Zaharren aldeko agiriak atxekipenak jaso ditu gaur Azpeitian

Uztarria.com 2002ko mar. 26a, 19:03

Agirian adinekoak diskriminaziora jo eta bazterrera uzteko jarrera aldatzeko printzipioa jasotzen da.

Gaur Azpeitiko plazara hainbat adineko hurbildu da Zaharren Aldeko Agiriari euren atxekipena azaldu asmoz. Izan ere 10:00etatik 14:00etara bertan izan baita Aitonenako batzordea Gipuzkoako Adineko Pertsonen Kontseiluak sustatu duen kanpainarako sinadura biltzen. Kanpaina adinekoen eskubide eta zenbait printzipioen alde herritarrak sentsibilizatu, eta euren konpromezuaren lekukotzat sinadurak bildu asmoz antolatu da. Kanpaina gaur amaitu da Azpeitia, Beasain eta Deban.

Martxoaren 16an hasi zen kanpaina hau adinekoen integrazio eta parte hartzea sutatzeko lortzeko bidean lehen urratsa da. Zaharren Aldeko Agirian zaharrak adinagatik baztertzen dituen fenomenoa salatzen da, horren eraginez errealitatearekin zerikusirik ez duen adinekoen estereotipo ezkorrak indartzen eta nagusitzen ari bait dira. Fenomeno honen aurrean agirian, adinekoak diskriminaziora jo eta bazterrera uzteko jarrera aldatzeko printzipioak jasotzen dira. Hala nola, adinagatik bazterketarik ez egiteko printzipioa, herritartasunaren printzipioa eta belaunaldien arteko elkartasunaren printzipioa.

Baina printzipioez gain zenbait oinarrizko eskubide ere jasotzen dira: duintasun eskubidea, independentzia eskubidea, parte hartzeko eskubidea, norberaren errealizaziorako eskubidea eta norberaren eskubideak ezagutu eta defendatzeko eskubidea.

Gainera beharrezko diren aldaketak egiteko printzipio eta eskubideak aldarriketzea nahikoa ez dela-eta Agiriak bizitzeko alor ezberdinetan aplika daitezkeen hainbat gomendio ere biltzen ditu. Aholkuak hainbat arlotara zuzentzen dira -diskurtso publikorakoak, hezkuntza arlorakoak, lan arlorakoak, gizarte zerbitzuen arlorakoak, eta baita komunikazio nahiz familia arlorakoak- pentsatu, komunikatu nahiz egiteko modu berriak sustatu asmoz.

Gizpuzkoako Foru Aldundiko Gizartekintza Sailak landutako Gerontologia Planean adinekoen ongizatea bermatzeko gaur eguneko jarrera baztertzaileak gainditu eta adinekoak gizarte parte hartzaile aktiboak izan daitezen du helburu. Gipuzkoako Gerontologi Planean ere diskriminazioa gainditzeko bidean elkartasuna eta gizarte atxekipena aipatzen dira.

Kanpainan zehar bildutako atxekipen-sinadurak Nazio Batuen Erakundeak antolatutako Zahartzaroari buruzko Nazioarteko Foroan aurkeztuko dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide