Etzi hasi eta hiru egunez, festa giroa nagusituko da Azpeitian. Sansebastianak hemen dira, badira egun batzuk helduak zein umeak danborradarako entseguetan murgilduta dabiltzala, eta atzo, ostiralean eta zapatuan kalera irtengo diren talde guztietako ordezkariak eta festan parte hartzen duten eragileak udaletxeko goiko solairuan elkartu ziren, aurtengo lehen festa handia aurkezteko.
Eneko Etxeberria alkateak eta Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuak hartu zuten hitza, "herriko festa parte-hartzaileenaz gozatzeko" gonbidapena luzatzeko eta prestatu duten egitarauaren berri emateko. Helduen danborradako Arrantzale taldeak 50 urte beteko ditu aurten San Sebastian bezperako danborradan eta, horrelako urteurrenetako ohi denez, Udalaren eta danborradaren omenaldia jasoko dute gauerdian bandera igo ondoren. Arrantzaleekin irten ziren lehen aldiz emakumeak danborra jotzen Azpeitian, 1981ean; eta Bittor Olaizola Arrantzale taldeko zuzendariak aurreratu zuenez, berarekin batera igoko dira udaletxera orduan danborradan irten ziren emakumeak, Mikel San Juan tailagileak prestatu duen oroigarria jasotzera. Nekane Azpiazu, umeen danborradarako karroza egin duena, izan zen aurkezpeneko mahaian hitza hartu zuen bestea. Sokamuturraren 500. urteurrenari eskainitako karroza egin du Azpiazuk, "ilusio handiarekin", eta herritarrek "gustukoa izatea espero" duela esan zuen.
Bandera jaistean, berriz, hamabi izango dira parte hartuko duten taldeak, ohikoa izaten denaren kopuru bikoitza, beraz. Sansebastianak asteburuan tokatu direnez, Udalak helduen talde guztiei luzatu zien zapatu gaueko danborradan parte hartzeko gonbidapena.
Herritarrentzako zozketa
Udalak aurten ere martxan jarri du helduen danborrada udaletxetik ikusi nahi duten herritarrentzako zozketa. Banderaren igoera eta plazako festa udaletxeko 2. solairuko balkoitik ikusi nahi dutenek ostegunera arte (15:00ak arte) dute zozketan parte hartzeko aukera. Izena ematen dutenen artean hamar lagunek izango dute balkoira igotzeko aukera.
Zozketan parte hartzeko udalzozketak@azpeitia.eus helbidera idatzi edo 943-157185 telefonora deitu eta izen-abizenak eta kontakturako telefono zenbaki bat utzi beharko dute.
Sansebastianetako egitaraua
Urtarrilak 19, ostirala
- 22:15. Helduen danborrada, Olazko Andre Mariaren plazatik irtenda, herriko kaleetan.
- 00:00. Talde guztiak plazan elkartuta, bandera igoko dute udaletxeko balkoi nagusian. Arrantzale taldeak omenaldia jasoko du, danborradan 50 urte betetzeagatik, eta danborradako pieza guztiak joko dituzte taldeek.
- Ondoren, Ilargi Beltza taldearen emanaldia.
Urtarrilak 20, zapatua. San Sebastian eguna
- 09:00. Txistularien eta musika eskolaren goiz eresia.
- 09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa danborradako taldeek, Udal Musika Bandarekin eta musika eskolako txilibitu joleekin batera, kalejira egingo dute.
- 10:15. Udal ordezkariak korporazioan joango dira Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara.
- 10:30. Prozesioa.
- 10:45. Meza. Parrokiako eta Julian Barrenetxea abesbatzek Jose Maria Altunaren Olazko Amari meza kantatuko dute.
- 12:00. Sokamuturra. Ganadutegia: Arno.
- 12:30. Haurren danborrada, Bustinzuriko Errebaletik eta Artzubitik irtenda.
- 16:00-20:00. Haurrentzako jolas parkea, Olazko Andre Mariaren Plazan. Euria bada, Betharramen jarriko dute.
- 16:30. Sokamuturra. Ganadutegia: Arno.
- 23:15. Bandera jaitsi arteko danborrada, Bustinzuriko Errebaletik irtenda.
- 00:00. Banderaren jaitsiera, plazan.
- 00:30. DJ Kanutto, Sanagustin kulturgunean.
Urtarrilak 21, igandea
- 12:00. Sokako zezen txikia, Erdikaletik plazara. Ondoren, zezen txikiak eta poniak, plazan. Ganadutegia: Bergarako Zezenak. Zezen Beltzek antolatuta.
- 16:30. Sokamuturra. Ganadutegia: Lopene.