Azpeitiko EH Bilduk Zugandik hasita, herria egiten parte hartze prozesua jarri zuen martxan urtarrilean, herritarren kezkak eta beharrak ezagutzeko asmoz. Azken asteetan, 750 herritarren iritziak jaso dituzte; 600 telefono bidezko inkesta egin ditu talde profesional batek, eta 150 inkesta bete dituzte herritarrek Internet bidez. Gaur, prozesu horren emaitzak aurkeztu ditu Nagore Alkorta EH Bilduren alkategaiak, koalizioko hainbat kiderekin batera. Alkortak eskerrak eman dizkie herritarrei galdetegia erantzuteko denbora hartu dutelako.
Hark nabarmendu duenez, Udal Gobernuaren azken urteetako kudeaketa "ona edo oso ona" izan dela erantzun dute herritarren %76,33k; kudeaketa horri 7,1eko batez besteko kalifikazioa jarri diote herritarrek. Azken urteetan hobera egin duten gaien artean, honako hauek izan dira errepikatuenak: berrikuntzak eta obrak, kultura, Udalaren gertutasuna eta herritarren iritzia kontuan hartzeko bideak. Bestalde, Udalari gehiago sakontzeko gelditu zaizkion hainbat gai ere aipatu dute herritarrek: besteak beste, lanpostuak sortzea, etxebizitzen arloa lantzea, gazteentzat laguntzak bideratzea eta beste udalerriekiko komunikazioa hobetzea.
Herritarrei Azpeitiko arazo larrienez ere galdetu die EH Bilduk, eta ekonomia eta lanarekin lotutakoek hartu dute indarra: langabezia, gazteen lan etorkizuna eta soldata baxuak izan dira gehien errepikatu direnak. Horiez gain, aparkaleku falta, etxebizitzak eta garraio publikoa ere nabarmendu dituzte. Kezka pertsonalei buruz ere galdetu diete herritarrei, eta honako hauek aipatu dituzte horiek: adineko pertsonentzat zerbitzuak, osasuna, segurtasuna eta etxebizitzen prezioa.
Era berean, datozen urteetan zer gairi heltzea nahi luketen ere galdetu die EH Bilduk azpeitiarrei, eta honako gai hauek baloratu dituzte 7tik gorako notarekin, 0tik 10erako eskalan: parekidetasuna, ingurumena, gaizkien pasatzen ari direnentzat laguntzak, formazioa eta hirigintza.
Herriaren nolakotasuna ere izan dute aztergai galdetegian. Inkesta erantzun dutenen %84k uste dute Azpeitia "herri berritzailea eta irekia" dela. Hori kontuan izanda, herritarren %80k baino gehiagok garrantzia handia eman die –7 eta 10 puntu artean– berrikuntzaren ildotik lanean jarraitzeari.
Lehentasunei erantzuteko "konpromisoa"
Herritarren kezkak eta beharrak zeintzuk diren identifikatuta, EH Bilduk lehentasun horiei erantzuteko ahalegina egingo duela azaldu du Alkortak, eta horretarako, "ekintza zehatzak" gauzatuko dituztela. Galdetegia herri programa osatzeko "oinarri sendoa" dela esan du alkategaiak, baina informazioa jasotzeko bide bakarra ez dela hori izango erantsi du. Izan ere, dagoeneko herriko eragileekin biltzen ari direla adierazi du politikariak, eta martxoan eta apirilean arloz arloko bilerak egingo dituztela. Gainera, Alkortak nabarmendu du koalizioak aurretik egindako lanaren jarraipena proposatu nahi duela datozen urteetarako. "Izan ere, galdetegiek argi erakutsi dute herritarrek azken urteetako Udal Gobernuaren balorazio positiboa egin dutela".
Zugandik hasita, herria egiten ariketan jasotako informazioarekin eta azken urteetan landutako bidearekin, bost lehentasun identifikatu ditu koalizioak, eta herri programa osatzerakoan, ildo horiei tiraka lan egingo dutela adierazi du Alkortak. Honako hauek dira bost lehentasunak: ekonomia eta lana; gizarte beharrak eta adinekoentzat erraztasunak; etxebizitza beharrari erantzutea; herrigintza eta parte hartzea; eta elkarbizitza.
Ekonomiari eta lanari dagokienez, lanpostuak sortzeari eta lanaren kalitateari emango die garrantzia EH Bilduk, eta gaur-gaurkoz "ekonomiaren motorra" industria denez, hori sustatzen "indar handia" egingo dutela azaldu du Alkortak. Gainera, industria lurrekin "zerbait eraginkorra" egitea "ezinbestekoa" dela adierazi du; Landetarekin, esaterako. Haren arabera, sektoreen arteko oreka bermatzeko ere egingo dute lan.
Gizarte beharren kasuan, "gehien behar duten horiei" laguntzeko ahalegina egingo dutela adierazi du Alkortak. Ildo horretatik, datozen urteetan adinekoen beharrei erantzutea "erabateko lehentasuna" izango dela nabarmendu du, biztanleria gero eta zaharragoa izango delako. Etxebizitza beharren kasuan, berriz, hainbat proiektu martxan dituztela eta aurrera begira ere bide beretik jarraituko dutela azaldu du.
Herrigintzaren eta parte hartzearen bueltan, azken urteetan Azpeitian "giro berezia" sortu dela azpimarratu du EH Bilduko hautagaiak. Haren arabera, Azpeitiko dinamika ehun gizarte eragilek baino gehiagok osatzen dute, eta Udalak horiekin elkarlanean jarraitzeko "konpromisoa" du. Bestalde, Azpeitia "herri inklusiboa" izatea nahi dutela nabarmendu du Alkortak, eta elkarbizitza horretan, "pertsonak lehen lerroan jarriko dituen demokrazia baten alde" lan egingo dutela azaldu du.