2017ko aurrekontuak zehazteko prozesuan ari da Azpeitiko Udala, eta horrekin batera Azpeitia 2013-2025 plan estrategikoaren eguneraketa egingo dute. Josu Labaka zinegotziak azaldu duenez, bi prozesuak batera garatzea da Udalaren asmoa, epe motzeko zein luzeko helburuak zehazteko. Prozesu horiek garatzeko Udal teknikarien ekarpenak, alderdi politikoetako zinegotzienak eta herritarren eta eragileen iritziak jasoko dituzte. Horretarako, Denon Artean kanpaina jarri dute martxan, eta kalean jarriko dituzten postontzietan ekarpenak jasotzeaz gain, zuzeneko bilerak, internet bidezko ekarpen bilketa (azpeitia.eus webgunean) eta eskuorri banaketa egingo dute, etxez etxe.
Aurrekontuen aurreikuspen ona
Aurreko agintaldietako kudeaketaren ondorioz, Udalaren egoera ekonomikoa "lasaia" dela esan du Estitxu Elduaien zinegotziak, eta aurreikuspenak onak direla azpimarratu du. "Iaz salto bat eman genuen, eta miloi bat euro gehiago jarri genuen aurrekontuetan. Orain beste salto txiki bat emateko moduan izango gara", gaineratu du.
2017rako aurrekontuak plan estrategikoko proiektuei ahalik eta egokien erantzuteko Udalak saiakera egingo duela esan du Elduaienek. Horrez gain, aurrekontuen lehentasunak aurreko urteetakoen berdinak izango direla azpimarratu du: Azpeitiko egoera ekonomikoa hobetzea, lanbageziari aurre egitea eta kalitatezko enplegua sortzea. "Azpeitiarren ongizatea lortu nahi dugu, eta horiei zerbitzu publiko hobeak eskaintzea", adierazi du Estitxu Elduaienek.
Plan estrategikoa ere Denon Artean
Azpeitiko Udala 2011. urtean hasi zen Azpeitia 2013-2025 Plan Estrategikoa garatzeko lanean. Bi urte beranduago, 2013an, eman zuten haren berri, eta Udalak 2025era bitartean zituen erronkak azaldu zituzten orduan. Plan estrategiko hark garai hartako egoera ekonomikoari eta sozialari nahiz ingurumen gaiei erantzuten zien gehien bat. Azken hiru urteetan, baina, egoera aldatu dela uste du Udalak, eta plan estrategikoa egungo egoerara egokitzea erabaki du.
Aitor Bereziartua zinegotziak azaldu duenez, Udalak urtero egin izan du plan estrategikoaren jarraipena, baina oraingoan aldaketa bat emango dute: "Azpeitia 2013-2015 Plan estrategikoan biltzen diren hainbat puntu, zaharkituta daudenak-eta, moldatu edo kenduko ditugu, eta behar berriei erantzuten saiatuko gara". Hala, aurrez zeuden gaiei beste hiru gehitu, eta bost izango dira plan estrategikoak landuko dituen lan ildoak: ingurumena, ekonomia, gazteak, etorkinak eta hirugarren adineko herritarrak, hain zuzen. Horien inguruan hitz egiteko bilerak egingo dituzte datozen asteetan.
Plan estrategikoa eguneratzeko bide horretan lanean ari dira dagoeneko, eta hor kokatzen dute Denon Artean prozesua. Izan ere, eguneraketa egiteko herritarren iritziak jasotzea garrantzitsua dela uste du Udalak. Urtea amaitzerako plan estrategiko berriaren datuak kaleratuko dituztela esan du Aitor Bereziartuak.
Zuzeneko bileren datak
Josu Labakak adierazi duenez, "Udalak azken urteetan jarri dituen tresten bitartez geroz eta harreman zuzenagoa du herritarrekin", eta plan estrategikoa osatzeko eta 2017ko aurrekontuak zehazteko ere herritarren ekarpenak jasotzea "ezinbestekoa" dela esan du. Horretarako hainbat bilera egingo ditu Udalak, auzoz auzo eta arloka. Hemen hitzorduak:
Arlokako bilerak:
Guztiak pleno aretoan izango dira.
- Azaroak 9: 19:00etan, aniztasuna.
- Azaroak 10: 11:00etan, hirugarren adina.
- Azaroak 10: 19:00etan, euskara.
- Azaroak 14: 19:00etan, enplegua eta ekonomiaren sustapena.
- Azaroak 15: 19:00etan, gazteria.
- Azaroak 16: 19:00etan, klima aldaketa.
Auzoetako bilerak:
- Azaroak 15: 21:00etan, Nuarben, Sokatirako lokalean.
- Azaroak 17: 19:00etan, Lasaon, Auzo lokalean.
- Azaroak 21: 19:00etan, Aratzerrekako tabernan.
- Azaroak 22: 19:00etan, Elosiagan, Añotan.
- Azaroak 23: 19:00etan, Urrestillan, jubilatuen lokalean.
- Azaroak 24: 19:00etan, Matxinbentako tabernan.