Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2013ko partaidetzazko aurrekontuen baitan herritarrek erabakitako zazpi proiektuetako bat aurkeztu dute gaur, astelehena, Urola Erdiko alkateek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko, Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Antxieta Arkeologia Taldeko kideek.
Izan ere, aurrekontu parte-hartzaileetan hala erabakita, Gipuzkoako Foru Aldundiak 30.000 euro bideratu ditu eskualdeko historia berreskuratzeko plangintza egitera, eta Hezurren egia proiektua jarri dute abian, "historiaurrean izan genuena ezagutzeko eta nor garen jakiteko". Proiektuaren helburua "Urola Erdiko ondarea gure artean ezagutaraztea, zabaltzea eta balioa ematea" dela jakinarazi dute egitasmoaren sustatzaileek.
Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako, Beizamako eta Errezilgo udalek hartu dute parte proiektuan, eta bidelagun izan dituzte, besteak beste, aurten 50 urte betetzen dituen Antxieta Arkeologia Taldeko kideak eta Aranzadiko arkeologo Jesus Tapia. Proiektuaren sustatzaileen arabera, "zientzialariek egiaztatutako aurkikuntza ugariei eta baliotsuei esker, Urola bailararen historia berreraiki dezakegu, duela 300.000 urtetik gaur egunera".
Hiru faseko proiektua
"Urola bailarako ondare natural, arkeologiko eta historikoa dibulgatzeko proiektu handi baten lehen urratsa da", azaldu dute aurkezpenean. Proiektua hiru fasetan banatu dute, eta lehenengoa aurki hasiko da martxan.
Proiektuaren lehen zatiaren baitan, Urola Erdiko aurrehistoriako ondarearen gaineko dibulgazio programa jarriko dute abian, "jendeak eskualdean zer ondare dagoen jakin dezan". Horretarako, aste honetan hasita, etxez etxe Hezurren egia proiektuaren gaineko eskuorriak banatuko dituzte. Datorren asteetan hitzaldiak izango dira, eta webgunea ere jarriko dute martxan.
Bigarren fasea epe ertainera begira diseinatu dute. Jesus Tapia Aranzadiko arkeologo eta Hezurren egia egitasmoaren zuzendariak azaldu duenez, "hemendik bost bat urtera ekintzak, bisitak zein hitzaldiak-eta antolatuko ditugu. Eskualdeko jendearen eta kultura eragileen arteko harremanak sustatzeko balioko du".
Hirugarren eta azken fasearen helburua, berriz, "eskualdean historiaurrea lotuta, sare kultural dinamikoa sortzea" dela azaldu dute. Hau da, historiaurrea kultura eskaintza bilakatzea. Turismoan eragitea nahi da".
Antxieta Arkeologia Taldeko kide Andres Maizek duela 50 urte Antxietaren ibilia hasi zuten Andoni Albizuri eta Rafael Rezabal izan ditu gogoan: "Haiek hasi ziren duela 50 urte eskualdean lanean. Lan isila da gurea, baina aurrera egin ahal izan dugu. Eskerrak eman nahi dizkiogu Aranzadiri eta Aldundiari, eta ia aurkikuntza gehiago egiten ditugun".
Lehen fasea abian
Aste honetan hasiko dira Hezurren egia egitasmoaren gaineko eskuorriak banatzen, etxez etxe. Horrez gain, datorren asteartean hitzaldia izango da Sanagustin kulturgunean. Martin Arriolabengoa EHUko irakasle eta Aranzadiko arkeologoak, Alvaro Arrizabalaga EHUko irakasle eta Aranzadiko arkeologoak eta Maria Jose Iriarte Ikerbasqueko ikertzaile eta Aranzadiko arkeologoak, Urolaren sorrera geologikoaz, Urolako lehen biztanleez eta Urola bailarako Izotz Aldiaz ariko dira, hurrenez hurren, 19:00etatik aurrera.
Bigarren hitzaldia, berriz, Azkoitian izango da hilaren 10ean, asteartea. Miriam Cubas eta Sonia San Jose Aranzadiko arkeologoek Urolako Neolito garaiaz eta Urolako lehen herrixkez hitzaldia eskainiko dute, 19:00etan hasita, Elkarguneko Oteiza aretoan.