Irailaren 27an, ostiralean, ekingo zaio 'Zinea Kalean'eko lehen proiekzioari. Betharrameko Frontoi Estalian gaueko 21:00etan Zine Klubaren lau laburmetraia ikusteko aukera izango da. Lau lanak 8 mmtan grabatuta daude.
- Kutsadura - Zine Klubak egindako lehenengo pelikula da. 17 minutuko iraupena du eta Super-8an filmatu zen, kolorean. Soinu banda magnetikoan grabatu zen filma. Kamara lanak Jabier Arenasek egin zituen eta gainerako lankideek, atrezzo, eta kamarariaren laguntzaile lanetan aritu ziren.
Argumentuaren oinarria oso arrunta da: Ibaien kutsadura. Hiru zatitan banatua dago pelikuka: aurreneko zatia bizia da, ibai garbiek islatuta; bigarren zatia, hil zoria (hainbat desague eta isurkin kutsagarri) eta hirugarrena heriotza (ibai kutsatuta). Ibai garbiak Huescan filmatu ziren, Hecho bailaran. Desagueak eta ibai zikinak Azpeitia inguruan aurkitu ziren. - Amuarraiak - Super-8an grabatutako lana da, koloretan. 13 minutuko iraupena du eta soinu magnetikoa du. Kamera lanak Jabier Arenas eta Angel RodrĂguezek egin zuten, gainerako lanak taldeak egin zituen.
Azpeitian 1979ko udaberrian Ibai Eder ibaia lantegi batek botatako azidoaren eraginez kutsatu egin zen, eta horren ondorioz amuarrai asko akabatu egin ziren. Pelikula hau gertaera horretan oinarritu zen.
Hiru zati nagusitan banatuta dago: lehen zatia, amuarraien hazkuntza, herriko arrantzale-elkarte baten eskutik; bigarrena, talde horrek berak erreka eta ibaietan amuarrai hauek zabaltzea eta hirugarrena, kutsadura dela eta amuarraien heriotza. Aktorerik ez zen pelikula honetan, baina "Caza y Pesca" elkarteko hainbat kide agertzen dira. - Kokles - Aitona baten, bere bilobaren eta heriotzerainoko fideltasuna izan zuen baserri-txakurraren historia xamurra kontatzen da pelikulan.
.1981ean Super-8an koloretan grabatutako pelikula da. 15 minutuko iraupena du eta soinu magnetiko du. Gidoia eta zuzendaritza lanak Jabier Arenasek egin zituen. Aktore lanetan Boni Arregi, Aitor Rodriguez eta "Txiki" txakurra. Baserriko tomak egiteko, Xamartindarren baserria eta Anai Garateren jaiotetxea erabili ziren. - Azken Lamia Garai batean, lamiek artzaiak eta baserrietako mutil gazteak liluratu eta erakartzen omen zituzten. Lamia berria telebista dugu, eta garai bateko lamien kantuekin txoratuta geratzen ziren artzaien antzera, artzai modernoa lamia modernoak liluratuko du.
.1982 urtean grabatutako pelikula da, Single-8an eta koloretan. 27 minutuko iraupena du eta soinu magnetikoa du. Pelikula honetan aktore asko izan ziren: Inma Zufiria, Pello Elorza, Pako Aristi, Pepe Azpiazu, Boni Arregi, Anjel RodrĂguez, Marije Zumarraga, Maije Garate, Mari Karmen Arenas, Jabier Arenas, Maria Luisa Lizarralde, Olatz Errazkin, Ramon Etxeberria, Mari Pilar Lizarralde, Eva Lizarralde, Rakel Lizarralde... Gidoia eta zuzendaritza Agustin Arenasen esku egon zen, eta soinu efestu espezialak Agustin Madrazok egin zituen.
Irailaren 28an, larunbatean, 16mmko zine emanaldia antolatu da, eta bertan Andy eta Larry Wachowsky-ren Matrix pelikula ikusiko da.
Urriaren 4an, ostiralean, Zine Klubaren beste lau laburmetraia eskeiniko dira:
- Equinoxe 1980an grabatutako pelikula da, Super-8an eta koloretan. 7 minutu irauten ditu, eta soinu magnetikoa du. Jean Michel Jarre musikariaren izen bereko soinu erakargarri batean oinarrituta, itsasoaren irudi ikusgarriekin egindako montaketa bat da pelikula hau. Gidoirako ideia Jabier Arenasena izan zen eta berau ibili zen irudiak hartzen ere, Getaria, Zarautz eta Orio arteko itsasertzean. Koloreen abstrakzioekin ere jokatzen du, irudien plazer estetikora bultzatuz.
- Z-Z 1982an grabatua Super-8an eta koloretan. 6 minutu eta 30 segundu irauten ditu eta soinu magnetikoa du. Erritmoa muntaketan nola lortu daitekeen ikusteko saioa da, Zumarragatik Zumaiara ibiltzen zen Urola tren jatorra muin bezala hartuta. Gidoia eta kamera lanak Jaberi Arenasen eskutik joan ziren.
- S-8 Zentury Plast 1984an grabatua, Single-8an eta Fujicolor kolore sisteman. 20 minutu irauten ditu eta soinu magnetikoa du. Benetako produktora baten izenaren antzeko bat sortuz, halamoduzko telebista kate baten emanaldia eskaintzen du pelikulak. Gidoia Pako Aristik egin zuen, eta kamera lanak eta montaia Agustin Arenasek egin zituen. Aktore lanetan berriz, Pako Aristi bera, Marije Garate, Juanito Bikendi, Igor Zabala, Joxe Aranburu, I. Bergara, B. Lopetegi, M. Belar, A. Odriozola, N. Odriozola, L. Oyarbuen, C. Crespo, J. landa, A. egiguren, A. Arrazola, P. Iturain, I. Ugalde eta I. Casina.
- Mateo Txistu 1987an grabatu zen 16mmtan eta koloretan. 30 minutuko iraupena du eta soinu optikoa du. Pelikularen muina Euskal Herrian oso ezaguna den ipuin bat da, Mateo Txisturena. Guztira, lau miloi pezeta kostatu zen pelikula. Eusko Jaurlaritzak milioia eman zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiak milioi erdia, Azpeitiko Udalak 340.000 pezeta eta gainontzekoa Zine Klubak eta partikularrek jarri zuten. Gerora, pelikula ETBri saldu zitzaion.
Pelikula honekin Azpeitiko Zine Klubak salto koalitatiboa eman zuen. Super-8 eta Single-8an aritzetik, 16 milimetrotakorako saltoa. Gidoia Agustin Arenasek idatzu zuen, eta 130 planotan banatua dago.
Errodaketak sei hilabete iraun zuen eta Urdiainen, Errezilgo San Migel Goikoa ermitan, Erlon, Komuntsoro mendian, Beizamako Benta Zaharrena, Loiolako Etxearreta baserrian eta abar egin ziren grabaketak.
Urriaren 5ean, larunbatean Baz Luhrmann-en Moulin Rouge filmea izango da ikusgai.