Gerra Zibilaren eta oroimen historikoaren astea izango da, astelehenetik ostiralera

Uztarria.eus 2014ko mai. 9a, 15:30

Hitzaldiak eta erakusketak izango dira herrian, Azpeitiko Udalaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arteko elkarlanari esker.

Datorren astean, maiatzaren 12tik 16ra, Gerra Zibila eta oroimen historikoari buruzko hitzaldiak eta erakusketak izango dira herriko hainbat tokitan, Azpeitiko Udalaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arteko elkarlanari esker.

Maiatzaren 12an, astelehena, Paco Etxeberria Euskal Herriko Unibertsitateko Lege Medikuntzako irakasle eta Aranzadiko Antropologia Fisikoaren saileko zuzendariak, "biktima eta senideen sufrimendua" izango du hizpide, Hilotzak hobietatik ateratzen. Duintasunak berreskuratzen hitzaldian. Sanagustin kulturgunean izango da, 19:00etan hasita. Gainera, izen bereko erakusketa izango da ikusgai kulturguneko hormetan, astelehenetik ostiralera. 

Asteazkenean, maiatzaren 14an, Lourdes Herrasti Aranzadiko historialariak eta antropologoak, Emakumean Gerra Zibilean eta errepresio frankistaren garaian izeneko hitzaldia eskainiko du Emakumeen Txokoan. Bertan, "emakumea gatazka hartan ahaztutako biktima nagusia zela" azpimarratuko du Herrastik.

Maiatzaren 15an, arratsaldeko 19:00etan, Mikel Aizpuru historialariak, Errepublika eta Gerra Zibila Azpeitian lelopean, hitzaldia eta proiekzioa eskeiniko ditu Sanagustin kulturgunean. 

Oroimenaren bulegoa

1936-1945 urteetan errepresioa jasan zuten pertsonei edo senideei buruzko datuak bilduko ditu Aranzadik Azpeitian zabalduko duen bulegoan. Ekainean irekiko ditu ateak Enparan Dorretxean eta asteazkenetan eta ostegunetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik informazioa eman edo jaso nahi duten herritarrentzat. Bertaratzerik ez dutenek 699 809 130 telefonora deituta edo www.aranzadi-zientziak.org webgunean izango dute elkartekoekin harremanetan jartzeko aukera. Aranzadikoek azaldu dutenez, urte guztian jasoko dute dokumentazioa.

Uztarriak maiatzeko aldizkarian, oroimen historikoari buruzko erreportajea kaleratu du.  

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide