Forma geometrikoak zure baitan olerki-bildumarekin eskuratu duzu bigarren saria. Zer kontatzen duzu bertan?
Guztira bederatzi olerki dira eta elkarren artean ezberdinak diren arren, guztiek badute nolabaiteko lotura bat. Forma geometrikoak sentimenduekin alderatzen ditut. Iruditzen zait, izan ohi ditugun harremanek, izan bikote harremanak, lagunartekoak edo beste edozein, sarritan izaten dituztela mugak, erpinak, ikuspuntu ezberdinak... eta sentimenduek euren baitan badute beraien kutsu geometrikoa. Sentimenduen kanpoko itxura ikusten dugu, baina barrukoa ulertzea konplexuagoa da.
Zergatik aukeratu zenuen izenburu hori?
Olerki bakoitzak forma geometriko baten izena duenez, guztiak batzen zituen izen bat behar nuen. Olerki-bilduma hasteko titulu egokia iruditzen zitzaidan, uztartu ditudan bi gaiak ongi lotzen dituela iruditzen zait.
Poema atal ezberdinetan banatzen duzu, forma geometrikoen izenak dituzten atalak: Zirkulua, karratua, triangelua… Zerk bereizten du atal bakoitza?
Olerki bakoitza ezberdina da gai aldetik, baina badituzte elementu komun batzuk. Momentu jakin batean idatzi nuen olerki bakoitza eta sentimendu bat ordezkatzen du. Orain gai berdinaren inguruan idatzi beharko banu, ziuraski oso ezberdina izango litzateke atal bakoitza. Idazterako unean, zauden egoerak erabat baldintzatzen du idazten ari zarena. Forma bakoitzari neure forma propioa eman nahi izan diot.
Azken atala Hutsa da, eta hala diozu bertan: Forma geometrikoak barrutik hutsik daude. Sentimenduak, berriz, ezin hustu. Funtsean, gauza bera dira. Abstrakzioa bietan dago. Zer da sentimenduen abstrakzioa?
Geometria ulergaitza egin izan zait beti, ez diot puntua harrapatzen. Iruditzen zait askori sentimenduekin antzeko zerbait gertatzen zaigula, askotan ez gara gai geure sentimenduak ulertzeko, interpretatzeko zailak dira zenbait egoera. Abstrakzioa nik ulertzen dudan bezala ulertuta, landutako bi gaietan ikusten dut abstrakzioa. Hutsa olerkia bildumari amaiera emateko erabili nuen. Sentimenduz betetako olerkiak husteko ahalegina bera ere nahiko abstraktua da azaltzeko.
Zertan inspiratu zinen olerkia idazterako garaian?
Azterketa baterako ikasten ari nintzen liburutegian. Estetika korronte garaikideen inguruan liburu bat irakurri nuen azterketarako, eta forma geometrikoz betetako artelanak agertzen ziren bertan. Pasaia hiria lehiaketaren eskuorria ikusi nuen liburutegian eta idaztea otu zitzaidan. Estudiatu nuen guztia azterketa ez zen beste zerbaitetan hustu behar nuela iruditu zitzaidan, formei neure itxura emanda.
2011. urtean Azkue Literatur Sariketan ere poesiaren alorrean bigarren sailkatu zinen. Poeta bat ezkutatzen al da Anartz Izagirreren atzean?
Hamazazpi urte nituenean irabazi nuen sari hura, oroitzapen polita dut. Ordutik asko aldatu da nire idazteko modua eta estiloa. Karpeta bat daukat ordenagailuan idatzi ditudan olerki eta ipuinekin, baina asko neuretzat gordetzen ditut. Ez dut nire burua poetatzat hartzen, asko idazten dudan momentuak izaten ditut, baina hilabeteak ere egon naiteke ezer idatzi gabe. Asko eragiten dit nola sentitzen naizen momentu bakoitzean.
Poesia ez ezik narrazioa ere idazten duzu. Zer motatako ipuinak idazten dituzu?
Ipuin laburrak idatzi izan ditut, baina prosan baino erosoago sentitu izan naiz beti poesian. Errazagoa egiten zait kontatu nahi dudana formatu laburrean eta poetikoan idaztea. Istorioak garatzerako orduan kostatu egiten zait haria jarraitzea kontatu nahi dudanari. Irakurtzerakoan, aldiz, kontrakoa gertatzen zait; normalean poesia baino nobela gehiago irakurtzen ditut.
Inoiz pentsatu al duzu eleberriren bat idaztea?
Polita izango litzateke, momentuz ez dut nire burua horretan ikusten, ordea. Ideiak baditut baina teknika falta zaidala iruditzen zait. Gainera, denbora eta dedikazio handia eskatzen du horrek, eta une honetan beste gauza batzuk ditut buruan.
Paperaren edo ordenagailuaren aurrean ipini eta idazten hastean, zer izaten da burutik pasatzen zaizun lehenengo gauza?
Zaila da azaltzeko. Normalean esaldi potente bat okurritzen zait eta horren arabera beste guztia antolatzen eta idazten dut. Ideiaren bat okurritzen zaidanean mugikorreko zirriborroetan apuntatzen dut, ordenagailu aurrean nagoenean idazten jartzeko. Hitz edo esaldi polit bat izanez gero, gainerakoa segituan irteten da.
Nola definituko zenuke zure idazkera estiloa?
Lehen idazten nituen olerkiak asko dramatizatzen nituela iruditzen zait. Orain, aldiz, ez horrenbeste. Olerkien gaiak ere asko aldatu dira idazten hasi nintzenetik hona. Iruditzen zait nire estilo propioa oraindik guztiz garatu gabe dudala, etengabe aldatzen doan irudipena dut.
Zer da poesia zuretzat?
Barrua husteko modu bat, adibidez. Idatzitakoa idatzi ondoren irakurtzea gustatzen zait. Ez dakit zergatik baina adierazi nahi dudana word batean idatzita izateak lasaitu egiten nau. Egia esan, ez naiz gai poesia zer den oso ondo azaltzeko, hortxe dago bere xarma. Nik neure erara bizi dut, baina ziur nire olerki-bilduma irakurtzen duen beste edonork beste era batera ulertuko duela dena.
Aurrera begira, ba al duzu literatur proiekturik esku artean?
Idazten jarraituko dut, hori argi daukat. Teknika hobetzea gustatuko litzaidake, denbora izandakoan. Momentuz, idazteko hainbat ideia baditut buruan eta ideiak apuntatuta izango ditut berriz idazteko gogoa sartzen zaidanerako.