Ikastaro aukera handia
Ikasturte berria euskara ikasteko aukerei dagokienez, Azpeitiko gizarteko beharretara erabat egokituta dago Udal Euskaltegian. Euskalduntze, alfabetatze eta EGAko ikastaroez gain, Herri-administrazioko eta irakaskuntzako hizkuntza eskakizunen prestaketa ikastaroak, Iturri Onetik I eta II hizkuntza kalitatea eta testugintza lantzeko ikastaroak, Ordenagailuaren erabilerarekin uztartutako alfabetatze elektronikoa eta Josten ikastaroak, Euskara enpresetan lan-hizkuntza bihurtzeko Jardun programa, Merkatarientzat AME programa, haurrak dituzten gurasoentzat ipuin kontaketa nahiz haur jolasen eta kanten ikastaroak, era berean, Eusko Jaurlaritzaren HAEE-IVAP eta Hezkuntza Sailak irakasleentzat duen IRALE programen baitan ere ikastaroak emango ditu Udal Euskaltegiak.
Baliabide tekniko guztiak erabilgarri
Udal Euskaltegia hizkuntzen irakaskuntzan gaur egun dauden baliabide tekniko guztien jabe da. Hala, Udal Euskaltegian matrikulatzen diren ikasleek ordenagailu bidezko programa interaktiboak erabiltzeko aukera dute, 2.000 titulutik gora dituen Bideoteka, 5.000 entzungai eta irakurgai baino gehiago CD-ROMean, Euskal Literaturan argitaratzen diren azken nobedade guztiak jasotzen dituen liburutegia. Honetaz gain, hamar ordenagailu dituen hizkuntza laborategia eta ikusentzunezko gela bat ere badu, proiektore digitala, CDI, bideo eta telebistaz hornitua.
Matrikulatzeko aukera hirukoitza
Hiru modutara matrikula daiteke Udal Euskaltegian: Euskaltegiaren egoitzara bertara joanez (Perdillegi kalea 3, Institutuan) goizeko 8:00etatik arratsadeko 19:00ak arte (etenik gabe), ordutegi horren barruan telefonoz hots eginez 943 81 19 47 eta internet bidez ere bai: euskaltegia.azpeitia@azpeitia.net. Gogoan izan matrikulatzeko epea hil honen 27an amaituko dela ikastaro guztietarako.