Jon Alberdi: "Beti gogoratuko dut debutean sentitutakoa"

Uztarria.eus 2018ko urr. 22a, 17:20

Jon Alberdi. (Ihintza Elustondo)

Asegarcerekin bi urterako kontratua sinatu berri du Jon Alberdik. Profesionaletako lehen partidak jokatuta, egoera berrira egokitzea du helburu. 2018ko urriko Uztarria aldizkarirako elkarrizketa hau egin zion Ihintza Elustondo kazetariak.

Profesionaletan debuta egin berri, momentu gozoa bizitzen ari da Jon Alberdi (Azpeitia, 1999). Ez du gogoan noiz eman zion pilotari lehen kolpea, baina oroitzen da 2-3 urterekin nola bilakatzen zituen etxeko paretak pilotaleku. Umea zela amesten zuen pilotari horien ondoan jokatzera iritsi da orain Arauntzako mutikoa.

Irailaren 28an egin zenuen profesionaletarako jauzia. Nola oroitzen duzu egun hura?

Egun polita izan zen. Izarraitz frontoia bete egin zen, eta giro ederra nagusitu zen: jendea oihuka entzuten nuen, denak animatzen... Beti gogoratuko dut debutean sentitutakoa.

Jon Ander Albisurekin aritu zinen, Oinatz Bengoetxearen eta Alvaro Untoriaren aurka. 22 eta 19 galdu zenuten partida. Zer balorazio egiten duzu?

Ona. Iruditzen zait nahikoa txukun jokatu nuela. Zati batzuetan ondo aritu nintzen, eta beste batzuetan pixka bat baxuago, baina hori baino garrantzitsuagoa da han zegoen giroa, eta horrekin gelditzen naiz. Sekulako berotasuna sentitu nuen: kuadrillakoak han zeuden, pilotari asko joan ziren ikustera, lau edo bost pankarta ere bazeuden... Etxeko pasilloan bezala sentitu nintzen.

Jokaldi polit batzuk egin zenituen...

Bai, batzuk atera zitzaizkidan. Horrelako batzuk egin beharra zegoen, bestela Bengoetxeak berak egingo zizkigun eta.

Beste pilotariek zer moduzko harrera egin zizuten?

Aldageletan-eta aurrez egondakoa nintzen beraiekin, eta alde horretatik, nahikoa ondo. Broma batzuk-eta egin zizkidaten...

Urduri egon al zinen?

Uste nuen urduriago egongo nintzela, baina nahikoa ondo eraman nuen. Horretan ikasi dut. Lehen okerrago eramaten nuen; umea nintzela, galtzen banuen, sekulako kasketak izaten nituen. Orain berehala pasatzen zait.

Min ere hartu zenuen.

Bai, zaintiratu txiki bat egin nuen orkatilan, baina ez da ezer larria, eta berehala itzuliko naiz normaltasunera.

Partida amaitzean, herrian zegoen giroa ikusita, parrandarik egin al zenuen?

Ez, etxera joan nintzen. Lagunek uste dut festarekin kalean jarraitu zutela, baina ni etxera joan nintzen. Etxera iritsi nintzenean, gure partida ari ziren ematen telebistan, eta horixe ikusi nuen.

Zer sentipen izan zenuen partida ikustean?

Gutxi gorabehera, frontoian sentitu nuen antzekoa. Espero nuen horixe ikusi nuen telebistan.

Ospatu al zenuen debuta?

Hurrengo egunean, lagunekin bazkaria egin nuen, eta parranda pixka bat ere bai.

Asegarcerekin bi urterako kontratua sinatu berri duzu. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Duela urte eta erditik beraiekin entrenatzen ari nintzen, baina ezin duzu jakin inoiz aukera hori iritsiko ote zaizun. Niri iritsi zait, eta ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatuko naiz. Onenekin jokatzera iritsi naiz, eta haien egoerara moldatzen ikasi beharko dut.

Zaila izango al da?

Bai, maila handia dago eta. Asegarceko aurrelari denek, gutxienez, bi urte daramatzate profesionaletan, eta, hasieran, haien egoerara egokitzea pixka bat kostatu egingo zaidala iruditzen zait. Baina ahal den azkarren moldatzen saiatuko naiz.

Zer helburu dituzu hasi duzun etapa berrirako?

Hasieran, ez dut helbururik jarriko. Maila horretara ahalik eta ondoen moldatzea da nire nahia, eta ea urte batzuetan hor segitzeko aukera dudan.

Debuta berri pozgarria da, baina horrek ez du esan nahi dena ondo joango denik. Erronka berri honek beldurrik sortzen al dizu?

Iruditzen zait hasiera garrantzitsua izan daitekeela. Hasieran partida batzuk irabazten baldin baditut, konfiantza handiagoa izango dut neure buruarengan. Baina partidak irabazi ezinda hasten banaiz, pixka bat kostatuko zait. Etapa berri hau ondo hastea garrantzitsua izango da.

2017ko urrian hasi zinen Asegarcerekin entrenatzen. Nolakoa izan da orain arteko prozesua?

Aurrez entrenamendu batzuk egin nituen Asegarcerekin, eta gero, aurre kontratu bat sinatu nuen. Entrenamenduetan nahikoa ondo moldatu nintzen; ikusten zen pixkanaka-pixakanaka ari nintzela hobetzen, eta orain aukera iritsi zait.

Anaia Unai ere zurekin aritu da entrenatzen.

Hark gutxi entrenatu du nirekin, Azpeitian egin ditu entrenamendu gehienak, baina hark ere aurre kontratu hori sinatuta du.

Biok pilota munduan murgilduta zabiltzate. Harreman berezia al duzue?

Bai. Oraindik ez zaigu inoiz elkarren kontra jokatzea tokatu, eta eskerrak! Bestela, galtzen duenak bestea aguantatu beharko du pixka batean [barreak].

Etxetik al datorkizue afizioa?

Bai, aita ibili zen pilotan 20 urtera arte edo, baina ez zuen izugarrizko afiziorik. Bi anaioi, berriz, txikitatik gustatzen zaigu pilota.

Gustatuko al litzaizuke anaia zu iritsi zaren leku berean ikustea?

Bai, etxeko beste bat profesionaletara iristea ederra izango litzateke. Baina ahal dela, nik irabaztekotan, e! [barreak].

Umea zinela hasi zinen pilotan. Nola oroitzen dituzu garai haiek?

5 urterekin hasi nintzen Ilunpen. Adin horrekin zaharragoen taldean hastea tokatzen zitzaidan, eta esan zidaten hurrengo urtean apuntatzeko. Urte hartan bertan apuntatu nintzen, partidak galtzen banituen, hurrengo urtean irabaziko nituela pentsatuta. Lehen urtean txapela atera nuen, eta horrek jarraitzeko poza eman zidan.

Nolakoak izan ziren hurrengo urteak?

Hasieran, ez ginen asko ateratzen Azpeititik, baina behin Lizarrako txapelketa jokatzera joan nintzen, eta finala galdu egin nuen. Han nahikoa ondo ibili nintzela ikusita, beste txapelketa batzuetara gonbidatu ninduten. Pixkanaka, zer txapelketa zeuden ezagutu nuen, eta horrela hasi nintzen bidea egiten. Gero, afizionatuetan hasi nintzen, eta horrela egin ditut azken urteak.

Zenbat Herriarteko Txapelketa irabazi dituzu?

Gipuzkoako lau final jokatu eta laurak irabazi ditut, eta hiru Euskal Herriko txapel ere bai; Euskal Herriko final bat galdu egin genuen.

Zer esan nahi dute txapel horiek zuretzat?

Herriarteko Txapelketa oso ederra da. Kanporaketetan jende pila bat elkartzen da, eta sekulako giroa egoten da. Beti beteta egoten da frontoia, eta herritarren berotasuna sentitzen da. Kariño berezia diot txapelketa horri.

Aurrerantzean ezingo duzu bertan parte hartu...

Ez, beste batzuek jokatu beharko dute nire ordez. Baina badaude lekukoa hartzeko pilotariak: Iriarte, Egiguren, Apezetxea... Nik jokatu ez arren, beti joango naiz partidak ikustera.

Erraza izan al da zauden lekura iritsi arteko bidea?

Haserrealdi eta buruko min asko eman dizkit pilotak, partida galdu eta etxera burumakur joandako egunak ere bai... Baina une politak ere bizi izan ditut, bestela ez nintzatekeen nagoen lekuan egongo.

Txikitan atzelaria zinen. Zergatik aldatu zinen aurrera?

Duela lau urtera arte-edo atzean jokatzen nuen. Lau eta erdian nahikoa ondo moldatzen nintzen, eta aurrean probatzeko erabakia hartu genuen. Aldaketak merezi izan zuela dirudi; momentuz, behintzat, ez naiz damutu.

Pilotan ezkerra zara, baina sakea eskuinez egiten duzu. Ez al da bitxi samarra?

Bai, pixka bat arraroa da. Jan eta idatzi eskuinarekin egiten dut, baina gainontzeko dena ezkerrarekin. Pilotan ere ezkerra naiz, eta sakea lehen ezkerrarekin egiten banuen ere, aspaldi hasi nintzen eskuinarekin ateratzen. Dena den, oraindik ere antzematen dut ezkerrarekin errazago moldatzen naizela; izan ere, berez, ezker-ezkerra naiz.

Zerbait ari al zara ikasten?

Bai, Robotika Industrialeko goi mailako zikloa, Eibarren. Aurten ez dakit ikasturte osoa gainditzerik izango dudan, entrenamenduak direla eta. Baina zikloa amaitzeko asmoa badut.

Kepa Peñagarikano izan zen profesionaletan debuta egin zuen azken azpeitiar pilotaria. Zer sentiarazten dizu izen horrek?

Hark profesionaletan urte dezente eman zituen, eta ibilbide ederra bezain garrantzitsua egin zuen. Haren adinako bidea egitea zaila izango da, baina ea zertara iristen naizen.

Erreferenterik baduzu?

Asko. Bengoetxea, Aimar, Irujo, Barriola... Txikitan telebistan ikusten nituen, eta horiek denak erreferenteak izan dira niretzat.

Bide berri honetan, zein da zure ametsa?

Momentuz, ez naiz ametsik egiteko gai ikusten. Nahiago dut pixkanaka-pixkanaka joan, eta ea noraino iristen naizen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide