40 urte, herria alaitzen

Uztarria.eus 2018ko uzt. 30a, 11:17

Goian, Garikoitz Mendizabal; eta, behean, Joxe Mari Sagarzazu, Edu Arana, Jon Mendizabal eta Xabin Zulaika. (Ihintza Elustondo)

Izarraitz txistulari taldeak 40 urte bete ditu aurten. Euskaraldikoekin batera, saninazioetako txupinazoa botako dute gaur. Abuztuko Uztarria aldizkarian Ihintza Elustondo kazetariak txistulariekin egindako erreportajea da hau.

Zenbat aldiz alaitu ote dituzte txistu doinuz herriko kaleak? Pentsatzen jarriz gero, herriko festetako ekitaldi gehienetan, hantxe izaten dira txistua ahoan eta danbolina eskuan. Leku guztietan presente izaten diren arren, ia oharkabean pasatzen dira askotan Izarraitz txistulari taldeko kideak. Baina, aurtengoan, beraiek izango dira saninazioetan lekurik preziatuenenan: hain zuzen ere, beraiek botako dute jaiei hasiera emango dien txupinazoa, Euskaraldikoekin batera.

40 urte bete ditu aurten Izarraitz txistulari taldeak. Musikari gehiagoko boladak izan diren arren, gaur egun, lau kide ditu taldeak: Joxe Mari Sagarzazu (Azkoitia, 1949), Edu Arana (Azpeitia, 1965), Garikoitz Mendizabal (Zestoa, 1973) eta Jon Mendizabal (Zestoa, 2005). Haiekin urte luzez aritutakoa da Xabin Zulaika (Zestoa, 1945); guztira, 60 urte eman ditu txistua jotzen, baina osasun arazoak tarteko, iaz taldea uztea erabaki zuen.

Bostak izango dira uztailaren 30ean Azpeitiko udaletxeko balkoian suziria botatzen. Ilusioa egin die txupinazoa botatzeko beraiekin oroitu izanak: "Hainbeste urte txistua jotzen pasatuta, egindakoren aitortza dela sentitzen dugu", azaldu du Sagarzazuk.

1978-79 urteen bueltan sortu zen Izarraitz txistulari taldea. Aurrez, Itsasiko dantzariekin batera aritzen ziren txistua jotzen, baina haiekin jotzeari utzi eta talde berri bat sortzea erabaki zuten. Arana eta Zulaika elkartu ziren aurrena, eta pixka bat geroago Sagarzazu batu zen taldera. 1981ean udal korporazioarekin irteten hasi ziren, eta dianaz diana eta festarik festa, halaxe iraun dute gaur arte.

Mendizabal aita-semeak berriagoak dira taldean. Garikoitz 1990 inguruan hasi zen Izarraitzen; kontserbatorioan musika ikasketak egiten ari zen orduan, eta Zestoan txistua jotzen bazuen ere, ez zuen talde egonkorrik. "Izarraitzen txistua jotzen hasteko aukera suertatu zitzaidan, eta itsu-itsuan animatu nintzen". Egun, txistulari profesionala da Garikoitz, baina Azpeitiko taldeak eman diona berarentzat zer garrantzitsua izan den azpimarratu du: "Lagun onez gain, txistu talde batean jotzeko aukera ere eman dit Izarraitz taldeak. Gainera, balio oso garrantzitsuak transmititu dizkit: maiztasuna, diziplina eta bokazioa". Musikari profesionala izan arren, taldean afizionatuekin duen lotura hori "oso-oso aberasgarria" iruditzen zaio Garikoitzi.

Hark txistuarekiko duen harreman estua transmititu dio Jon semeari, eta hura ere Izarraitz taldean jotzen hasi da. Zulaikak uztea erabaki zuenean, haren lekukoa hartu zuen Jonek. Hura da taldeko gazteena aldearekin, baina txistua jotzen "pozik" aritzen dela adierazi du. Zulaika harro dago hark hartu duelako bere lekukoa: "Fenomeno jotzen du!", dio.

Hitzordu sorta

Urte hauetan guztietan ez dute meritu makala izan txistulariek. Jende askok ez dakien arren, igandero-igandero, hileko lehen igandean izan ezik, diana jotzen dute, 09:00etan hasita. Alde Zaharrean, kalerik kale, 40 bat minutuz aritzen dira txistua jotzen. Asteroko hitzordu horrez gain, herriko festetan hainbat emanaldi eskaintzen dute, eta Azpeititik kanpo ere hainbat saio egindakoak dira. Konpromiso horien artean, izan dute diskoa ateratzeko tarterik ere: hain zuzen ere, 1997-98an Joxe Mari Gurrutxaga Txokolo txistulariari eskainitako lana kaleratu zuten.

Festarik festa ibiltzen diren arren, ez dute parrandarako tarte handirik izaten txistulariek. Saninazioetan, esaterako, hainbat hitzordu izaten dituzte: dianak jotzen dituzte, korporazioarekin ateratzen dira, zezenketetara ere joaten dira… "Oso ardura lotua" da txistulariena, eta horrek erreleboa aurkitzeko zailtasunak eragiten dizkiela nabarmendu dute. "Ez daukagu lekukoa hartuko duen inor. Igandero jotzera animatuko den jendea aurkitzea oso zaila da", azaldu du Aranak.

Gainera, ez dute xoxik kobratzen egiten dutenagatik. Diru laguntza bat jasotzen dute urtero, eta diru hori arropak, instrumentuak, sortzen diren gastuak, taldekideen musika ikasketak… ordaintzeko erabiltzen dute. Ez dago esan beharrik, beraz, zenbateraino gustatzen zaien txistua jotzea. Zulaikak behin baino gehiagotan esan izan dio Sagarzazuri honakoa: "Txistua jotzen dirurik ez duk egingo, baina mokadu goxo asko egingo dituk!".

Oso giro polita dute, eta hori da hainbeste urtez taldeak bizirik irauteko sekretua. Dianaren ostean hutsik egin gabe hartu ohi duten kafea, bizikletan nahiz pilotan elkarrekin egindako saioak, parranda ondoreneko anekdotak eta barre algarak… Oroitzapen ugari pilatu dituzte urteotan, eta aurrerantzean ere biltzen jarraitzeko asmoa dute, momentuz, ez baitute txistua uzteko asmorik. Ohitura zaharrak ez galtzeko helburuarekin, festarik festa, herriko kaleak alaitzen jarraituko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide