"Bi pertsonaia bereziren arteko ezinezko amodioak haien ahuldade eta gabeziak azaleratzen ditu". Hori du abiapuntu Erabaki Produkzioak ekoizpen etxe azpeiztiarraren Oinaze egoitzak film laburrak. Fikzioa aurkeztu, eta lehen emanaldia eskainiko dute gaur, 20:30etik aurrera, Sanagustin kulturgunean.
Urtarrilean ekin zioten proiektua lantzeari, eta guztia ongi lotu ondoren, uztail hasieran filmatu zuten, lau egunetan, udalak Urrestillan lagatzen dien lokalean. Erabakiko kide Asier Sustaetak aditzera eman duenez, "grabazio guztia pertsonaiaka egin dugu. Pertsonaiak elkarrekin ikusten dira filmean, baina ez dira plano berean agertzen".
Ekoizpenerako erabili dituzten aktoreak ere etxekoak izan dira: Erika Olaizola eta Gurutze Eizmendi azpeitiarrak eta Iñigo Aranbarri azkoitiarra. "Neskaren papera argi ikusten genuen Olaizolak izan behar zuela. Mutilarena, ordea, zalantza gehiago genituen, eta Olaizolak berak proposatu zigun Aranbarri. Eta, egia esan, oso gustura geratu gara bere lanarekin. Bestalde, Eizmendirekin ere berari esker jarri ginen harremanetan".
Kontakizuneko bikotea Olaizolak eta Aranbarrik osatzen badute, Eizmendik zein paper antzezten du? "Auziaren iltzea izango da", nabarmendu du: "Bera filmean agertzen den momentuan hasiko da ikuslea ulertzen istorioa".
Elkarketaren fruitua
Natatxa Films eta Nazkau ez!! Produkzioak taldeen bateratzetik sortu dute Erabaki Produkzioak, eta esku artean duten laburmetraia da ekoizpen etxe berriaren lehen fruitua. "Natatxa geldi samar zebilen eta Nazkau Ez!!, berriz, hastapenetan. Erabili beharreko materiala bera zenez, elkarren beharrak asetzeko bat egitea erabaki genuen", adierazi du Erabakiko kideak. Talde berria sortuta, aurrerantzean egingo dituzten lanak ere Erabaki izenez sinatuko dituzte.
Hasieran zinemagintzari buruz eta ikus-entzunezkoen joera berriari buruz hitz egiteko elkartzen ziren. Erritmo horretan taldea erretzeko arriskua zegoela eta, teoriatik praktikara pasatzeko beharra ikusi zuten. "Alegia, hitz egiten genuen hori guztia martxan jarri behar genuela", dio Sustaetak. Filmaren ideia taldeko lau buruen artean "astindu" zuten, eta bakoitzak ardura bati heldu dio: Netzer Bereziartuak gidoia sakondu du; Karlos Ibarbiak audioa landu du; Oihan Amezua kamera eta irudi lanetan murgildu da; eta edizioa nahiz muntaketa Sustaetaren esku geratu da.
Gaurko estreinaldiarekin batera, egileek Gernikako Zinema Bilerara eta Eibarko Asier Errasti Film Laburren Lehiaketara aurkeztu dute ekoizpena.