Azpeitiarrak Fiskaltzaren aurreko agerpenean esan zuen pasa den maiatzaren 11z geroztik Venezuelako Polizia Politikoko (DISIP) funtzionarioen jazarpena jasan duela. Egun horretan kristal ilunak zituen auto batek jarraitu zuela esan zuen Artolak, eta horregatik Fiskaltzara jotzea erabaki zuela; Poliziak ibilgailu hura gelditu egin zuen eta orduan jakin zen DISIPeko funtzionarioak zirela autokoak.
Maria Angeles Artola eta Rosmira de Urteagak, beren senarrak "babestu politikoak" direla esan zuten, eta Venezuelan "20 eta 10 urte bizi ondoren haien Espainiaratze prozesua zentzugabea" dela.
Artola, Eugenio Barrutabengoaren emaztea da. Eugenio 1984an joan zen Venezuelara. Eta duela sei urtetik Espainiako Gobernuak bere extradizioa eskaera egina du, "ETAko ustezko kidea dela eta".
Eugenio Barrutabengoa, Jesus Urtiaga, Luis Olalde, Martin Sansebastian, Jose Aiestaran eta Miguel Angel Arana dira Venezuelan bizi diren sei errefuxiatuak. Espainiako Gobernuak haien extradizio eskaria egin zuen duela sei urte, eta pasa den maiatzaren 7an Mercedes Ramirez epaileak badaezpadako atxilotze agindua eman bazuen ere, orain arte ez da atxiloketarik egin.
Bestalde, Marino Alvaradok, Giza Eskubideen Heziketa Ekintza Programako (Proveako) zuzendariak esan du orain extradizio bidean diren sei euskaldunak Venezuelako eta Espainiako gobernuek 1979 eta 1990 bitartean eginiko "tratuen ondorioz" sartu zirela Venezuelan. "Inor ez zen legez kanpo etorri".