Azpeitian kalean entzuten diren hamar elkarrizketatik zortzitan erabiltzen da euskara. Herriko hizkuntza erabileraren kale neurketa egin zuen joan den apirilean Soziolinguistika Klusterrak, Udalak eskatuta, eta orain aurkeztu dute emaitzen txostena. Datu nagusia da azpeitiarren %81,9k hitz egiten duela euskaraz kalean. Gaztelaniaz aritzen direnak, berriz, %14 dira. Eta beste hizkuntzaren bat erabiltzen dute, berriz, herritarren %4,2k.
Neurketaren ondorioekin jarraituz, gizonezkoek euskara emakumeek baino "zertxobait" gehiago erabiltzen dute (%83,3 da gizonezkoen erabilera, eta %80,8 emakumeena). Adin-tarteka banatu dituzte herritarrak, lau multzotan, eta horien arteko alderaketa egin dute. Horren arabera, haurrak (2 eta14 urte artekoak) dira Azpeitian euskara gehien erabiltzen dutenak; ia %90ek egiten dute euskaraz kalean. Gutxien erabiltzen dutenak, aldiz, helduak dira (25 eta 64 urte artekoak): %76. Tartean daude, %83,3 eta %83,1eko erabilera maila paretsuarekin, gazteak (15-24 urtekoak) eta adinekoak (65 urtetik gorakoak). Haurren euskararen erabilera, gainera, %96raino igotzen da elkarrizketa haurren artean denean; eta nagusiena %74,2ra jaisten da, aldiz, tartean haurrik ez dagoenean. Ildo beretik, adin-taldeak nahastuta aritzen direnean euskararen erabilera altuagoa da hitz egiten ari dena haurra denean (%88,2), heldua denean baino (%83,9).
Aurten, lehen aldiz, hitanoaren erabilera ere neurtu dute, "Azpeitiak horretarako baldintzak" betetzen dituelako eta azkenaldian hitanoa ikastetxeetan-eta lantzen ari diren gaia delako ere bai. Hala ere, hitanoaren neurketa "proba pilotua" izan dela nabarmendu dute, findu beharrekoa; eta, datu batzuk aipatu arren, pisuzko ondoriorik ez dute atera nahi izan. Azpeitian, hitanoaren aldaera erabiliena toka da (%45,1), gero hika neutroa (%37,2) eta noka azkenik (%17,5). Datu horiek adierazten dutenez, gizonek nabarmen gehiago erabiltzen dute hitanoa (%28,1), emakumek baino (%10,6). Adin-tarteei dagokienez, adinekoak dira hitanoa gehien erabiltzen dutenak (%29,8); gazteen eta helduen erabilera datuak nahiko antzekoak dira (%25 eta %23,5, hurrenez hurren); eta haurren artean, berriz, askoz gutxiago erabiltzen da (%5,5).
Euskaldunenetakoa
Euskararen kale erabileraren aurreko neurketa 2009an egin zuten Azpeitian, orduan ere Soziolinguistika Klusterraren eskutik. Orain dela zazpi urte, euskararen erabilera datua %86koa izan zen; beraz, %4,3 egin du behera erabileraren datuak Azpeitian. Neurketaren arduradunek akats-tartearen faktorea aipatu dute, ordea, bi neurketan arteko aldeak neurtzerakoan kontuan hartu beharrekoan artean. 209ko neurketan 2.137 solaskideko lagina erabili zuten, eta lagin haren akats-tartea %4-5 ingurukoa zen; 2016an, berriz, zabalagoa izan da lagina (1.103 elkarrizketa eta 3.283 solaskide) eta txikiagoa (%2,7) akats-tartea. Laginaren aldagaia kontuan hartuta, Olatz Altuna Klusterreko kideak uste du hirugarren neurketa bat egin arte ezingo dutela zehaztu "beherakada hori benetan joera edo ikerketa denek berez duten akats tartearen kontua den".
Josu Labaka Udaleko Euskara batzordeburuarekin batera aurkeztu ditu Altunak kale neurketaren emaitzak. Eta biek nabarmendu dute "Azpeitia dela herri euskaldunenetakoa". Olatz Altunak gogoratu du hizkuntzen erabileraren kale neurketak ez dituztela udalerri guztietan egiten; baina, egiten dituztenen artean, Azpeitia da bigarren daturik onena duena, %90 inguruan dabilen Ondarroaren atzetik. "Azpeitia munduko udalerririk euskaldunenetakoa dela esan ohi dugu, eta hala izaten segitzen du. Euskarak bizirik eta sendo jarraitzen du gure herrian", dio Josu Labakak. Hala ere, eta Azpeitia bezala euskararen arnasgune diren udalerri euskaldunetan ezagutzaren datua, oro har, jaisten ari dela ahaztu gabe, "tentsioa mantendu beharra" dagoela azpimarratu zuen Euskara batzordeburuak, "etorkizunean ere Azpeitian euskara orain arte bezala edo gehiago" erabiltzen jarraitzeko.
Eragileekin bilera
Azterketaren emaitzak euskalgintzako eragileekin eta norbanakoekin aztertzeko bilera deitu du Azpeitiko Udalak azaroaren 17rako. 19:00etan izango da, udaletxean.