Kalean da Errimeren aurreneko lana

Uztarria.eus 2016ko urr. 26a, 11:15

Errimeren maketa berria. (Errime taldea).

Gaurtik aurrera salgai egongo da Azpeitia, Azkoitia, Zarautz eta Urretxuko hainbat txokotan, 5 euro ordainduta. Egindako lanarekin "oso gustura" gelditu direla esan dute taldekideek, eta oraindik data zehatza ez badakite ere, taldearen aurreneko maketa Azpeitian aurkezteko asmoa dute. Durangoko Azokan ere izango dira, lan berriarekin.

Eman ditu bere fruituak ordu askoko lanak, eta dagoeneko argira atera da Errime taldearen aurreneko maketa. Jon Gurrutxaga, Unai Martinez, Felipe Murillo eta Asier Aizpuru azpeitiarrek eta Paul Beitia eta Patxi Gabilondo zarauztarrek osatzen dute Errime taldea, eta Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak emandako Sorkuntza Bekari esker proiektua aurrera ateratzea lortu dute.

Hilabetez aritu dira lanean bost gazteak, eta ordu asko eman dituzte Azpeitiko 2Noisy estudioan sartuta abestiak grabatzen, Oihan Lizaso, Ibon Gerra eta Aritz Gerraren gidaritzapean. Jon Gurrutxagak azaldu duenez, "oso gustura" gelditu dira egindako eta lortutako emaitzarekin.

Taldearen aurreneko maketa salgai izango da gaurtik, urriaren 26tik, aurrera Azpeitiko, Azkoitiko, Zarauzko eta Urretxuko hainbat txokotan. Azpeitian Orkatz eta Urola Express tabernetan eskuratu daiteke, Azkoitian Etxe-Aitz tabernan, Zarautzen Arrano eta Eguzki tabernetan eta Urretxun Motz tabernan. Maketa 5 eurotan egongo da salgai. 

Aurkezpena azpeitiarren aurrean

Errime taldeko kideak "pixka bat aspertuta" zauden besteen kantuak abesteaz, eta eurenak sortzen hasi ziren. Buruari bueltak ematen eta letrak idazteari ekin zieten, proiektua osatzeko asmotan. Orduan jakin zuten Udalak eta Kultur Mahaiak martxan jarri zuen Sorkuntza Bekaren berri, eta taldekideek azaldu dutenez, maketa osatzeko "oso ondo" etorri zitzaien beka.

Azkenean proiektua gorpuztea lortu dute, eta taldearen aurreneko maketa kalera atera badute ere, proiektua Azpeitian aurkeztea aurreikusten dute. "Maketa berria Azpeitian eta jendaurrean aurkezteko asmoa dugu, hori baitzen Kultur Bekaren oinarrietako bat. Oraindik ez dugu egun zehatzik, baina horretarako izugarrizko gogoa dugu", azaldu du Jon Gurrutxagak.  

Durangoko Azokara

Gipuzkoatik atera, eta Durangoko Azokara ere eramango dute Errimeren aurreneko lana. Beste hainbat artista gazterekin elkarbanatuko dute azokako postua, eta modu horretan, gazte sortzaileen proiektu ezberdinak jarriko dituzte salgai stand bakarrean. Felipe Murilloren Erraiak lana, Lekore aldizkaria eta Txakur Gorria proiektua izango dira Errimerekin batera Durangoko Azokako postuan aurkitu ahal izango direnak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide