Ez ahazteko moduko eguna ospatu zuen atzo, Santiyo egunez, Iraurgi Saskibaloi Elkarteak, 25. urteurrenari bukaera emanez. 12:00etan, mende laurdena bildu duen liburua aurkeztu zuen, eta berau aurkezten egon ziren Jon Olaizola egilea, Jose Luis Zubizarreta klubeko presidentea, Josu Arregi Iraurgiko sortzailea eta Alejo Uranga Udaleko Kirol batzordeburua. Aitonenan izan zen aurkezpena, eta dena bete-bete eginda zegoen.
Jon Olaizolak liburuaren nondik norakoak azaldu zituen: 108 orrialde ditu guztira, 84 argazki dauzka, bost kapitulu ditu eta euskaraz egina da. "Jendeak erraz irakurtzeko moduko liburua dela uste dugu", zioen Olaizolak. Alejo Urangak, berriz, Iraurgi bezalako klubak Azpeitiarentzat garrantzitsuak direla esan zuen eta Udala klubokin bat egongo dela.
Josu Arregik eta Xubik klubaren errepaso zabala egin zuten, batez ere Josuk; Xubik batik bat aurrera begirako lana azpimarratu zuen, eta hitzez hitz irakurri zuen liburuari amaiera ematen dion idatzia: "Hemen datza, hain zuzen, liburuxka honen betebehar nagusia: aurrera begira, sua piztu nahi du Iraurgik, kluba gizarteari orain arteko zerbitzua eskaintzen jarraitzeko lain izan dadin. Jendea bildu nahi du Iraurgik, lanak banatuz, denen artean, lehengo akatsak berriro ez egiten saiatuz, egitura sendoko klub finko bat osatzeko. Geure mailan: oparoa denean, oso ondo, eta xumea denean ere bai. Iraurgin beti egin den bezala, jokalariak gaztetatik klubean ardurak hartzera ohitu behar dira, gero bizitzako beste edozein esparrutan jarrera bera izan dezaten; ez ditzagun hezi besteen lanean ezkutatzen diren gazteak, besteek egindako akatsak haien atzetik gaiztoki aztertzeko; horretan, lehengoak hobeak garelako. Izan dezagun klub eraginkorra, kementsua, dinamikoa. Iraurgiren ahalbidea eskolarteko txapelketa antolatzera mugatzen bada, horri helduz. Bailarako gazteei kirolaz gozatzen irakatsi behar diegu. Hitz politak dira, baina hitzekin bakarrik jai dago; eta gu ez gaude hauteskundeetan".
14;30etan bazkaria egin zuen Iraurgik, Loiola Hotelean, eta 111 lagun bildu ziren. Giro ederra egon zen bertan.
Josu Arregiri omenaldia
Bazkariaren bukaeran Iraurgi Saskibaloi Elkarteak, Jose Luis Zubizarreta presidentearen izenean, orain arte klubean lan egin dutenak eskertu zituen, eta guztien artean Josu Arregiren lana nabarmendu zuen. Hala, Iraurgik plaka bat bertso batekin oparitu zion Josu Arregiri, eta, era berean, honen emazte Arantxari lore sorta bat oparitu zion.
Hona hemen plakako bertsoa:
Gazterik Durangora joan
ta hantxe hasi zen dena,
saskibaloia bihurtuz
zeure kirolik maiteena.
Durangotik Bilboraino
ta Iraurgira hurrena,
jada bailara honetan
lanean mende laurdena;
funtsean, zure kirol bat
bihurtuz herriarena.
Beraz, orain Josu jaso
eskerrik sentikorrena,
lotura hori izan baita
zure paserik trebeena
ta garena izatea
saskiratzerik onena.