Baitek finkatu ditu jada norabidea, barne egitura eta plangintza

Baite Euskara Elkartea 2002ko api. 30a, 13:04

Oraingoz ez da beste plan estrategiko bat egiten hasiko, eta beste arlo batzuekin ariko da; Aitonena bete egin zen

Baite Azpeitiko Euskara Elkarteak, azken hilabeteetako gertaerak aztertu eta gero, elkartearen barne egitura, aurrera begirako norabidea eta plangintza finkatu zituen apirilaren 27an egin zen bazkideen batzarrean.

Hain zuzen ere, huraxe izan zen Baitek egin duen bazkideen lehendabiziko batzarra; joan den azaroan ekin zion bazkideak lortzeari, eta orain arte ez du ikusi batzarra egiteko une aproposik. Aitonenan egin zen bilerara hainbat eta hainbat bazkide azaldu ziren; aretoa bete egin zen. Behin-behineko talde eragileko kideek elkarteak sorreratik izan duen bilakaera azaldu zuten, baita Baitek hemendik aurrera izango duen barne egituraketa, 2002ko plangintza eta aurrekontua ere. Bazkideek aho batez onartu zuten guztia.

Baite oraingoz ez da beste plan estrategiko bat egiten hasiko. Azpeitian orain dela urtebete egin zen saio bat Udalaren, euskalgintzaren eta gizarte eragile batzuen artean, baina Udalak bertan behera utzi zuen saio hura, eta bereari heldu dio. "Gu bestelako planetan hasiko bagina, Udalarekin aurrez aurre geundeke eta horrek ez lioke inolako mesederik egingo lortu nahi dugun euskararen normalizazioari. Zatitu ez, baizik eta batu egin behar da euskararen faboretan", esan zuen Baitek bazkideen batzarrean.

Euskara elkarteak kontzientziazioari eta komunikazioari helduko dio batik bat; hala, hilero lau orrialdeko aldizkaria aterako du, eta Uztarria herri aldizkariaren barruan banatuko da.

Baitek 2002rako bost mila euroko aurrekontua izango du, eta Udalari lokal bat eskatuko dio berriro.

Ereserkiye

Larunbateko batzarrean Baite Euskara Elkarteak bere ereserkia ere aurkeztu zuen. Ereserkiaren letrak Joxe Luis Otamendi eta Laxaro Azkunek jarri dituzte. Interpreteak, berriz, Xabier Alberdi Zabale eta Andoni Larrañaga dira. Ereserkiaren doinua Loiolako porrusalda da, Joseba Tapia eta Koldo Izagirreren "Apoaren edertasuna" diskotik.

Azpeitiyen badao
euskera elkartie
asko jakinen ziri,
alperren kaltie.
Hau da albistie
euskera elkartie

Luzeako izengo da
"Baite"ren premiye.
Nahastu eiten die
ixkue ta beiye.
Hori da egiye!
"Baite"ren premiye.

"Ekarri zak" neskari
esan eta lasai.
Ez jakiñien baiñe
ar bihurtuez ai!
Neska arrak nunahi
ni e nago lasai!

To eta no ite zeben
Antton ta Garbiñek.
Biyek e bazekiben
nola zeuden iñek.
Marka desberdiñek
Antton ta Garbiñek.

Lagun batek ozenki!
beste bati diyo:
"Ez dizut ondo ikusi,
portaletik jiyo".
"Ze ikusi nahi diyo?"
beste batek diyo.

Nahiz euskerakin duen
satisfaziyue
azpeitiarrak erdera
du lan soziyue.
Ezta seriyue
satisfaziyue.

Euskerie indertzeko
jarri deu neurriye:
egunero ekin ta
ez izan nagiye.
Bana ezinek die
"Baite" ta Azpeitiye.
"Baite" ta Azpeitiye
jarri deu neurriye.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide