Lehenengo mozioaren arabera, EHNA tramitatzeko lokal bat jarriko da Azpeitian eta EHNA baleko agiria izango da bai Azpeitiko Udaletxean eta baita beste udal erakundeetan ere. Arduradunek jakinaraziko dute noiz eta non eskatu ahalko den EHNA Azpeitian. Behin, eskaera egin eta gero hilabeteren buruan jaso ahal izango da agiri hau.
Hona jarraian bi mozioak oso-osorik:
BAI, EUSKAL HERRIAREN MOZIOA. BATASUNAK AURKEZTU DUENA:
EUSKAL NAZIOTASUNA AITORTZEKO AGIRIA ESKATU ETA IGORTZEARI BURUZKO UDAL ARAUDIA
HITZAURREA
.I. KONTUAN HARTU DUGU nazioarteko erkidegoak zenbait tratatu eta akordioen bidez (hala nola, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, Giza Eskubideen eta Oinarrizko Askatasunaren Babeserako Europar Hitzarmena, Eskubide Zibil eta Politikoen Ituna eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituna) honakoak aitortu dituela:
1- Herri guztiek dute erabakiak askatasunez hartzeko eskubidea eta, eskubide horren bitartez, beren egitura politikoa eta garapen ekonomiko, kultural eta soziala askatasunez finka dezakete.
2- Gizaki guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dagozkie jaiotzez eta beren nortasuna aitortzen zaie.
3- Gizaki guztiek dute naziotasuna izateko eskubidea eta inori ez zaio bere naziotasuna edo naziotasuna aldatzeko eskubidea kenduko.
4- Gizaki guztiek dute beren iritzia emateko eta beren sinesmenak adierazteko askatasuna eta agintari publikoek ez dute esku sartzerik izango.
II. KONTUAN HARTU DUGU askatasun eta eskubideak bermatzeko orduan, ez dela desberdintasunik egingo nazio jatorriagatik, gutxiengo nazional batekoa izateagatik, hizkuntzagatik edo iritzi politikoengatik.
III. BERRETSI DUGU udal hau oinarrizko askatasun horiei atxiki zaiela, justizia eta demokraziaren gutxieneko oinarriak direlako.
IV. AINTZAT HARTU DUGU, gorago aipatu printzipioen arabera, gizakiak ezin duela askatasun zibil eta politikoez gozatu, baldin eta horretarako baldintzak sortzen ez badira.
.V. KONTUAN HARTU DUGU udal honek, erakunde publiko den heinean, errespetua eta askatasun eta eskubide horien egikaritza sustatzeko betebeharra duela.
VI. KONTUAN HARTU DUGU udalerri honetako hiritarrek beren naziotasuna aitortzeko eta naziotasun horri askatasunez atxikitzeko eskubidea dutela eta, horrela izanik, ez dela inolako desberdintasunik egingo, ez eta inolako mugarik jarriko.
VII. KONTUAN HARTU DUGU udalerri honetako biztanleei espainiar edo frantziar naziotasuna aitortzeko eskubidea bermatzen zaiela, ez ordea euskal naziotasuna.
VIII. BAIETSI DUGU hori horrela dela eta hainbat eta hainbat euskal hiritarrek eskubide horren egikaritza bermatzeko eskaria sinatu dutela.
Udal honen zilegitasunean oinarrituz, Euskal Herriko lehenengo Nazio Erakunde eta bakarra den Udalbiltzaren eskariz, eta 1985eko Europar Gutunak aitortutako Tokiko Autonomia egikarituz, udal honek
HAUXE ERABAKI DU:
LEHENA. Euskal Herriko Naziotasun Aitormenaren bitartez hiritarrek, askatasunez eta demokratikoki, Euskal Herri edo Nazioko hiritar izateko nahia eta borondatea adierazten dute. Dokumentu publikoa da eta udal honek horren benekotasunaren fede emango du.
BIGARRENA. Euskal Herriko Naziotasun Aitormenaren bitartez hiritarraren nortasun eta auzokidetasunaz fede emango du, udalaren ondorioetarako.
HIRUGARRENA. Udal honek udalerriko hiritar guztien berdintasuna sustatuko du. Hori dela eta, eskuar dituen baliabide guztiak erabiliko ditu auzokideek askatasunez eta eraginkortasun berberaz adieraz dezaten espainiar, frantziar edo euskal naziotasuna harreman komertzial, sozial eta juridikoetan (publiko zein pribatuetan).
LAUGARRENA. Udal honetako edozein hiritarrek eska dezake Euskal Herriko Naziotasuna Aitormen Agiria. Horretarako, interesatuak udal bulegoetan izango ditu eskaera-inprimakiak eta instrukzio orriak. Orri horietan eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak adieraziko dira:
- Nortasun Agiriaren tamainako lau argazki
- Padroi agiria
- Legezko ordezkariaren dokumentazioa, kasuan-kasuan.
BOSTGARRENA. Interesatuak behar bezala bete eta sinatu beharko du Euskal Herriko Naziotasuna Aitormenaren eskaera-inprimakia. Horrela, sinatzen duenak adieraziko du bere borondatez eskatzen duela Euskal Naziotasuna eta espreski baimentzen duela emandako datu pertsonalen erabilera, bai Euskal Naziotasuna Aitortzeko Dokumentua tramitatzeko, bai Udalbiltzak etorkizunean egoki deritzonerako.
SEIGARRENA: Euskal Herriko Naziotasuna Aitormen Agiriaren eskaera-inprimakia entregatzean, eskaeraren ordezko agiria zenbakiduna emango zaio hiritarrari eta udalean bertan aurkeztu beharko du ordezko agiria hori 30 eguneko epean, Euskal Naziotasuna Aitortzeko Dokumentua jaso nahi badu.
ZAZPIGARRENA: Euskal Herriko Naziotasuna Aitormen Agiria eskatu duten hiritar guztiei emango zaie, baina lehenengo Udalbiltzaren udal ordezkari batek behar bezala benetakoa dela ziurtatuko du, Nortasun Agiriaren antzeko dokumentu baten bidez. Dokumentu horretan hiritarraren datu pertsonalak agertuko dira bera dela egiaztatzeko, baita argazkia, sinadura eta Euskal Naziotasuna nahi duela adierazten duen aitorpena ere.
ZORTZIGARRENA. Hori dela eta, Udalbiltzak Euskal Herriko Naziotasuna Aitormena Bermatzeko Batzordea eratu du. 14 hautetsik osatuko dute batzorde hori eta Udalbiltzaren ordezkaritzapean, Batzar Orokorraren agindua betez, Euskal Herriko Naziotasunaren borondatezko aitormenak sinatzeko ahalmena eta betebeharra izango dute.
BEDERATZIGARRENA. Euskal Naziotasuna Aitortzeko Dokumentuaren eskaerak tramitatzean, udal honek Udalbiltzako Batzar Orokorrak definitu eta onartutako nazio bateraezintasun irizpideak gogoan izan eta aplikatuko ditu.
-BIGARREN MOZIOA:
AZPEITIKO EAJ/PNV ETA EA-KO ZINEGOTZIAK
Nazioarteko Erkidegoak, giza eskubideen aldarrikapen unibertsala, giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen babeserako Europar Hitzarmena, eskubide zibil eta politikoen ituna eta eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalen nazioarteko ituna direla medio, zenbait eskubide onartzen die herritar eta gizabanakoei, hala nola:
- Herri guztiek dute erabakiak askatasunez hartzeko eskubidea, eskubide honen bitartez, beren egitura politikoa eta garapen ekonomikoa, kultural eta soziala askatasunez finka dezaketelarik.
- Gizaki orok du bizitzarako, aske izateko eta segurtasunerako eskubidea.
- Gizaki guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dagozkie jaiotzez eta beren nortasuna aitortzen zaie.
- Gizaki guztiek dute naziotasuna izateko eskubidea eta inori ez zaio bere nortasuna aldatzeko eskubidea kenduko.
Euskal Herrian bizi diren hiritarrak espainiar edo frantziar nortasun agiriak edukitzeko beharrean daude. Egoera honek, Euskal Herriaren hiritargoaren zati bati bere burua euskalduntzat izateko duten eskubidea zapaldu egiten dio. Bere burua euskalduntzat izanik espainiar edo frantziar nortasuna izatera behartuta baitaude.
Euskal nortasun agiri ofizial baten esistentziak Euskal Herriko hiritar guztiei bere nortasun nazionala juridikoki onartua izatearen berma suposatuko lukeela kontuan hartuta, udalerri honek honako erabakia hartzen du:
Lehena. Beren burua espainiartzat edo frantziartzat duten euskal hiritarrek espainiar edo frantziar nortasun agiria duten bezala gure burua euskalduntzat dugunok euskal nortasun agiri bat izateko eskubidea aldarrikatzen dugu.
Bigarrena. Euskal nortasun agiria frantziar edo espainiar agiriek duten balio zibil eta juridiko berdina izan dezan aldarrikatzen dugu.
Hirugarrena. Udal honek udalerriko hiritar guztien eskubideen berdintasuna sustatuko du.
Eta honen ondorioz Azpeitiko Udal honetako EAJ/PNV eta EA-ko zinegotziek osatzen duten Udalbiltzari jakinaraziko dio udalerri hau osatzen duten biztanleen borondatea E.N.A. ofizial agiria edukitzea dela; hau dela eta Udalbiltzari eskatzen diogu E.N.A. ren gaiari buruzko azterketa sakon bat egitea.