Mundu osoan zenbat leku ote daude bisitatzeko? Bada, hala ere, Hiromi Yoshidak (Yuzawa, 1960) urtero leku bera aukeratzen du oporrak pasatzeko. "Ez naiz bidaiaria. Normalean, hona etortzen naiz, oso gutxitan joaten naiz beste lekuetara". Hogei bat urte daramatza Azpeitira etor-tzen, eta duela gutxi izan da azkenekoz. Hilabete eman du, beti bezala, Koldo Aldalurren eta Olatz Agirreren etxean. Japoniarra izanagatik, erdi azpeitiarra da dagoeneko.
Yuzawa izeneko herrian jaio zen Yoshida. Haren arabera, ez da oso herri handia. "40.000 biztanle inguru izango ditu. Hori Euskal Herrian herri handia da, baina han ez. Ez dago pisu askoko eraikinik, denak etxe independenteak dira. Eta, inguruan, arroza landatzeko zelai asko dago". Unibertsitateko ikasketak egitera Tokiora joan zen, eta, egun, han bizi da, jaioterritik 500 bat kilometrora.
Ingeles Filologia ikasi zuen Yoshidak, eta ikasketa horiek amaitzean, master bat eta doktore tesia egin zituen, biak azpeitiar hizkerarekin lotuta. Egun, unibertsitateko irakaslea da Japonian: bi unibertsitatetan linguistika orokorra irakasten du, eta hirutan euskara –haietako batean euskal kultura ere bai–.
Unibertsitatean izan zuen lehen hartu-emana euskararekin. Ohikoa ez den hizkun-tza bat ikastea erabaki zuen, eta Suzuko Tamura irakasleak euskara ikasteko talde bat osatzea proposatu zion; izan ere, hark ere harreman estua izan zuen euskararekin. Gustura joaten zen Yoshida eskola horietara, eta, pixkanaka euskara ikasi, eta Euskal Herrira etortzea erabaki zuen. Hala, Lazkaoko barnetegian egin zuen denboraldi bat.
Astea barnetegian pasatu arren, asteburuetan etxera joaten ziren bertako ikasleak, baina Yoshidak dio berak ez zuela etxerik. "Barnetegiko zuzendariak esaten zidan nora joan, baina gehienak bere familiakoen etxeak izaten ziren". Dena den, egun batean, barnetegiko lagun batek, bere familia ezagutzera eraman zuen. Orduan ezagutu zituen Koldo eta Olatz, eta haien etxera joateko ohitura hartu zuen. Geroztik, urtero egiten die bisita. "Oso-oso harreman ona dut beraiekin. Ja etxekotzat hartzen naute, eta asko eskertzen diet. Nire ama harrituta gelditzen da hainbeste urtean horrela etxean hartzen nautelako. 'Zeinen jende jatorra', esaten dit".
Kontu akademikoak eta beste
Japoniako unibertsitateetan, otsailetik mar-txora bitartean opor sasoia izaten dute, eta atsedenaldi hori aprobetxatu du Yoshidak Azpeitira etortzeko. Egun, euskararen inguruko ikerketak egiten jarraitzen du; zehazki, Azpeitiko euskararen inguruko ikerketa bat egiten ari da orain, eta egonaldia datu batzuk biltzeko baliatu du. Azpeitiar hizkeraren xehetasunak ederki kontrolatzen ditu, baina batuaz hitz egiten du. "Ez naiz ausartzen azpeitiarrez hitz egitera, hanka sartze galantak egingo nituzke eta. Kontrolatu egiten dut, baina hitz egin ez", dio barrez.
Kontu akademikoez gain, beste hainbat gauzatarako ere aprobetxatu du Yoshidak Azpeitian eman duen denbora. Lagunekin egon eta rakugo saioak antolatzen aritu da, besteak beste. "Euskal Herrian gauza asko ikasi dut, eta nik ere zerbait bueltan ekarri nahi nuen. Orduan, rakugoa ekartzea bururatu zitzaidan".
Edonork pentsa dezake hizkuntza pila bat hitz egiten dituela Yoshidak, baina dio hori ez dela horrela. "Hitz egin, hitz egin... japonieraz, euskaraz eta ingelesez hitz egiten dut. Gaztelaniaz askoz ere gutxiago, ez dudalako praktikatzen, eta ingelesa ere nahikoa herdoilduta daukat". Beraz, esan daiteke euskararekin duela miresmen berezia japoniarrak.
Euskara eta Euskal Herria ez ezik, euskal kultura ere asko gustatzen zaio Yoshidari. Bertsolaritza iruditzen zaio Euskal Herriko "gauzarik bereziena": "Nik uste dut munduko beste lekuetan ez dagoela horrelakorik. Ahozko literatura eta kantatzeko ohitura edonon egongo da, baina hain zaila den tradiziorik ez". Pilota ere asko gustatzen zaio: "Koldoren semea txikia zenean, askotan joaten ginen Frontoi Txikira partidak eta entrenamenduak ikustera, eta hortik dator nire afizioa". Euskal musika da atsegin duen beste gauzetako bat. "Baina ez ditut gaur egungo taldeak ezagutzen, lehengoak gehiago jarraitzen ditut. Benito Lertxundi gustatzen zait gehien, eta Imanol ere bai".
Japoniako bizimodua
Senarrarekin eta bi txakurrekin bizi da Yoshida, eta bere egunerokoa nolakoa izan ohi den azaldu du: "07:00-7:30 aldera jaikitzen naiz. Gosaldu, etxea pixka bat txukundu eta txakurrak paseatzera ateratzen ditut. Txakurrak ahalik eta denbora gutxien egon daitezen bakarrik, arratsaldeetan joaten naiz lanera. Izan ere, senarra 07:00etan atera eta 17:00etan-edo itzultzen da. Ni 12:00-13:00 ateratzen naiz, unibertsitatean bazkaltzen dut eta 19:00etan-edo bueltatzen naiz etxera. Itzultzean, dutxatu egiten naiz, guk gauean dutxatzeko edo bainatzeko ohitura baitugu, eta gero, afaldu egiten dugu".
Eguneroko zereginak tarteko, denbora libre gehiegirik ez duela dio. "Denbora asko pasatzen dut klaseak prestatzen, baita txakurrak zaintzen eta etxeko lanak egiten ere. Baina, denbora librea dudanean, lagunekin elkartzen naiz, afaltzeko edo bazkaltzeko. Beisbola ere gustatzen zait, eta senarrarekin urtean pare bat aldiz joaten naiz estadiora". Horrez gain, rakugoa ere asko gustatzen zaio, eta saio horiek ikustera ere joaten da.
Japoniarrek lan asko egiteko fama dute, eta Yoshidak ez du ukatu hori hala denik. "Egia da, baina gero eta kontzientzia handiagoa hartzen ari dira. Ari dira ohartzen oporrei garrantzia handiagoa eman behar zaiela, baina kostatzen ari zaie. Ordu estra asko sartzen dituzte...". Dena den, bere egoera hobea dela nabarmendu du. "Unibertsitatean askoz ere libreago ibiltzen gara".
Euskaldunek beti "oso ondo" hartu izan dutela nabarmendu du Yoshidak. "Oso jatorrak dira. Lotsati samarrak ere badira, baina erabakiren bat hartu behar dutenean hartu egiten dute". Euskaldunak eta japoniarrak horretan desberdintzen direla uste du. "Guri kostatu egiten zaigu erabakiak hartzea".
Urte askoan, esperientzia ugari pilatu du Yoshidak, eta harrigarria da Euskal Herriari nahiz euskarari dien maitasuna. Japoniara i-tzultzean, Skype bidez praktikatzen du euskara, Internetez jarrai dezake bertsolaritza, Youtuben entzun musika... Egun, Internetari esker muga batzuk lausotu dira, baina badira hain gertu sentitu ezin diren beste gauza ba-tzuk: lagunak. Horregatik, ez du asmorik urtean behin Azpeitira etortzeko ohitura galtzeko. Euskara zer den galdetuta, argi dio: "Bizitzan topatutako altxor bat. Zergatik da altxor bat? Horren bidez lagun asko egin ditudalako".