeko aukera eman zidaten; laguntza eskaintzen didate, eta gustura nabil.
Pistarako entrenatzeko Donostiara joan behar izaten al duzue?
Bai. Hori da okerrena, Donostiara bueltaka ibili beharra. Gastu handia da, azkenean: autopista, gasolioa eta belodromoan entrenatzeko hiru euroak; hori guztia hartu behar da kontuan. Asteko bi edo hiru entrenamendu egiten ditugu belodromoan, baina pistak merezi du. Gainera, nirekin batera entrenatzeko kadete batzuk eramaten ditut Donostiara. Haiek gustura joaten dira, eta niri lagunartean entrenatzea errazagoa egiten zait.
Pistan denboraldia aurrera doa. Gustura al zaude orain arte egindako lanarekin?
Azaroan hasi ginen pistan, Donostiako lasterketa batean. Gero Gipuzkoako Txapelketan, Mallorcan (Balearrak) eta Bordelen (Frantzia) ibili naiz, eta orain Espainiako Kopan lehiatuko naiz
pistan. Orain artekoarekin gustura nago: Neguko Txapelketa eta Gipuzkoako Txapelketa irabazi egin nituen. Mallorcakoa estatuko maila altueneko proba zen, eta sailkapen orokorrean seigarren egin nuen. Bordelen, berriz, txirrindulari dezente ginen, 48 bat, eta bosgarren eta zazpigarren postuan sailkatu naiz. Beraz, lan ona egin dut pistan.
Pistako Espainiako Kopan postu ona lortzeko aukerarik ba al duzu?
Hiru lasterketa izaten dira, eta Espainia mailako txirrindulariak Munduko Kopari begira ari direnez, ez dute kopan parte hartzen. Horregatik, guk aurrean ibiltzeko aukera izan dezakegu, eta horrek motibatzeko balio digu.
Aste honetan errepideko lasterketak hasiko dituzue, ezta?
Bai, hala da. Berez hilaren 19an nuen errepideko lehen proba, baina Euskadiko selekziotik deitu didate Ipar Euskal Herriko Essor Basque lasterketan parte hartzeko. Bi lasterketetan lehiatuko naiz, bat larunbatean eta bestea asteartean. Ondoren, neure taldearekin, Bidelanekin, hasiko naiz.
Errepiderako zer asmo dituzu?
Errepideko afizionatuen Espainiako Kopa hasiko da orain, eta han ere parte hartuko dut. 23 urte ditut; 24 beteko ditut aurten. Ahal den lasterketa guztietarako nirekin kontatzen dutela esan dit taldeak. Nire gorpuzkera esprinterrarena da, eta esprintean bukatzen diren lasterketa guztiak irabazten saiatu beharko dut. Asmoa ahal dudan karrera gehienak irabaztea da.
Garai batean txirrindulariek kanpoko taldeetara jotzen zuten profesionaletarako jauzia egiteko. Zuk nola ikusten duzu kontua?
Txirrindularitzan kontua oso zaila dago; zailena oraintxe dagoela esango nuke nik. Kanpora joateak ez dit asko axola, hemengo ia karrera guztiak eskalatzaileentzat izaten baitira. Bi edo hiru urte daramat goiko taldeekin hizketan, baina azkenean ez du ezerk aurrera irteten. Aurten ere saiatuko naiz. Iaz afizionatuen mailako Giroa korritu nuen, ondo ibili nintzen eta jendeak pixka bat begiratzen zuen... Aurten beste urte on bat egiten saiatuko naiz eta ea aukera berririk sortzen den. Baina, igotzeko gauza oso gaizki dago.
Txirrindularitza profesionala probatzeko ametsa ez duzu galdu.
Probatzeko gogoa badaukat. Nire inguruan ibilitako batzuk orain pasatu dira profesionaletara, eta ondo dabiltza; maila ona ematen ari dira.
Asko eskatzen duen kirola al da txirrindularitza?
Hala da. Astean entrenamendu asko egin behar dira; jana zaindu egin behar da; lasterketa aurreko egunean ezin da asko nekatu; beste kirol asko ezin da egin... Azken batean, gorputza zaindu beharra dago, gorputza azken mugaraino eramaten baita kirol honetan. Gauza asko kentzen ditu txirrindularitzak, baina eman ere asko egiten du. Kanpora irteteko aukera ematen du bizikletak; beste taldeetakoekin lagunartean ibiltzeko aukera...
Inoiz txirrindularitza uzteko tentaziorik izan al duzu?
Iaz uztekotan egon nintzen. Hiru denboraldi onak egin ditut, eta bukaeran aurrera egiteko modurik ikusten ez denean behera egiten da. Dena ematen jardun, gauzak ondo egin, eta alferrik ari naizen sentsazioa izaten dut. Baina taldeak aurrera segitzera animatu nau, eta pistak ere motibatu egiten nau. Pistak asko balio izan dit aurrera segitzeko. Espainiako hautatzailearekin harreman ona daukat, eta aurten Munduko Kopako proba bat korritzekotan egon naiz, baina paper asuntuengatik azkenean ezin izan dut joan. Gauza txikiekin motibatu, eta aurrera egiteko aukerari heldu diot.
Doping-a da hizpide txirrindularitzan azken aldian, Contador auzia tartean. Afizionatuetan ere horrela al da kontua?
Afizionatuetan ere kontrolak badaude. Nik aurreko denboraldian lauzpabost kontrol pasatu nituen. Kontu asko entzuten da, baina ezjakinean jardutea ez zait gustatzen. Jendeak asko jarduten du, eta gehienetan ezjakinean.
Afizionatuetan ere antzematen al duzue hemengo jendeak txirrindularitzarako duen zaletasuna?
Bai, bai. Belgikan ere klasikatan-eta jende piloak jarraitzen ditu probak, baina gainontzean hemen dago zaletasun handiena. Zaletasun horrek txirrindularitzan jarraitzen laguntzen du. Zerbait lortu, eta kalean jendeak zoriondu egiten gaitu.