IV. Idiziabal izeneko ardi gaztaren lehiaketa izan zen azoka plazan goiz partean. 15 gaztagilek hartu zuten parte lehiaketan. Lehen saria,300 euro eta garaikurra, Azpeitian bertan gelditu zen, Maria Luisa Alberdiren eskutan hain zuzen ere. Bigarren saria, 200 euro eta garaikurra, Beizamako Patxi Otaegik jaso zuen eta hirugarren saria, Oiartzungo Galtzeta Elkarteari egokitu zitzaion.
Artzaiek eta Azpeitiko Udalak Mixel Lekuona, gaur egun Makeako apeza dena omendu nahi izan zuten, honek Azpeitia eta inguruetan artzainekin eta ganaduzaleekin egindako lana eskertuz. Mixel omenaldira etortzekoa bazen ere, azken orduko ezusteko arrazoi batzuek medio ezzin izan zuen etorri eta honek jaso beharreko garaikurra, Mixelen lagun den Imanol Lazkano azpeitiar bertsolariak jaso zuen.
Sagardo Lehiaketan (aurten 30.a) 19 sagardozalek hartu zuten parte plazako arkupetan. Hauen sagardoa dastatzeko aukera, hurbildutako herritar guztiek izan zuten. Plazan, taula gainean, epaimahaikideak aritu ziren probaketan. Epaimahaiak lehen saria Hernaniko Otsuenea sagardotegiari eman zion. Bigarrena, Barkaiztegi (Martutene) sagradotegiari eta hirugarrena, berriz, Lizeaga (Astigarraga) sagardotegiari. Aurten, gainera jende artean herriko hamabi elkarteetako 24 kide ibili dira sagardo probaketan, eta hauek aukeratutako sagardo onenaren saria ere banatu da, sari hau Astigarragako Lizeaga sagardotegiak jaso du.
Plazatik gertu, azoka plaza atzean eta Foru Ibilbidean Blonda Akitaniako ganaduaren erakusketa eta lehiaketa izan zen. Aurten zazpigarren aldiz. Gipuzkoako eta Bizkaiko hamaika ganaduzalek 130 buru ekarri zituzten lehiaketara. Azpeitiako hiru ganadutegi izan ziren, Agite, Eizmendi eta Gaztelu. Aipamen berezia Eizmendi baserriko Jose Migel Esnaolari egin zitzaion, honek gainera zortzi sari jaso zituen lehiaketan, zazpi sari Agitek, eta hauen ondoren Bizkaiko Makuleta eta Errenteriko Larrehaundi gelditu ziren. Behi onenaren saria, Antonio Olaizolak jaso zuen eta zezen onenaren saria, Larrehaundi baserriko Jose Maria Ezeizak.