Festa giroan ospatuko dute Orkatzen 20. urteurrena, asteburuan

Uztarria.eus 2013ko eka. 11a, 16:56

Orkatzeko kideak gaur egin duten agerraldian.

Ostiraletik igandera bitartean hainbat ekimen izango da urteurrenaren bueltan. Dena den, festa girotik harago doazen kezkak badituzte egunotan elkartean. Izan ere, urriaren 17an hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean herriko tabernen auzia. Euskal Herriko beste hainbat elkarterekin batera, Orkatz Kultur Elkartea ere auziaren barruan dago.

Duela hogei urte sanjoanetan ireki zituen ateak Orkatz Kultur Elkarteak, eta harrezkero egin du euririk. "Hogei urteotan parranda, kontzertu, algara, negar, maitasun istorio eta bestelakoen testigu izan da Orkatz", azaldu dute gaurko, asteartea, agerraldian Orkatzeko kideek. "Atzean gelditu dira bestelako herri bat amesten genuen herritarrontzako elkargunea sortu eta Azpeitian kultur elkarte bat sortzeko beharra. Ideiek eta ametsek, onenak izanda ere, egi bihurtzeko etengabeko lana eskatzen baitute".

Ehunka ekimen antolatu ditu Orkatz Kultur Elkarteak urteotan, eta elkarteko kideen arabera, "Azpeitiak urte hauetan guztietan izan duen eraldaketa prozesuaren zati izan da. Gaurko Azpeitia ez baita orain hogei urtekoa. Gaztetxe bat itxi eta beste bat ireki da, Basozabalen Kultur Etxea eta Soreasun Kafe Antzokia aldarrikatu, eta Sanagustin kulturgunea egin da, kultur taldeen koordinazioa garrantzitsua dela ikusi eta uztarri beretik tiraka Kultur Mahaia sortu da... Bidai horretan Orkatz Kultur Elkartea, herriko beste hainbat eragilerekin batera, bidaide izan da".

Hogeigarren urteurrenaren karietara ostiraletik igandera bitartean festa giroa izango da nagusi Orkatzen, eta elkarteko kideek herritar oro gonbidatu dute ekimenetan parte hartzera: "Inoiz Orkatzen ibili edo egon zaretenok bizitakoa gogoratzeko eta oraindik izan ez zaretenok ezagutzeko aukera izango duzue".

Festa bai, kezka ere bai

Asteburuan Orkatzen 20. urteurrena ospatuko badute ere, festa girotik harago doazen kezkak badituzte egunotan elkartean. Izan ere, urriaren 17an hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean herriko tabernen auzia. Euskal Herriko beste hainbat elkarterekin batera, Orkatz Kultur Elkartea ere auziaren barruan dago.

Orkatzeko kideek salatu dutenez, "Azpeitian eta Euskal Herrian aldaketaren beldur izan direnen begi-puntuan egon da elkartea. Orain hamar urtetik, 2003tik, enbargu prebentiboan daude lokalak eta kontuak blokeatuta dituzte elkarteek. Prozesu judizial honek milaka euroko gastuak  eragin eta ixteko mehatxua egiteaz gain, proiektuaren garapena oztopatu du. Mehatxu eta eraso horiek, ordea, ezin gaituzte gelditu".

"Duela hamar urte, ixteko mehatxuarekin hasi zirenean, Orkatz berritu genuen aldi berri bat ireki eta gure ekimena indarberritzeko. Orain berriz datoz epaiketa eta mehatxuekin, eta ahalegin berri bat egin behar dugu. Urte haietan egindakoa hobeto behar dugu, egungo egoerara egokituta".

2006ko urriaren 25ean Ertzaintza Orkatzera sartu zen ondasunen inbentarioa egitera. Hemen orduko bideoak.

2007ko abenduan herriko tabernak ez bahitzea erabaki zuen Auzitegi Gorenak, "juridikoki ezin zelako frogatu Batasunarenak zirenik".

Hemen Orkatzen 20. urteurreneko egitaraua osorik:

Ekainak 14, ostirala:

22:30ean bertso saioa. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jokin Uranga eta Haritz Etxeberria Ministro ariko dira kantuan.

Ekainak 15, zapatua:

10:00etan sega apustua.

11:30ean batzarra, Sindikatu Zaharrean.

13:00etan trikitilariekin hamaiketakoa Orkatzen. 

14:30ean bazkaria, Sanagustin kulturgunean.

Bazkalondoren, Amamantzako guapuek taldearen emanaldia.

22:00etan, Egurra ta kitto! eta Belar Txarrak taldeen kontzertuak.

Ekainak 16, igandea:

12:00etan Porrotxekin kalejira, Orkatz tabernatik abiatuta.

---

Orkatz Kultur Elkartea. Sorrera: 1993. / Kultur elkarteak Azpeitian duen tabernan kultur ekitaldi batzuk egiten ditu urtean zehar: Ikiaaaarriya bertso saioa, Orkatz eguna, euskal presoen aldeko argazki erakusketa, kontzertuak, poesia… / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide