Ibarretxe, nostalgiarik gabe

Uztarria.eus 2013ko mar. 14a, 12:12

Herenegun izan zen Jaurlaritzako lehendakari ohia, 'Aho bizarrik gabe' ekimenaren baitan, Sanagustin kulturgunean. Oihana Elduaien 'Berria'-ko kazetariarekin aritu zen solasean. 140 lagun bildu ziren.  

Luze eta zabal aritu zen Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia herenegun, asteartea, Sanagustin kulturgunean. Aho bizarrik gabe ekimeneko bigarren gonbidatua izan zen, eta Oihana Elduaien Berria-ko kazetariarekin solasean aritu zen kulturguneko eszenatokian, otsailaren 19an Martxelo Otamendi eseri zen eserleku berean tokia hartuta.

Luze eta zabal aritu zen Ibarretxe. Irribarretsu, trajerik eta korbatarik gabe, lasai eta eroso ikusten zen, saioaren aurretik, saioan zehar eta ondoren. Aspaldiko zenbait lagun eta ezagun agurtzeko aukera ere izan zuen EAJko alderdikideak, eta euskara irakasle izan zuen Ana Bastida urrestildarra ere bai, besteak beste.

Hizketaldian, hain modan dauden 'marra gorri' horietako batzuk ezarri zituen. Kasu honetan, marra gorriak pertsonalak ziren, bere buruari ezarritakoak. 1999tik 2009ra EAEko lehendakari izan zenak kargu hura utzi zuenetik gaur arte igaro diren lau urteetan elkarrizketarik ez duela eman gogoratu zion Oihana Elduaieni. Eta, gai jakin batzuk alde batera utzita, ardura politikoetan murgilduta ibili zen garaiko kontuetan sakontzeko asmo handirik ez zuela argi utzi zuen.

Unibertsitatean ari da Ibarretxe, Laudio eta AEBen artean joan-etorrian, eta Agirre Lehendakaria Center-eko zuzendaria da. Atzera gehiegi begiratzea ez du gustuko; nostalgia ez du atsegin, eta beti atzera begira zein beti geroak zer ekarriko bizitzea nostalgian murgiltzea dela deritzo. "Beti aurrera egin" behar dela esan zuen, hori bai, behin baino gehiagotan.

Bere egungo jardunean lantzen ari den giza-garapen iraunkorraren kontzeptua ahotan ibili zuen sarri. Bizi dugun krisia ekonomikoa baino baloreen krisia dela uste du Juan Jose Ibarretxek. Edozein herri proiektuk ez duela etorkizunik, identitatean oinarritzen ez bada. Eta "Euskadiren edo Euskal Herriaren" etorkizuna "geure esku" dagoela.

Esanak

Bizimodu aldaketaz: "Azken lau urteotan ez dut elkarrizketarik eman, pentsatzen dudalako, bizitzan zarata egin barik sartu behar dela eta baita irten ere. Lehenkaritza utzi eta gero, bizitza berrira moldatzeko zenbat denbora beharko nuen galdetu zidan kazetari batek. Nik, Gasteiztik Laudiora autoz joaten tardatzen dena beharko nuela erantzun nion, eta hala izan zen".

Politikaz: "Euskadin Euskadiri buruz asko hitz egiten dugu eta kanpoan gutxi". "Geure herria, geure hizkuntza, kultura munduko plazan kokatzea da nire lana, baina kasu honetan agenda akademikoan ipiniz. Bizitzan dena da politika egitea, politika egunero egiten dugu".

Giza-garapen iraunkorraz, identitateaz...: "Munduan norberaren identitatean sakontzea ez dago lotuta bakarrik nazio baten ideiarekin, ekonomiarekin eta giza garapen iraunkorrarekin ere lotuta dago. Identitatea defendatzea ez da iragana defendatzea, etorkizuna defendatzea da; ez da bakarrik gauza politiko bat defendatzea, enplegua, aktibitatea defendatzea da. Norbere identitatea ukatzea txarrerako da". "Euskal kasuan identitatea, nazio baten ideia hori, giza garapen iraunkorraren atzean dagoen gauza bat dela ikusten da".

Globalaz eta lokalaz: "Kulturari dagokionez eztabaida faltsua dugu eta nik uste dut desmitifikatu egin behar dugula eztabaida hori. Guk aportatzen ez badugu geurea, propioa eta desberdina, kultura unibertsala ez litzateke aberasgarriagoa izango, pobreagoa baizik. Globalizazio proiektu injustu honen atzean identitatea eta kulturak suntsitzea dago, merkatu bat eta bakarra eraikitzeko". "Guk gure identitatean sakontzen ez badugu, politika eta ekonomia arloan jai dugu. Proiektu ekonomiko eta sozial baten atzean dagoena ez da identitatea ahaztea, baizik eta identitatean sakontzea". "Krisi ekonomikoa ez da globala, baloreen krisia da globala dena". "Arazoa ez da hazkunde ekonomikoa, banaketa da arazoa. Arazo hori gainera ez da XXI. mendekoa, XX.ean, XIX.ean edo Erdi Aroan ere gauza bera gertatzen zen". "Europan bereziki zein da gure arazoa? Lehenengo aldiz ez gaudela banaketan". "Orainarte erabakiak beti agenda ekonomikoa kontutan hartu ditugu. Orain, beste agendak txertatu behar ditugu, agenda ekonomikoaz gainera, sozio-kulturala eta ingurumenekoa. Hiru agenda horiek integratzean dago gakoa. Horretarako bidea ezagutza da".

Ibarretxe Planaz: "Izen hori Espainiako medioek jarri zioten, gutxiesteko eta pertsonalizatzeko. Proiektu honen atzean gehiengo absolutua zegoela ez ikusteko jarri zioten izena. Estatutu berria onartuta dago legebiltzarrean. Euskadin baietz esan genion, baina Espainian ezetz". "Madrilen ez nintzen bakarrik sentitu. Oso maitatua sentitu nintzen, euskaldun askoren babesa nuelako". "Gaur egun gauzak egiteko dauden oinarriak ikaragarriak dira, bake prozesua, lasaitasuna, gauzak erabakitzeko eskubidea...". "Ni baikorra naiz, eta guregan konfidantza gehiago eduki behar dugunaren ustekoa". "Ez dago konstituziorik, ez legerik, hemen geure artean geuk nahi duguna egitea oztopatzeko. Beraz, aitzakiarik ez, guk gehiengo sendo bat edukitzen badugu, egingo dugulako".

Independentziaz eta dependentziaz: "Nire nahia da beste herri bat izatea Europan. Momentu honetan arazoa ez da independentea ez izatea, dependentea izatea da arazoa. Herri batentzat gauzarik okerrena dependentea izatea da. Europako Batasuna independentziak partekatzea da, eta nik Europako Batasunean nire subiranotasuna konpartitu nahi dut beste herriekin. Europako Batasunaren dependente izan nahi dut, baina beste herriek baino dependentzia handiagoa ez dut izan nahi".

Ustelkeriaz: "Nik uste dut oso urgentea dela politikoek herritarren konfidantza errekuperatzea, eta bide horretan ikusten dudan modu bakarra formakuntza da. Oso garrantzitsua da ezagutza izan eta pertsona kritikoak izatea, horiekin urruntzen baitira korrupzio politikoak, ekonomikoak eta demokratikoak".

Euskaraz: "Nik maite dut euskara, eta maitasuna bizitzan edozer gauza lortzeko benetan inportantea da. Nire esperientzia ikaragarria izan da: alaba nagusiak 27 urte ditu orain, berak 19 urte izan arte dena erdaraz egiten genuen. Baina, azken zortzi urteotan gure bizitza euskaraz egiten dugu. Seguraski euskararen proiektua nire bizitzan inportanteena izan da eta zorte ona izan dut, hemengo bat irakasle izan dut: Ana Bastida, Urrestillakoa, itzal handiko emakumea". "Kargu publiko bat hartu nuen eta ezinbestekoa nuen herri honen hizkuntza menperatzea. Arazoa ez da eleaniztasuna, arazoa elebakarra izatea da. Hizkuntza bakarra hitz egiten baduzu, oso zaila egiten da besteen kultura onartzea. Nik hala esaten diet amerikarrei".

Solasaldiko zikloaren antolatzaileak: Azpeitiko Kultur Mahaia, Sanagustin kulturgunea, Uztarria Komunikazio Taldea, Erlo Telebista eta Hitza.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide