Larunbatean EHNA ateratzeko bulegoaren inaugurazio ekitaldia Sindikatu Zaharrean ospatu zen, baina EHNA ateratzeko bulegoa udaletxeko harreran dago; eskuinaldeko ate txikian, beheko solairuan. Ekitaldia jai giroan egin zen, eta Udalbiltzako talde eragileko ordezkaritza (Batasuna, AB eta alderdi independente batzuetako zinegotziek osatzen dutena) ere izan zen. Dantzariak, txalapartariak eta bertsorik ere izan zen ekitaldian. Eta garrantzitsuena: azpeitiarrek EHNA eskaera egiteko aukera daukate jadanik, larunbatean 25 lagunek eskatu zuten.
Hauxe da EHNA ateratzeko bulegoan aurkeztu behar dena: lau argazki, Azpeitian erroldatua izatearen ziurtagiria, eta ordainketa agiria. Ordainketaren ziurtagiria ateratzeko, Euskadiko Kutxan edota Kutxan, EHNA-ren kontu korrontean 12 euro sartu beharko dira, eta agiria eskatu. Dokumentazioa EHNAko bulegoan uztean, eskaera orria bete beharko da, eta eskaeraren ordezko agiria jasoko da. Hilabeteko epean bulegoan bertan jaso ahalko da EHNA, eskaeraren ordezko agiria aurkeztuz. Bulegoa, 08:00etatik 15:00etara egongo da irekita astegunetan.
Azpeitiko Udalean ezohiko osoko bilkurak Bai Euskal Herriari herri mugimenduak eginiko eskaera onartu eta hilabetera ireki da, hain justu, EHNA tramitatzeko bulegoa. Bai Euskal Herriari herri ekimenak Azpeitiko Udalari egindako eskaerak, laburbilduta, honakoak izan dira: Azpeitiko Udalak EHNA tramitatzea; Udalak horretarako baliabideak jartzea; eta, dokumentu publikoa izanik, horren benekotasunaren fede ematea, baita udal ondorioetarako ere. Mozioa Batasunak aurkeztu zuen, eta bere zinegotzien aldeko botoekin eta EAJko eta EAko zinegotzien abstentzioarekin onartu zen.
Beste mozioa
Udalbatzan, gai honekin lotuta, beste mozio bat aurkeztu zuten EAJko eta EAko zinegotziek: Udalbiltzari (EAJko eta EAko udal zinegotziek osatzen dutenari), ENAren (Euskal Nortasun Agiria) gaiari buruzko "azterketa sakon bat egiteko" eskatzea proposatzea. Mozio hori EAJko eta EAko zinegotzien aldeko botoarekin eta Batasunekoen abstentzioarekin onartu zen.
Bai Euskal Herriari herri ekimenak Azpeitiko Udala "eskertu" egin du erabakia hartu ondoren. Baina, udalbatzan gaia aztertzen hasi ziren unean sortutako eztabaida kritikatu du. "Bilkuran Udalbiltzaren barne funtzionamendu desegokiaren inguruan sorturiko eztabaida salatu nahi dugu. Interes partidisten gainetik euskaldunon eskubideak gauzatzeko urratsak emateko ardura Udalbiltzarena delako", diote Bai Euskal Herriarikoek.