Euskal Herri osoan euskararen erabilera areagotzea eta hizkuntza ohituretan eragitea dira Euskaraldiaren helburu nagusiak. Zer da horiek gauzatzeko proposatzen duena?
Aintzane Garmendia: Abenduaren 3a Euskararen Eguna dela aitzakiatzat hartuta, aurreko hamaika egunetan, azaroaren 23tik hasita, euskararen erabilera ahalik eta gehien sustatzea da asmoa. Horretarako, bi figura sortu dira, Belarripresta eta Ahobizia.
Jon Bikendi: Ahobizia izango da euskaraz hitz egiteko gaitasuna daukana eta lehen hitza beti euskaraz egiten saiatuko dena. Belarripresta, berriz, izango da euskaraz ulertzen duena; hitz egiteko gai ez da izango, agian, baina elkarrizketa euskaraz entzuteko konpromisoa hartuko du. Norberak aukeratuko du ahobizi ala belarriprest izan nahi duen. Biak izango dira beharrezkoak: ahobiziak, lehenengo hitza euskaraz eginda emango diolako bidea hizkuntza erabiltzeari; eta belarriprestak, nahiz eta hitz egiteko gaitasunik ez izan edo gaitasun mugatua izan, aurrean duen pertsonaren hizkuntz hautua errespetatzeko aukera emango duelako.
Horrekin lotuta, 11 egun euskaraz da Euskaraldiaren leloa, baina bada jendea esango duena Azpeitian urteko 365 egunak direla euskaraz. Zergatik da garrantzitsua Azpeitian ere Euskaraldia egitea?
A.G: Oraindik eremu asko dago irabazteko, baita Azpeitian ere. Zenbait ohitura aldatzen lagun dezake Euskaraldian parte hartzeak. Batetik, pertsona zehatzekin hizkuntza ohitura jakinak finkatuta izatea ohikoa da; batzuekin beti gaztelaniaz egitera ohituta egon gaitezke, bizi osoan hala egin izan dugulako, eta bitartean, pertsona horiek badira euskaraz egiteko gai. Bestetik, herrian eta egunerokoan beti euskaraz egin arren, herritik kanpora joaten garenean, hiriburuetara, adibidez, oso ohikoa izaten da automatikoki erdarara salto egitea.
J.B: Azkenean, bada euskaraz dakien horrek ere bere ohiturak aldatzea. Behin ohitura aldatuta, Azpeitian ez ezik beste herrietan ere berdin jokatzea nahi da, eremu guztietan. Euskaraldian parte hartzea hautu pertsonala den neurrian, hautu hori leku guztietara eramango du bakoitzak hamaika egunez, Azpeitian ez ezik, Donostian, Bilbon edo tokatzen den lekuan. Gainera, herri euskaldunetako ahobizioi bai dagokigula euskara gurekin batera zabaltzea edozein lekutara. Ekarpena egin dezakegu geure herrietan, eta are gehiago hain euskaldunak ez diren beste herri edota hirietara joaten garenean; toki horietan euskara ulertzen duen jendea badagoelako, baina askoz gutxiago dira lehen hitza euskaraz egiten dutenak eta, beraz, euskaraz egin nahi duten baina aukerarik ez duten horiei bidea ireki deizaiekegu.
A.G.: Aurreiritziekin jokatzen dugu askotan. Hiri bat erdalduna dela pentsatzen dugu, uste dugu han inork ez duela euskaraz egingo, eta geu gara erdarara pasatzen garenak, han euskaraz egiten dutenei aukera bat emateko moduan gaudela pentsatu beharrean. Horrelako jarrerak aldatzen eragin nahi du Euskaraldiak.
Irailean irekiko da Euskaraldian parte hartu nahi dutenek izena emateko epea. Ahobiziei eta belarriprestei txapak ere banatuko zaizkie. Zein izango da prozedura?
A.G.: Irailaren 20an irekiko da izen-ematea. Batetik, Euskal Herri osorako webgunea irekiko du Topaguneak, izena eman ahal izateko. Bestetik, herrian ere postuak jarriko ditugu, nahi duenak izena horietan eman dezan. Gero, jakinaraziko dugu txapak noiz eta nola banatuko ditugun.
Egitasmoa nazionala da, baina herriz herri ari da antolatzen. Azpeitian nortzuk eta noiztik ari zarete lanean?
J.B.: Kike Amonarrizek martxoan eman zuen hitzaldiaren ondoren egin zen batzorde irekia eratzeko deialdia. Talde horretan gaude bai norbanakoak eta bai erakundeetako ordezkariak: herriko ikastetxe guztiak, Natul, Udala, Uema, Uztarria eta Urola Kostako Hitza, Udal Euskaltegia eta Mintzapraktika taldekoak.
Gaurko aurkezpena prestatzea izan al da zuen orain arteko eginkizun nagusia?
J.B.: Bai, eta gure inguruan jendearekin hitz egitea, Euskaraldia zer den pixka bat azaltzeko. Garrantzitsua dela uste dugu, era berean, taldea irekia dela azpimarratzea, edozein momentutan etor daiteke orain arte etorri ez den baina parte hartzeko gogoz dagoen jendea. Guztien laguntza izango da ongi etorria.
Herritar guztiak gonbidatu dituzue gaur arratsaldeko aurkezpen ekitaldira. Zer aurkituko dute plazara azaltzen direnek?
A.G.: Bi aurkezle egongo gara, Euskaraldia zer den eta hemen aipatu ditugun zenbait kontu modu dinamikoan azaltzen ahaleginduko garenak. Eta, gero, Azpeitiko bi hamaikakoak aurkeztuko ditugu.
Herri guztietan ari dira hamaikakoak aurkezten, Euskaraldiaren mezua zabalduko duten sektore ezberdinetako aurpegi ezagunekin edo esanguratsuekin osatutakoak. Azpeitian, bi osatu dituzue. Eta hori?
J.B: Iruditzen zaigulako herri oso euskalduna dela eta hamaikakoan sartzeko moduko jende ezagun asko dagoela gurean. Non aukeratua bazegoenez, saiatu ginen baten partez bi egiten, eta lortu dugu.
A.G.: Ahalik eta jende gehienarengana iristea ere bada asmoa, eta saiatu gara guztiak identifikatuta senti gaitezkeen pertsonak aukeratzen, aniztasuna irudikatzen. Azpeitian euskarak babes sozial handia dauka eta guk hori islatu nahi izan dugu bi hamaikako osatuta. Euskara denon kontua da, eta zenbat eta aurpegi gehiago jarri gure hizkuntzari, hobeto.
Gaurkoa eta gero, nola animatuko dituzue azpeitiarrak Euskaraldian parte hartzera?
A.G.: Herri oso euskalduna garela eta horretaz harro gaudela esaten dugu, baina horretan geratzen gara. Agian, bada momentua pauso bat emateko eta konpromiso txiki bat hartzeko. Herri euskalduna gara, euskal hiztunak gara, eta Euskaraldiko gure txaparekin herrian ez ezik hemendik kanpora ere ohitura horiek zabaltzen lagun badezakegu, ekarpen polita egingo diogu euskarari.
J.B.: Ate berriak zabaltzeko aukera bat da Euskaraldia. Berrikuntza da, norberaren ohituretan aldaketak dakartzana, eta aldaketa horiek onerako izango dira