Higiezinen gaineko zerga igoko du Udalak, "katastro berrira egokitzeko", eta gainerakoak izoztu

Uztarria.eus 2016ko urr. 5a, 20:36

2017rako udal zerga eta tasei hasierako onarpena eman zieten atzo, asteartea, udalbatzarrean, EH Bilduren aldeko eta EAJren kontrako botoekin. OHGZ edo kontribuzioa bezala ezagutzen denaren igoera "ez ohiko salbuespen bat" dela azaldu du udal gobernuak, Diputazioak egin duen katastroaren berrikuspenarekin ez daudela ados nabarmenduz. Herritarren %53ari jaitsi egingo zaio kontribuzioaren erreziboaren zenbatekoa, eta %47ari igo; diru-laguntza bereziak emango dituztela ere iragarri dute, igoera "konpentsatzeko". EAJk, bere aldetik, onartu den igoera kritikatu du.

2017rako udal zerga eta tasen hasierako onarpena izan zen atzo, asteartea, urriko ohiko udalbatzarraren puntu nagusia. Zerga eta tasak ez ditu igoko Azpeitiko Udalak datorren urtean, "ez ohiko salbuespen bat" kenduta: Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHGZ), kontribuzioa bezala ezagutzen dena. %5,17 igoko da kontribuzio orokorra (etxebizitzena, garajeena, trastelekuena, orubeena eta merkataritza lokalena), eta %15 industriala.

Estitxu Elduaien Ogasun zinegotziak azaldu zuenez, Foru Aldundiak Gipuzkoako udalerri guztietan egin duen balio katastralaren eguneraketarekin lotuta dago Udalak aplikatuko duen igoera, "katastro berrira egokitzeko" egin dute. Eguneraketa horretan, Azpeitiko higiezinen katastroaren balioa %5,17 jaitsi da. Higiezinen gaineko zerga "Udalaren diru-sarrera garrantzitsuena eta estrukturala" dela gogoratu zuten bai Elduaienek eta bai Eneko Etxeberria alkateak. Egoera berriaren aurrean, OHGZrekin nola jokatu erabakitzeko "teknikoki dauden aukera guztiak aztertzen" aritu direla esan zuen Elduaienek, eta aipatutako igoera ezartzea izan da hartu duten erabakia. Herriko higiezinen balio katastrala jaitsita, "zerga horren tipoa dagoen moduan utzita, Udalari 247.000 euroko zuloa eragiten diogu, eta urtetik urtera zulo hori egiten uztea arduragabekeria dela ikusi dugu. Diru hori jaso ezean zerbitzu publikoetan murrizketak egin beharko genituzkeelako, eta horrek herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak gutxituko lituzkeelako". Beraz, kontribuzioa igota "arduraz jokatu" duela defenditu du udal gobernuak, eta igoera "errekaudazioa mantentzeko justu-justukoa" dela esan dute.

Diputazioaren katastroaren berrikuspenaren balioaren jaitsiera eta Udalaren zergaren igoera batuta, hala ere, herritarren %53ari jaitsi egingo zaio erreziboaren zenbatekoa, eta %47ari igo. Industriala ordaintzen duten guztiei, berriz, jaitsi egingo zaie erreziboa. Gehiago ordaindu beharko dutenen artean, erdiek 25 euro baino gutxiagoko igoera izango dutela jakinarazi dute udal agintariek. Zerga tramoka aplikatzeko aukera aztertu dutela ere azaldu zuen Elduaienek, baina ezin dutela horrela egin: "Nahi genuen herritarrei diru-sarreren araberako OHGZ aplikatzea. Bizkaian aldatu dute legea, baina Gipuzkoan ez dago hori ahalbidetzen duen foru araurik. Hala, herritar guztiei zerga bera kobratu behar zaie".

"Halere, jakitun gara katastroaren aldaketa honen ondorioz igoera injustuak izango dituztela herritarrek", zioen Ogasun zinegotziak. Hori kontuan hartuta, diru-laguntza linea bat irekiko dutela aurreratu zuen, "konpentsatzeko".

Katastro berriarekin ados ez

EH Bilduren udal gobernua haserre azaldu da Gipuzkoako Foru Aldundiaren balio katastralen berrikuspenarekin, eta ez bakarrik Azpeitiari dagokion balioa jaisteagatik. Maiatzean jaso zuen Udalak Diputazioaren berrikuspenaren emaitzaren berri "eta berehalakoan agertu zion ezadostasuna Diputazioari". Katastroaren balioa neurtzeko Aldundiak erabilitako prozedura eta irizpideak ez zaizkie egokiak iruditu. "Azpeitia osoko lurren balorazioa egiteko 15 etxeren transakzioak bakarrik izan dituzte kontuan", esan dute, kexu, beste herri batzuekin alderaketa eginez; "Beasainen, esaterako 56 etxe hartu dituzte kontuan; Lazkaon, 64". Diputazioak balorazioa "aldebakarrez" egin duela ere esan dute, Udalarekin eta udal teknikariekin harremanetan jarri gabe eta "kontrastatu gabe". Zonalde batzuetan egindako balorazioarekin ere ez dator bat Udala, "adibidez, Alde Zaharra eta Babes Ofizialeko etxeak. Igo egin diete balioa".

Katastro berriaren kontra alegazioak aurkeztu zituen Azpeitiko Udalak eta Foru Aldundiarekin bilera egitea ere eskatu zuten. Eta ez daude pozik jasotako erantzunarekin: "Idatziz jaso dugun erantzun bakarra izan da ez dituztela onartzen gure alegazioak, eta bileraren zain gaude oraindik".

EAJ, zerga igotzearen kontra

EAJren udal taldeak desadostasuna agertu zuen OHGZren igoeraren aurrean. Zerga guztiak izoztea izan zen jeltzaleen eskaera. Aitor Gorrotxategi EAJren bozeramailearen hitzetan, oraindik asko dira "egoera larrian" jarraitzen duten familiak: "Katastroaren berrikuspena egin da, eta balio horiek garbi utzi dute gure herria pobreagoa dela; are gehiago, industria eremua hartzen badugu kontuan". Horregatik, "jendeari egia" esateko eskatu zien EH Bilduko kideei: "Igoerak proposatzen dituzue, eta errazena da esatea zergak eta tasak izoztu egiten direla. Ez da egia, gezurretan ari zarete. Zergak igo nahi dituzue, eta horretarako ez kontatu gurekin".

Udalak "gerrikoa estutu" behar lukeela uste dute jeltzaleek: "Erantzukizunez jokatzea ditugun baliabideekin ahalik eta kudeaketa onena egitean datza. Jendeari esaten badiogu pobreagoa dela, ezin ditugu zergak igo guk diru kopuru bera lortzeko. Gerrikoa estutu behar izan denean, azpeitiar guztiek egin dute". Gorrotxategik esan zuenez, "legezkoa izan arren, iruzur etikoa" da ondasun baten balioa jaitsi delako zergen bidez balio hori igotzea. Bestalde, lur industrialek izan duten "beherakada ekiditeko", Udalak "baliabideak jarri eta esfortzua egin" behar duela esan dute: "Horretarako gure laguntza osoa izango duzue, lanerako asmorik baldin baduzue". Horrez gain, etxe hutsen gaineko zergarekin ados ez daudela jakinarazi zuten jeltzaleek.

Gainerako zergak

Gainerako tasa eta zerga guztiak mantendu edo izoztu egingo dituzte. Hala eta guztiz, kooperatiben gaineko zerga %50 jaistea onartu dute, "hainbat eskaera egin dituztelako". EAJko Gorrotxategik esan zuen, begi onez ikusten dutela "izaera sozialeko enpresei laguntzea". Gainera, orain arte Azpeitiko Kirol Patronatuan 25 urtera arteko langabetuak edo ikasleak sartzen ziren familia txartelean eta, aurrerantzean, 30 urtera artekoek izango dute horretarako aukera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide