Bertha Gaztelumendi: "Gladys del Estalen istorioa kontatu beharra zegoen"

Urola Kostako Hitza 2020ko mar. 3a, 12:30

Bertha Gaztelumendi. (Montse Castillo)

Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentala emango dute gaur Sanagustin kulturgunean. 40 urte bete dira Gladys del Estal hil zutenetik, eta hura omentzera dator ikus-entzunezkoa.

Elkar-ekinek antolatuta, Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentala eskainiko dute gaur Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Energia nuklearraren kontra eginiko protesta baketsu batean, Guardia Zibilak Gladys del Estal hil zuen, tiroz, 1979an, Tuteran (Nafarroa). Egun hartako gertakariak eta mugimendu antinuklearrak Euskal Herrian zein nazioartean izan zuten garrantzia bildu dute 66 minutuko dokumentalean. Bertha Gaztelumendi (Irun, Gipuzkoa, 1962) da lanaren zuzendaria, eta Azpeitian izango da gaur dokumentalaren gidoigile Sabino Ormazabalekin batera.

Badira hilabete batzuk Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentala plazaratu zenutela. Nolako harrera izan du?

Dokumentalak harrera oso ona izan du aurreneko unetik. Zinebi jaialdian aurkeztu genuenean harrera ezin hobea izan zuen ikus-entzunezkoak, eta orain arte egindako bidean jasotako erreakzioak ere oso onak izan dira. Gainera, duela gutxi Argia saria jaso zuen dokumentalak. Eskerrak eman besterik ez dugu; izan ere, pozez hartzen dugu egindako lanak izan duen harrera beroa.

Proiektuaren hastapenetara joanda, zer dela eta erabaki zenuten dokumentala sortzea?

Ideia aspaldikoa da. Sabin Ormazabalek proposatu zidan dokumentala egitea duela urte batzuk. Ordurako elkarlanean aritutakoak ginen, Argituz izeneko giza eskubideen elkartean, etabageneukan ohitura elkarrekin aritzeko. Duela hiru urte hasi ginen dokumentala grabatzen, baina orain dela urtebete murgildu ginen sakon proiektuan.

Zer kontatzen du ikus-entzunezkoak?

Gladys del Estali ekainaren 3 hartan gertatutakoa kontatzea proposatu zidan Sabin Ormazabalek, Gladysena inoiz kontatu gabeko pasartea zelako eta kontatu beharra zegoelako. Baina horrez gain, sasoi hartako gizarte mugimenduari egin nahi genion erreferentzia. Erakutsi nahi genuen zernolako gizarte mugimenduak lortu zuen orduan martxan zegoen Lemoizko zentral nuklearra eta irekitzekoak ziren beste zentralak gelditzea. Pentsatu genuen oso interesgarria zela mugimendu horren jarduna gogoraraztea; iruditzen zaigu nuklearren aurkako mugimenduak hainbat ikasketa utzi duela. Gaur egunera ekarrita, kontakizuna interesgarria eta baliozkoa izan zitekeela iritzita ekin genion lanari.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide