BASARRI BERTSO-PAPER LEHIAKETAREN BIGARREN SARIA
EGILEA: Imanol Lazkano
DOINUA: Esnezalearena
IZENBURUA: Bapo zebiltzak
Gure gorputza lotan
dagoen orduan
burua jolasten da
nahi duen moduan
amets bat berezia
egin dut lenguan
batere uste gabe
zeruan nenguan
kontatuko dizuet
zer ikusi nuan.
Sartu eta hastean
lagunen galdean
Baxerri han zegoen
betiko moldean
gizon serioena
bera zen taldean
eserita guztizko
"pormalidadean"
aita eternuaren
eskubi aldean.
Uztapide han ere
hemengo klasean
gosalduta purua
piztu zun goizean
kartak eskuetan da
tantoen ehizean
keinu pikaroren bat
noizean-noizean
San Pedro zarrarekin
ari zen musean.
Lazkao Txiki berriz
lehen bezain arraio
ezkututik zelatan
egona natzaio
deneri adarra joz
dabil nahiko iaio
Jesus beregandikan
ez zelako jaio
San Joseri ilea
hartzen ari zaio.
Zer ote zen Balentin
Enbeitan papera
arrasto garbirikan
ez nuen atera
bat ausartu zitzaidan
isilka esatera
aita Urretxindorra
ta biak batera
joan ote ziraden
mitinen batera.
Joakin Mitxelena
hura azeria
Satan berari sartu
bai zion ziria
hari zaku ikatz bat
ostuz alegia
nonbaiten bildu zuen
arrai ta haragia
debalde atera zun
bere afaria.
Fernando Aire guztiz
ilun da pentsakor
zerura joan da ere
Xalbador Xalbador
maitasun denak hemen
ez zituen agor
Amabirjinarekin
maitemindu da hor
Espiritu Santuaz
jarri da jeloskor.
Sartu nintzen ezkero
zeruko atean
algara entzuten zen
tartean-tartean
zer zen ikusi asmoz
bertara joatean
Mattin han azaldu zen
irrifar batean
kaniketan zebilen
aingeru artean.
Santa Genobeba ere
tartean daukate
bertsotarako gaia
izatez aparte
bertso saltsa guzitan
hartu ohi du parte
etzen lasai munduko
berri jakin arte
galdetu ez zidan ba
Zer moduz Lasarte?
Len ez nuen sinisten
zeruko bizitzan
baina bertaratzean
liluratu nintzan
ikusirikan zeinen
ederki dabiltzan
zerura joateko
halako baldintzan
presik ez dago baina
Beldurrik ez izan.
Argazkian Imanol Lazkano pasa den ostiralean saria jasotako bertsoak abesten.