Kanpoan, lanean, izango zelakoan deitu, eta Azpeitian zen Mikel Aiestaran. Izan ere, "salbuespenezko" urtea izan den honetan ez da erraza beasaindarra Azpeitian harrapatzea. Zenbatu ez badu ere, emazteak esanda daki 2014ko abuztua bitartean bost aste soilik egin dituela Azpeitian, etxean. Etxean edo, berak dioenez ez baita egin herrira: "Beti izango naiz hemen kanpotarra, baina berdin zait, toki guztietan sentitzen naiz-eta hala".
Nola hasi zenuen 'freelance' ibilbidea?
Duela zortzi urte hasi nintzen, Libanoko gerran. Orduan, El Diario Vasco egunkarian egiten nuen lan, eta utzi egin nuen. Gerra edo gatazka kazetaritza probatu eta ezagutu nahi nuen, eta poliki-poliki hasi nintzen. Beste kontu bategatik Libanon nengoela gerra hasi zen. Orduan hasi nintzen komunikabideekin harremanetan. Berria nintzen, ez nuen izenik, baina telebistak eta egunkariek aukera eman zidaten. Libanoko gerra bukatu zenean Iranera joan nintzen. Lau urtean, Iran, Irak, Afganistan eta Pakistan ezagutu nituen. Gero, iraultza arabiarrak iritsi ziren, eta horrek katigatu ninduen. Handik aurrera, Tunisian, Egipton, Sirian eta Libian izan nintzen. Berriemailerik ez zegoen tokietara joaten nintzen, beti ere, Ekialde Hurbileko gatazketan espezializatu nahian. Dena den, zortzi urte pasatu dira, eta oraindik ez dut behar bezala menperatzen gatazka. Oso-oso zaila da ulertzeko zein jarraipena emateko, eta hango hizkuntzak ere ez ditut hitz egiten. Hori bai, sortzen denari begira bizi naiz.
Hemen zaudenean ere hara begira, beraz.
Hemen nagoenean ez dut ez egunkaria irakurtzen, ez irratia entzuten eta ez telebista ikusten. Lanarekin guztiz deskonektatzen dut. Kirolak irakurtzen ditut, zerbait irakurtzekotan. Twitter da utzi ezin dudan gauza bakarra. Informazio iturri eta galbahe garrantzitsua da. Jarraitzen ditut kazetari eta komunikabide batzuk, eta egunero irakurtzen ditut. Behar dut hori. Egunero ordubete hartzen dut txiokatzeko, lehen bloga idazteko hartzen nuen moduan. Lanerako oso tresna ona da. Hala eta guztiz, zerbait potoloa gertatzen denean joan egin behar izaten dut. Urduri jartzen naiz lana egiten dudan zonaldean jazo bada gertaera.
Hegazkina hartu eta...
Hasieran egonaldi luzeak egiten nituen. Afganistanera joan eta bi hilabete pasatzen nituen; istorioak saltzen, ia zer sortuko. Gutxi saltzen nuen, baina esperientzia ikaragarria zen eta inbertsioa ere bai. Gaur ez badago bero toki hori, bihar egongo da. Lekuak berehala berotzen dira. Orain, bidaiak oso kirurgikoak dira. Lan jakin bat egitera joaten naiz, aurrez dena itxita. Jakineko tokietara, pil-pilean daudenean. Jakin behar da nola mugitu fitxak. Abenturara ere joan izan naiz, eta politenak horiek dira, baina oraingo bidaiek gutxi izaten dute abenturatik. Hegazkinean sartu orduko dator aldaketa. Beste Mikel bat da hangoa.
Arriskatu ezin?
Diru gehiago irabaziko nuke Donostian, horrela ibilita baino. Ziklikoa da. Tokatzen dira urte oso onak, oso txarrak, hilabete onak edo eskasak. Gustuko lana da, eta ez dut aldatzeko asmorik.
Ez zinateke arituko beste kazetaritza mota batean?
Orain ez, baina nork daki. Egunen batean Realaren berri emango dut edo Uztarrian idatziko dut. Kazetari izan aurretik Volkswagenen egin nuen lan eta tabernetan ere aritutakoa naiz. Denetik egin dut. Segituan alde egin nuen etxetik, eta dirua behar nuen. Kazetaritzan lehen aldiz Ceutako El Faro egunkarian aritu nintzen. Musulmanekin aurreneko harremana han izan nuen, eta izugarrizko esperientzia izan zen. Hiri txikia da, baina denetik zegoen han: arrazakeria, erlijio eta kultura aldaketak, kirolak, Espainiako puntu 'fatxena' zen... Gero, El Correo-n eta El Diario Vasco-n aritu nintzen lanean. Lana da hau, eta ez hobby-a. Asko gustatzen zait, baina beste guztiek bezala, nik ere, fakturak ordaindu behar ditut. Autonomoa naiz. Gustukoa dut, eta hori da desberdintasuna. Hala ere, bihar beste zerbaitetan aritu behar badut, ez daukat arazorik. Dena den, oso zaila da kazetaritzatik bizitzea.
Krisia nabaritu duzue, orduan?
Asko. Beste edozein kazetaritza bezalakoa da gurea. Aurrekontuak murriztu dira, eta dirua beheraka doan heinean jarraipenak txikiagoak dira. Zoazen tokian diru gutxiago duzu gastatzeko, eta itzultzailea-eta behar dituzu lanerako. Gure produktua merketu egin da, eta 2006an baino askoz ere gutxiago kobratzen dut orain. Ez da normala, lana antzera eginda, esperientzia gehiago eta beste estatus bat ditudalako. Baina gure lanbidean esperientzia gehiago izanda, gutxiago kobratzen da, antza. Kuriosoa da: gutxiago irabazten duzu, baina lan aukera gehiago sortzen zaizkizu ibilbidea duzulako. Dena den, lan egiten dudan komunikabideekin oso gustura nago. Ez dut arazorik izan ez diru aldetik, ez tratu aldetik. Arazoa da inork ez duela nahi joan toki batzuetara, eta konpetentzia handia dagoela besteetan. Jendeak uste du behin joan eta nahikoa dela, baina eguneroko bizimodua zaila da. Goian zaudenean oso ondo, baina zailena da hor mantentzea.
Komunikabide askorentzat egiten duzu lan, eta ildo editorial desberdinak dituzte. Nola moldatzen zara?
Ildoa gehien nabaritzen da politika edo nazio gaietan. Nik jorratzen ditudan gaiekin ez da inor sartzen, eta inork ez du hitz egiten Irango politikari buruz. Israelez eta Palestinaz, igoal, hitz egin da, eta presio handiagoa dago, baina arazorik ez dut izan orain arte. Iritziak eta kronikak bidalitako moduan kaleratzen dituzte, eta nire esperientzia errespetatzen dute. Egia da, ez dutela zerikusirik Vocento taldeak edo EITBk, baina libre utzi izan naute beti.
Batez ere, Palestinan eta Ukrainan izan zara azken boladan.
Jarraipen luzeenak bi toki horietan egin ditut. Ukraina ez nuen ezagutzen, baina ikasten duzu, irakurtzen duzu, kontaktuak egiten dituzu... Gerra guztietan eman beharreko pausoak berdinak dira: eraso bat dago, haren berri eman behar duzu, erasoaren ondorioak ezagutu behar dituzu, ospitaletara eta gorputegietara zoaz... Lan egiteko sistema barneratuta daukat, baina Ukraina eta Krimea ezagutzea ikaragarria izan da. Erraza izan da han lan egitea. Beti izan dut Sobietar Batasunarekin fijazioa. 18 urterekin pasaportea atera eta Errusiara joan nintzen. Berezia izan da han lan egitea eta Bigarren Mundu Gerra bizirik dagoela ikustea. Berpiztu egin da gatazka. Bestalde, Gaza ezagutzen nuen. 2004tik ari naiz ia urtero hara bidaiatzen. Hango hirugarren gerra izan da niretzat, eta orain arteko gogorrena. Pasatu egin dira. Israeldarrak oso onak dira gerran; okupazioa, gerra eta bonbardaketa primeran egiten dituzte. Ez da indiskriminatua izan, bazekiten non eta nor jo. Beldurra pasatu dut, handia. Aurten Iraken ere izan naiz, sunita eta xiiten arteko gatazka hor dago, eta ia zer gertatzen den. Lehen urtean lautan joaten nintzen Afganistanera; orain, Pakistanen antzera, Afganistanek ez du tokirik komunikabideetan. Modak azkar aldatzen dira.
Nola edo hala, hango errealitatea hemen ulertarazi behar.
Ezin da, eta jendeari ez zaio interesatzen. Hemengo inor ez zaizu etortzen hango kontuez galdezka. Hemen nahikoa arazo dago, parke estalian sunita eta xiiten arteko gatazkaz hitz egiten hasteko. Pena ere ematen dit, hemen nazioarteko politika interesatzen da eta. Gauza asko ulertzeko balio dute gatazkek.
Zein izan da berri eman duzun gatazka gogorrena?
Beldur handia pasatu nuen Sirian eta Iraken. Gerra sektarioa tartean denean zaila da lan egitea. Gaza bera ere... han ez dago ezer zure esku. Zain zaude, eta bitartean ari dira lehergailuak jaurtitzen zerutik nahiz itsasotik. Gazan egunero ikusten nituen lehergailuak hoteletik. Inguruan ere erori zaizkit koheteak. Zaratak ere bereizten nituen jada: kohete luzeak, laburrak, etxean egindakoak... Gatazka guztiak dira gogorrak, baina asko eragiten du egoera pertsonalak. Nola zauden animoz eta indarrez. Beldurra denean pasatu dut, eta sanoa da beldurtzea eta hori dominatzea.
Bi alde dituzte gatazkek. Zeintzuk dira gatazketan zure informazio iturriak?
Oso garrantzitsua da bi aldeak ez nahastea. Gazara banoa Hamasekin nago. Gaur Afganistan hegoaldera NATOrekin banoa, bihar ez naiz matxinoekin joango. Posible da, baina ez dugu egiten, segurtasunagatik. Nik erabakitzen dut norekin egon. Ez da berdina gerraren berri Gazatik edo Israeldik ematea. Bi gerra dira. Hasieran nahasten nituen, dena parekatu eta erakutsi nahi nuelako. Ukrainan, adibidez, posible zen bi aldeekin egotea, eta hori polita da. Sirian-eta ezinezkoa da. Edo nik ezin dut, behintzat. Iturriei dagokienez, inportantea da jendearekin egotea. Twitter ere informazio iturri ona da, eta bertako kazetariak ere bai. Baina, taldeak sortzea oinarrizkoa da; itzultzaile eta gidari on bat lortzea. Ateak irekitzen dizkizute. Hala ere, aldea dago gatazkatik gatazkara.
Nola hartzen zaituzte bertakoek zoazen herrialdeetan?
2003tik, geroz eta okerrago. AEBek Irak inbaditu zutenetik egoerak okerrera egin du. Gorrotoa handitzen ari da, eta mendebaldearen irudia gero eta txarragoa da haientzat. Gainera, erlijioak izugarrizko eragina du. Aurreraka joan beharrean, atzeraka doaz, eta erlijioak modu masiboan egin du gora. Erlijiosoa izan zaitezke, baina hain era masiboan... Pena da. Muturreko taldeentzat sinesgabeak gara, eta guganako gorrotoa handitzen ari da. Distantzia gero eta handiagoa da. Ari gara ordaintzen inbasioaren eta terrorismoaren kontrako gerraren ondorioak, eta luzaro ordainduko ditugu.
Egia osoa konta daiteke?
Ez da nire helburua. Ez dakit zer den egia. Ikusten dudana kontatzea dut xede. Saiatzen naiz errealitatea erakusten, une horretan ikusten dudana, baina hori aldatzen doa. Adibidez, zinezalea banaiz, kritikak irakurtzea gustatzen bazait eta hamar urtez kritiko beraren artikuluak irakurtzen baditut, bere egia izango da, baina hari sinesten diot. Orduan, ikusten badut kazetari bat hamar urtean Ekialde Hurbilean lanean, eta jarraitzen badut haren jarduna, nahiz eta bere iritziarekin bat ez egin, sinesgarritasun puntu bat badu. Sinesgarritasuna oinarrizkoa da gure lanean. Hori bai, sinesgarritasuna lortzeko behar dituzu hamar edo hogei urte, eta segundo batean gal dezakezu. Nire apustua hori da, sinesgarritasuna izatea.
Gainerako ‘freelance’ kazetariekin zer harreman duzu?
Oso ona. Ez naiz tipo arraro bat. Asko ekarri ditut bisitan, eta gu ere joan gara beraiek bisitatzera. Harreman estua sortzen da, eta mundu osoan ditut lagunak. Lanean, ordea, bakarrik aritzen naiz, horrela ohitu naizelako.
Nola zehazten duzu urteko agenda?
Ez daukat agendarik. Ez dakit bihar zer egingo dudan ere. Garrantzitsuena da jakitea, egunero, 17:00etan Turkish Airlinesen hegaldi bat ateratzen dela Loiutik. Hori jakitea dena da. Gaur zerbait gertatzen bada Iraken, bihar goizerako han nago. Datorrenaren arabera ibiltzen naiz, baina gertatu zait leku batean egon eta zerbait gertatzea. Odolak dauka interesa, ez agenda politikoak. Odolik ez bada, gatazkaren indarra jaisten da. Izatez, oinarrizkoa da jarraipena, baina krisiarekin hemengo hedabideetan jarraipenak ez du tokirik. Orain, momentuaren berri ematen da, eta harrapatu edo ez, pasatu egiten da une hori. Harrapatzen baduzu ondo, bestela jai duzu.
Jarraitu ez duzun, baina gustura berri emango zenukeen gatazkaren bat?
Urte hauetan, lan egiten dudan zonaldeko gatazka guztietan izan naiz, eta une historiko asko bizi izan ditut. Luxua da. Gustatuko litzaidake Libiara itzultzea; Gadafi hil zutenetik ez naiz joan. Pena hori daukat. Gaia guztiz aldatuta, hondamendi naturalen bat ere jarraituko nuke. Behin egin nuen, Iranen. Lurrikara izan zen, eta ikaragarrizko esperientzia bizi izan nuen. Haitiko lurrikararena hor daukat. Deitu zidaten joateko, baina Yemenen nengoen eta bost egun behar nituen hara iristeko. Aukera eduki eta ez nuen egin.
Non ikusten duzu zure burua hemendik urte batzuetara?
Hau egin nahi dut. Urte politak etorriko dira: Arabiar Emirerri Batuak, suniten eta xiiten arteko gatazka, lider aldaketa Iranen, Libia... Baldintzak ikusi beharko dira, familiak zer esaten duen. Umeek bost eta bi urte dituzte, eta geroz eta zailagoa da. Gustura eramango nituzke nirekin kanpora; txipa aldatu eta esperientzia berria hasi. Hemen oso ondo bizi gara, eta aldaketa zaila da. Baina, igoal, tartean behin behar da. Dena den, oso gustura ateratzen naiz etxetik, eta oso gustura itzultzen naiz etxera.