26/11 sumarioan, 36 gazte -eta agertu ez ziren laurak: Goizane Pinedo, Unai Ruiz, Irati Mujika eta Idoya Iragorri- epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean, Segiko kide izatea egotzita, eta azken saioetan da epaiketa. Fiskalak hartu du gaur hitza eta epaitzen ari diren hogei gazteren ondorioak irakurrita bukatu da gaurko saioa.
Fiskalak irakurri dituen ondorien artean daude Olatz Izagirreri buruzkoak. Azpeitiko bizilaguna Segiren prentsa arduraduna eta Gipuzkoako arduraduna zela esan du fiskalak, Guardia Zibilaren ikerketak, miaketetako materiala eta beste auzipetuek berari buruz esandakoak oinarri hartuta. Beste hamasei auzipeturi buruzko ondorioak bihar irakurriko ditu, 10:30ean hasita. Ondoren, defentsako abokatuen txanda izango da.
Gaurko saioan, banan banako ondorioak irakurri aurretik, fiskalak onartu du inkomunikazio aldiko deklarazioak ez direla "eraginkorrak" izan eta ezin direla bere horretan frogatzat hartu. Hori horrela, beste elementu batzuekin saiatu da karguak frogatzen; ikerketako txostenekin eta miaketetan aurkitakoekin, esaterako.
2009ko azaroa polizia operazio zabala egin zuten Euskal Herrian. Segi gazte erakundearekin lotura zutelakoan 36 gazte atxilotu zituzten Gipuzkoan, Araban, Bizkaian, Nafarroan eta Lapurdin. Azpeitian ere izan zen Guardia Zibila, azaroaren 23ko gauean. Herrian bizi zen Urnietako Olatz Izagirreren etxean izan zen, haren bila joanda, baina ez zuten bertan aurkitu. Hala ere etxea miatzen jardun zuen Guardia Zibilak.
Orduko polizia operazioaz geroztik, Donibane-Lohitzunen bizi zen Olatz Izagirre iheslari politiko gisa, eta 2010eko maiatzaren 6an atxilotu zuen Frantziako poliziak Ziburun. Berarekin batera, Asier Coloma, Gaizka Likona eta Carlos Renedo atxilotu zituzten.
2010eko ekainaren 15ean Izagirreren kontrako euroagindua onartu zuen Paueko auzitegiak, eta orduan Avilako (Espainia) Brieva espetxean sartu zuten preso. 2011ko urriaren 8an utzi zuten baldintzapean aske, 12.000 euroko fidantza ordainduta.
2009an abiatutako hausnarketaren ondoren, iazko ekainean egin zuen publiko Segik bere burua desegiteko erabakia. "Tresna gisa agortuta" zegoela azaldu zuen, eta gazte mugimenduan antolatzera deitu.
Iazko urriaren 14an hasi zen epaiketa; 2009ko sarekadan atxilotutakoak seina urteko espetxera zigortzeko eskatu du fiskalak, 2007an Segi "erakunde terrorista" izendatu zutela etal. Epaiketaren lehen saioan, militantzia politikoa aldarrikatu, eta torturak salatu zituzten auzipetuek.
Iragan larunbatean agerraldi bat egin zuten gazteek, eta jakinarazi hainbat pertsona ezagunek irakurriko dutela alegatua. Ostiralean egingo duten ekitaldi batean irakurriko dute alegatu hori, besteak beste, Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak, Txema Montero abokatuak, Toti Martinez de Lezea idazleak, Xabier eta Miren Amuriza bertsolariek, Jose Luis Korta arraunlariak eta Alex Txikon mendizaleak.