Liburuetan jasota dagoenez, 1959an egin zen Azpeitian helduen aurreneko danborrada. Handik hamar urtera, 1969an, irten zen lehen aldiz San Sebastian bezperako danborrada horretan Arrantzale taldea. Hori ere, liburuei kasu eginda; danborradako hasierako urteetako historia jasotzerakoan sarri gertatu ohi denez, protagonistek beraiek ere ez baitute oso argi urteen eta gertaeren dantza. Izan ere, arrantzalez jantzita bai, baina Oargirekin irteten hasi zirela dute gogoan hasiera hartatik taldeko kide izan diren Juan Mari Ibarzabalek eta Klemente Arruek. Gerora iritsi zen taldera Bittor Olaizola; eta Olaizola zuzendari hasi zen urtean, 1981ean, Kontxi Esnal. Zuzendari lanetan azken urtea izango du Olaizolak; datorren urtean, Iraitz semeak hartuko du aitaren lekukoa. Lauren artean harilkatu dute mende erdiko ibilia, oroitzapenak eta pasarteak bata bestearen atzetik jarrita.
Dena dela, etzi, 2018ko San Sebastian bezperan, 50. aldiz hartuko dute parte Arrantzaleek Azpeitiko danborradan, eta horrelakoetan ohi denez, udalaren eta danborradakideen omenaldia jasoko du taldeak gauerdiko bandera igotzearen ondoren.
"Plazan ez zegok tokirik"
Danborradan irteten diren talde gehienak herriko soziedadeetatik edo bestelako elkarteetatik irteten badira ere, ez da hori Arrantzale taldearen kasua. 1960ko hamarkadaren bukaerako urteetan danbor festan parte hartzeko gogoarekin elkartu ziren kuadrilla ezberdinetako gazteek osatu zuten aurreneko talde hura. "Ez lokalik, ez soziedaderik, ez geneukan ezer, eta irtetea nahi.., Noski, danborradan irtetea denok nahi izaten genuen, baina ordurako mugatuta zegoen; pentsa, 'plazan ez zegok tokirik' esaten ziguten!", dio Ibarzabalek, eta denak hasi dira barrez. Izan ere, plazako espazio eza klasiko bat izan da Azpeitiko danborradan urte askoan; Arrantzaleen hasierako urteetatik, denera bospasei taldek parte hartzen zutenetik, alegia, gaur egungo helduen danborrada osatzen duten 27 taldeetara iritsi arte.
Plazako 'arazoa' alde batera utzita, danborradan parte hartu nahi bazuten gainerako festak antolatzen ere lagundu beharko zutela esan zieten, eta horrela egin zuten: Errege kabalkada antolatu zuten urte batean, eta pare bat urtez umeen danborrada; eta horrek ireki zizkien, nonbait, danborradaren ateak.
"Gazte gara gazte, eta ez gaude konforme" kantatzen zuen sasoi hartan Lourdes Iriondok, eta esaldi horretatik asko zuten Arrantzale taldean elkartu zirenek ere. Gazte "mugituak" zirela dio Arruek, eta garaiko testuingurua ekarri du gogora: "Imajinatu behar dugu orain dela 50 urteko Azpeitia, eta ez da erraza irudikatzea nola zen garai hartan. Diktadura baten mendean geunden, frankismoan. Atera ginen gazte talde bat mugitua zena, Azpeitia kontserbadore batean. Uste dut gazte talde mugitu hark sortu zuela halako ezinegon bat jende tradizionalaren artean, eta bere gorabeherak ere egon ziren". Ibarzabalek erantsi du "pobreenak ere" bazirela, "gazte alu batzuk. Guk zera edukiko genuen, soziedadea izateko dirurik. Ezer ere ez!".
Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.