Jose Luis Gorrotxategik (Osintxu, Bergara, 1945) duela egun gutxi egin zuen azken plaza. 55 urte bertsoak buruan eta ahoan ibili ostean, plazetako erretiroa hartu du. Bertsolaritza ez du, baina, albo batera uzteko.
Bergarako frontoia, 1963ko martxoaren 3a. Zer datorkizu gogora?
Urte hartan soldadu zihoazen gazteek jaialdi bat antolatu zuten. Ni sei bat hilabete lehenago nengoen bertsotan hasita, eta lankide batek esan zidan kantatuko al nuen. Noizbaiten probatu beharko nuela pentsatuta, baiezkoa eman nion, eta hala aritu nintzen Benito Irasuegirekin eta Martin Egileorrekin batera. 55 urte pasatu dira dagoeneko, baina oroitzapen ona dut, oso lasai joan nintzen. Plazan ez naiz urduri jarri izan. Txapelketetan ere saioa bera baino txarragoa izaten zen bezperako eguna.
55 urte pasatu dira ordutik. Erraz esaten da, ezta?
Hasi nintzen garaian, ez nuen uste plazetan ez 55 eta ez bost urte egingo nituenik. Tarteka aritzen nintzen kantuan, Bergara inguruko jaialdiren batean, baina aurrera begira ez nuen ezer buruan. Urtebetera edo, Kintopeko Txapelketa antolatu zuten Bergaran. 11 bertsolari aritu ginen lehian, eta ez dakit merezi nuen edo ez, baina lehenen egin nuen. Gero, Gipuzkoako Txapelketa etorri zen, han ere parte hartu nuen, eta… Hala hasi nintzen.
Zer dela eta hasi zinen bertsolaritzan murgiltzen?
Jaiak ziren Bergarako Basalgo auzoetako batean. Dozena inguru neska eta mutil festatik etxera gindoazela, lagun bat bertsotan hasi zen.Mendaroko gizon batek aita-alaba batzuk hil zituen Markina-Etxeberriko baserri batean, eta haren bertsoak abesten hasi zen. Hari erantzunez, neuk pentsatutako bertsoak kantatzen hasi nintzen, eta hala esan zidaten lagunek: “Joño, hi, errimatu egin duk eta!”. Lagunekin hasi nintzen, eta saioren baterako deitzen zidatenean, beste asmorik gabe joaten nintzen.
“Beste asmorik gabe” hasi zenak, punta-puntako bertsolariekin abestu du urteetan.
Hala da, bai. Basarrirekin, Uztapiderekin, Xalbadorrekin, Mattinekin, Xanpunekin, Enbeitarekin… Gehienekin abestu dut.
Jarraitu elkarrizketa osoa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.