Azpeitiko errealitate ekonomikoa, soziala eta politikoa aztertu eta kontrastatzeko jardunaldiak antolatu ditu EAJk

Uztarria.eus 2014ko eka. 10a, 13:15

"Kudeaketa eraginkor batean oinarrituta, azpeitiarentzat alternatiba ireki, parte-hartzaile eta integratzailea taxutu ahal izateko" jardunaldiak antolatu ditu Azpeitiko EAJk, Azpeitia prest ekimenaren baitan. 

"Kudeaketa eraginkor batean oinarrituta, azpeitiarentzat alternatiba ireki, parte-hartzaile eta integratzailea taxutu ahal izateko" jardunaldiak antolatu ditu Azpeitiko EAJk, Azpeitia prest ekimenaren baitan. Modu horretan, datozen egun eta asteetan "gizarte eta ekonomia arloko eragile eta herritar desberdinekin Azpeitiaren gaur egungo errealitatea aztertu eta landuko dugu, gure herriaren ergoeraren erradiografia zehatz eta zorrotza izateko".

Lehenengo jardunaldia bihar, asteazkena, izango da eta Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria eta pasa den legegintzaldian Gipuzkoako Foru Aldundiko Partaidetzako zuzendari izan zen Imanol Lasa ariko dira hizketan, 19:00etatik aurrera, Batzokian. Gobernu Onaren inguruan ariko dira, "Azpeitiak elkarrizketan eta akordioan oinarritutako kultura politikoa behar duelako".

Aitor Gorrotxategi EAJren udal bozeramaileak azaldu duenez, "benetako parte-hartzea bultzatu beharraz erabat konbentzituta nago, herritar oro konprometituz eta kudeaketa publikoa zein lidergo partekatua bultzatuz gaur egungo arazoak gainditzeko eta ilusioa sortzeko". Gorrotxategik esan duenez, "Gardentasunaren, kudeaketa eraginkorraren eta administrazio desberdinen arteko elkarlanaren aldeko apustua egiten dugu, eta jarrera eraikitzaile baten alde ere bai, kudeaketa publikoan portaera etikoa bermatzeaz gain".

Jardunaldi gehiago

Bigarren jardunaldia uztailean izango da, eta gizarte politiken eta horien iraunkortasunaren eta jasangarritasunaren inguruan eztabaidatuko dute Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente ordearen eta Maite Peña Errenteriako bozeramaile jeltzalearen laguntzarekin.

Gorrotxategik "ezinbestekotzat" jo du arlo publiko eta pribatuaren arteko lankidetza, sistemaren etorkizuna bermatu ahal izateko. Era berean, Gipuzkoan arreta erresidentzialaren arloan dagoen "ekimen sozial handia aprobetxatzearen alde" agertu da, "biztanleriaren pixkanakako zahartzeak sortzen dituen erronkei aurre egiteko".

Gorrotxategik aurreratu du lanean ari direla Arantza Tapia Azpeitian izan dadin. "Eusko Jaurlaritza bideratzen ari den ekimen-lerro desberdinen berri izan eta horiek aztertzea nahi dugu, industriari eta merkataritzari laguntzeko ekimen zehatzen bidez ekonomiaren sustapenean modu eraginkorrean eragin ahal izateko", gaineratu du.

Azpeitian lan-talde bat eratuko dutela adierazi du: "Azpeitiak dituen erronkak aztertzeko, eta bertan ateratako ondorioak datozen hilabeteetan kontrastatuko ditu gizarteko eragile eta sektore desberdinekin, eta ahalik eta azpeitiar gehienekin".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide