Ekoizleak eta sukaldariak, bat eginda

Uztarria.eus 2013ko ira. 13a, 13:39

Urkomeko eta Iraurgi Berritzeko zein herriko hainbat jatetxetako sukaldariak, ekimenaren aurkezpenean.

Azoka Herritiken karietara, Bertakoa erosi, prestatu, dastatu... Gozatu! ekimena antolatu dute. Datorren asteburutik aurrera, eskualdeko ekoizleek eta sukaldariek elkarlanean, eskaintza berezia egingo dute hainbat jatetxetan.

Azoka Herritiken karietara, Bertakoa erosi, prestatu, dastatu... Gozatu! ekimena antolatu dute, Urkome Urola Kostako Landa Garapen Elkarteak eta Iraurgi Berritzen Urola Erdiko Garapen Ekonomiko eta Berrikuntzarako erakundeak, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean. Hori dela-eta, eskualdeko ekoizleak eta sei jatetxetako sukaldari profesionalak jarri dituzte harremanetan.

Manuel Labaka Urkomeko presidenteak azaldu duenez, "ekimen honekin gure produktuak kontsumitzea sustatzeko elkarlana bultzatu nahi izan dugu". Ildo beretik mintzatu da Iraurgi Berritzeneko lehendakari eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria: "Azokaren balorazio oso positiboa egiten dugu Azoka Herritiken ideia herritik sortutakoa delako, eta halako ekimenekin lortzen delako gauzak aldatzea. Gainera, bizi dugun egoera ekonomikoan oso positiboa da horrelako ekimenak egitea. Horrez gain, Euskal Herrian sukaldariak ikur dira, eta Azpeitiko sukaldaritza goi mailakoa da".

Larrañaga, Jai Alai, Sagasti Zahar, Mikel Uria eta Kiruri jatetxeak zein Sanagustin kulturguneak bertako produktuez osatutako plateren errezetak prestatu dituzte, eta Azoka Herritik egingo den asteburuan hasi eta urriko lehen asteburua bitartean eskaintza berezia eskainiko dute. Plater horiek prestatzeko hainbat ekoizleren produktuak erabiliko dituzte, eta hauek izango dira baserritarren azokan parte hartuko dutenak: Txarabarren (Urrestilla), Enparan-Gain (Azpeitia), Etxearreta (Loiola), Zumeta (Azkoitia), Ondarre (Errezil), Arriagain (Azpeitia), Txanton (Azpeitia), Santakutz (Azkoitia), Errezilgo Azoka (Errezil), Urkizu (Zestoa), Baserritik.com (Baserritarren Elkartea), Urkizahar (Beizama), Ekain (Zestoa), Añota (Azpeitia), Atxumarri (Azpeitia), Izarraitz gazta (Azpeitia), Xoxote gazta (Azpeitia), Elosiaga E.Z. (Azpeitia), Beizama gazta (Beizama), Premietxeberri (Azpeitia), Añoi (Errezil), Basatxerri (Zestoa), Urkaiko (Zestoa), Agite (Azpeitia), Kortatxo (Azkoitia), Salanort (Getaria) eta Solaka (Errezil).

Ekimenaren berri ematen duen eskuorria kaleratu dute dagoeneko, eta bertan jatetxe bakoitzak proposatzen dituen errezeten eta eskeintzen informazioa dago eskuragarri. Antolatzaileek azaldu dutenez, "epe motzera begira eta azokaren bueltan, herritar nahiz bisitariek errezeta eskuan hartu eta azoka hasten den ostiralean zein larunbat goizean azokan bertan erosketak egin eta jaki horiek prestatzea da helburuetako bat". Horrez gain, herritarrek eta bisitariek "plater horiek bere sorlekuan, jatetxean, dastatzea" ere lortu nahi dute. Epe ertain eta luzeari dagokionez, berriz, "bertako produktuen kontsumoa bultzatu eta jendeak errezeta horiek praktikan jartzea" lortu nahi dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide