ELA sindikatuaren lokal berriko areto nagusia bete egin zen atzo inaugurazio ekitaldian. Lokal berriaren nondik norakoen inguruan eta Jesus Gesalagaren oroimena nagusi zela ekin zitzaion ekitaldiari. Aurkezpena Aintzane Orbegozo ELA-ko eskualdeko arduradunak egin zuen. Gero, hitza Balentin Bengoak hartu zuen, Jesus Gesalagari buruz jardun zuen honek. Gesalagak izandako jokaera "eredu eta maisuarena" izan zela eta bere izaera "xumea, herrikoia eta hurbila" azpimarratu zituen. Lokal berriko areto nagusiari Jesus Gesalagaren izena jartzeko erabakia ere arrazoitu zuen Bengoak: "ELA-n inportanteak direnak ez dira garrantzitsuenak. Garrantzitsuenak Jesus bezalakoak dira eta ez kargudunak. Eta gainera, Jesus abertzale naturala zen, ez zuen abertzalea izatea aukeratu, berez zen abertzalea. ELA-ko sindikalista eredu bat izan zen". Balentinek Jesus Gesalaga pertsona eta sindikalista gogoratu ondoren, ELA-ren bi euskarriak laburbildu zituen, "bata da, langilea, tailerra, lantegia eta bestea, berriz, kalea herria". Ondoren, Jesus Gesalagaren alargunari lore eskaintza bat egin zioten ELA-koek.
Balentinen hondotik, Aintzane Orbegozo, eskualdeko arduradunak hartu zuen hitza, honek ELA-k gaur egun eskualdean "baliabide gehiago" dituela azpimarratu zuen eta hau "ahalegin, ilusio eta gogoaren ondorioz" lortu dela gaineratu zuen.
Azken hitza, Jose Elorrieta, ELA-ko idazkari nagusiak hartu zuen. Honek, Urola-Kostan ELA-k emandako lehen pausuak gogorarazi zituen. Baita, bailara honetatik Bilbora eta orohar, Euskal Herriko ia hiriburu guztietara, gertatu zen militanteen inmigrazioaz ere aritu zen. Honen haritik esan zuen, ELA-k "historia" baduela, baina baita "etorkizuna" ere. "ELA-n hainbat urtean lanean jardun dutenak, lekukoa pasatzen ari dira jende gazteari; ELA trantsizio garai batean aurkitzen da une hauetan".
ELA-ko lokal berriaren inauguruazio ekitaldia Itsasiko dantzarien aurreskuarekin amaitu zen.