Aipatutako proposamenean (osorik jarri dugu artikuluaren bukaeran), Baite-k "ongietorria" egiten dio Plan Nagusiari, baina elkarteak berak ere bertan modu zuzenean parte hartu behar duela eskatu dio Udalari. Udalak aztertu du Baite-ren proposamena, eta hurrengo astean -ostegunean- elkarteari bere proposamena egingo dio.
Honatx Baite-k Udalari egin zion proposamena:
Ongi-etorria eman nahi diogu Baite Euskara Elkartetik Azpeitiak euskararen alorrean bizi duen giro itxaropentsuari.
Udalak Azpeitian euskara normalizatzeko plan bat onartu du (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia) , eta datorren abenduaren 2an sinadura ekitaldi handi batekin eman asmo dio lehen bultzada publikoa plan horri. Baite han izango da euskararen aldeko bere konpromiso borondatea erakusteko. Sinadura lehen urrats sinboliko moduan ikusten dugu, ondoren etortzea espero dugun beste hainbat pausoren aitzindari. Gaur arte denok behar izan gaitu euskarak, eta hemendik aurrera ere halatsu izango dela iruditzen zaigu. Azpeitian euskararen normalizazioa lortzea da Baite-ren helburu nagusia, planarena bezala. Gainera, sortze beretik plazaratu genuen gure euskararen aldeko ekina Udalarekin lankidetzan burutzeko nahi garbia. Aukera berri bat zabaldu zaio orain Azpeitiari herriko euskalgintzak eta Udalak bat egin dezaten elkarlanean. Adostasuna bilatzeko eta aurkitzeko eta elkarlanerako gogoa berretsi du behin eta berriz Baite Euskara Elkarteak bere agerpen publikoetan, hasi aurtengo otsaileko lehen prentsaurrekotik eta amaitu lehengo asteko hitzaldiarekin. Horrekin batera, ordea, bere lana behar bezala burutzeko helburu batzuk jarri zituen Azpeitiko Euskara Elkarteak. Baite-k bere nortasuna behar du, bere autonomia propioa eta egiten ari den lanari begirunea.
Oso garrantzitsua da era honetako plan bat aurrera atera nahi duen herriak Euskara Elkarte sendo bat izatea. Lana duintasunez egingo duena, eta bere alorrean erreferentziala izateko sortu dena. Horretarako ardurak, errekonozimendu maila bat eta ezinbesteko azpiegiturak behar dira eskura.
Orain gauzak behar bezala egiteko aukera historiko baten aurrean gaude berriro. Orain herriko indar sozial gehienak eta nagusienak elkarrekin euskararen alde jar ditzakegu guztion borondatearekin, azpeitiar gehienon indarra batu daiteke euskara normaltzearen alde. Abenduaren 2ko sinadura ekitaldia lehen urratsa da eta Baite ez da faltako. Aurrerantzean ere euskararen alde ematen diren pausoetan Baite-k lehen muturrean egon nahi du gurdi horretatik tiraka.
Gure helburuak betetze bidean gogotik egingo dugu lan: bai lehenago aipatu ditugun helburuen atzetik (normalkuntza, Udalarekin adostasuna bilatzea eta aurkitzea), bai ondoren aipatzen ditugunen bila. Horiek izango dira gure jardunaren iparra. Horiek erabakiko dute gure lotura planarekiko eta Udalarekiko hemendik aurrera. Baite-n ez gara aspertuko Udalarekin adostasunera iritsi behar dugula aldarrikatzen. Gaur bezala bihar denok beharko baikaitu euskarak.
Azpeitiarrok itxaropenez begiratzen diogu euskararen etorkizunari, gure etorkizunari. Orain da garaia.
Elkarlanerako urratsak
Ondorengoak dira Baite Euskara Elkarteak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia dela-eta Azpeitiko Udalari egiten dion eskaintza bi erakundeen arteko lankidetza baterako.
- Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia Azpeitian planifikatzeko eta garatzeko garaian, Baite Euskara Elkarteak herriko esparru baten ardura hartuko du, Udalarekin batera esparru hori landu dezan. Horretarako Baitek euskara teknikari bat kontratatuko du, Udalaren diruarekin.
- Baiteren euskara teknikari horrek harreman estua eta iraunkorra izango du Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiko euskara teknikari nagusiarekin, plan osoaren informazioa izan dezan eta jarraipena egin dezan.
- Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren jarraipena egiteko, Euskara Batzordea sortuko da, egitasmoaren organigrama barruan eta Azpeitiko Euskara Patronatoaren lagungarri. Hainbat esparrutan garatzen ari diren ekintzak koordinatzeko izango da Euskara Batzorde hori, eta bertan, euskara teknikari nagusiaz gain, Baite Euskara Elkarteak ere parte hartuko du, baita gizarteko erakunde eta elkarte garrantzitsu eta erreferentzial zenbaitek ere.
- Baite Euskara Elkarteak parte hartuko du Azpeitiko Euskara Patronatoan.
2001eko azaroa