Julen Hidalgo: "Proiektu elegantea dugu esku artean"

Uztarria.eus 2018ko mar. 2a, 17:42

Julen Hidalgo bateria-jotzailea, Soreasu antzokiaren aurrean. (Maialen Etxaniz)

Hiru talderekin nahikoa ez eta talde berri batera batu da Julen Hidalgo (Azpeitia, 1998) bateria-jotzailea. Silence du izena lau azkoitiarrekin batera sortu duen taldeak, eta gaur kaleratu dute beren lanaren aurrerapena: hiru abestiz osatutako maketa. Orotara, indiepop, rock eta postrock doinuak nabarmentzen diren hamar abesti sortu dituzte. Beren erronketako bi dira taldea ezagutaraztea eta Gaztea irratiaren maketa lehiaketan parte hartzea. 

Egun batetik bestera Silence izeneko proiektu bat agertu da sare sozialetan. Baina, zer da Silence?

Talde berri bat gara. Indie, indiepop, rock eta postrock doinuak egiten ditugu batez ere. Musika elektronikoa ez dugu lantzen, baina doinu batzuk badute kutsu elektronikoa.

Nola jaio zen?

Parranda batean abiatu zen dena. Djuniet Astigarragak, Silenceko gitarristak, esan zidan talde bat sortu nahi zuela betiko punk OI! doinuetatik urrunduko zena; ez zuen nahi betiko gitarra-bateria-baxua egitura jarraitzerik. Taldean neska baten ahotsa nahi zuen, baita teklatua ere. Ideia orokorra izanda, pixkanaka jendeari proiektua azaltzen joan ginen. Tira, Djunietek lotu zituen taldekide guztiak: Andrea Pozo abeslaria eta Jose Mari Unanue teklatua. Ia urtebete egon gara baxu-jotzailerik gabe entseatzen, baina parranda edo poteo batean Djunietek Jon Kustodiori, The Friday's Crew-ko baxu-jotzailerari, taldera batzeko proposamena egin zion. Entsegu batera etorri zen, taldearen musika gustatu zitzaion, eta Silenceko taldekide izatera animatu zen. 

Non entseatzen duzue?

Hasiera batean Zubizarren egiten genituen entseguak, baina orain Landeta auzoko beste lokal batetara mugitu gara. Aitak duen lokalaren zati bat egokitu dut, eta han aritzen gara entseatzen. Verräterreko lagunekin ere hara joaten naiz. 

Zenbat denbora eman duzue proiektua ontzen?

Urtebete pasa daramagu entseatzen. Hasieran ez genuen apenas elkar ezagutzen, eta martxa hartzea kostatu zitzaigun. Ondoren, talde ezberdinak entzun eta haien doinuetatik ideiak hartu genituen. konturatzerako hamar kantu sortu ditugu, eta horitetaik hiru bakarrik grabatu ditugu. Horiek dira gaur kaleratu dugun maketan entzun daitezkeenak. Ez dakit oso ondo zergatik aukeratu ditugun hiru kantu zehatz horiek, baina ziurrenik sinpleenak direlako eta belarritik erraz sartzen direlako.

(Ezkerretik eskubira, Unanue, Hidalgo, Astigarraga, Kustodio eta Pozo)

Nork idatzi ditu abestien hitzak?

Andreak, Jose Marik eta Kustok idatzi dituzte. Maketako bigarren abestia Jose Marik idatzitakoa da, eta berak kantatzen du osorik. Gainerako biak Andreak eta Kustok idatzitakoak dira. 

Ingelesa da abestien letretarako aukeratu duzuen hizkuntza. Zergatik?

Kustok eta nik euskaraz ere sortu nahi ditugu abestiak. Andreak, baina, esaten du ez dela eroso sentitzen euskaraz abesten badu, hau da, euskaraz ez duela gustura kantatzen. Jose Marik ere nahiago du ingelesa. Izan ere, Frantzian jaio zen, eta orain ari da euskaraz ikasten. Euskara ez du ingelesa bezain ondo kontrolatzen, eta horregatik nahiago du ingelesez abestu. Hala ere, uste dut lortuko dugula abestiren bat edo beste euskaraz egitea. Ez dugu ahalegin horretan etsiko. 

Zerk egiten du berezi zuen taldea?

Ahotsak, dudarik gabe. Maketako abestiak entzun dituzten lagunek ere ahotsaren kalitatea azpimarratu dute.

Maketa kaleratu duzue, eta orain?

Talde berri bat sortu dugula jakinarazi nahi dugu. Horrez gain, kontzertuak ere lotu nahi ditugu, han eta hemen gure taldea ezagutarazteko. Hau musika talde berri batean hasiera besterik ez da. Gauzak nola joaten diren ikusi beharko dugu, baina etorkizunean hamar abestiekin osatutako diskoa kaleratzea ere gustatuko litzaiguke. Hasteko, hiru abestiz osatutako lana Gaztea irratiak urtero antolatzen duen maketa lehiaketara aurkeztu genuen joan zen astean. Ea zorterik dugun...

Zein euskarri digitaletan entzun daiteke Silence taldearen aurreneko maketa?

Youtuben, Spotify-n eta Band Camp-en zintzilikatu dugu. Beraz, nahi duen herritar orok entzun ditzake gure abestiak sarean, doan. 

Zer balorazio egiten duzu Silenceko lagunekin orain arte bizitakoaz?

Oso ona. Hasieran elkar ezagutzen ez genuen arren, izugarrizko giro ona nabari da taldekideon artean. Proiektu elegantea dugu esku artean. 

Gaur egun, zenbat musika taldetako kide zara?

Hartz taldeko eta Verräterreko bateria-jotzailea naiz. Debako Oldarkor bandarekin ere aritzen naiz tarteka. Horrez gain, Eztarri Urratuak taldean murgilduta egon naiz, eta azken hilabeteetan taldea albo batera utzita izan badugu ere, orain berriro ekin behar diogu lanari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide