Elkarri: 'Bada alternatibarik'

Josu Azpillaga 2002ko urr. 11a, 11:10

Elkarriko kide Iñaki Arzak izan zen Azpeitian, herriko tailerrak gonbidatuta hitzaldi bat ematen, eta berrogei bat lagun bildu ziren Aitonenako hitzaldira. Gaur egungo egoeraren analisi azkar bat, itxaropena eta laster amaituko den Bake Konferentzia izan zituen hizpide.

Iñaki Artzak Irunen jaio eta Hondarribian bizi da. Elkarriko kide 1992an sortu zenez geroztik, gaur egun bertako Tailer Nazional Iraunkorreko partaidea da.

Gure herrian emandako hitzaldia hiru zatitan banatu zuen:

  1. Gaur egungo egoera
  2. Itxaropenerako bidea
  3. Bake Konferentzia

Gaur egungo egoera

Egoera oso gogorra, okerra eta iluna da Iñakiren iritziz. Ez azken hilabeteetako gertaerak direla-eta bakarrik; duela bi edo hiru urte atzera begiratuta ere, alderdi desberdinen (eta inkluso, erakundeen) arteko mesfidantza eta krispazioa areagotzen ari dira.

Udatik hona, berriz, bi estrategia gailendu direla ematen du:

  • Batasunaren ilegalizazioa. Hau, ilusio faltsua da, hemendik ez baita konponbiderako urratsik emango. Tentsioa areagotuko du, eta oinarrizko printzipio demokratikoak zalantzan eta jokoan jarri. Gainera, gizartean gehiengoaren kontra dagoen erabakia da.
  • ETAren indarkeria. ETA ere, bere indarkeriarekin, sufrimendua areagotzen eta zabaltzen ari da. Hortik ere, badirudi, ateak ixten ari direla, konponbidea urruntzen. Gainera, bada elementu berri bat, hain zuzen ere ETAren azken komunikatuan agertu dena: mehatxuen zabaltzea.

Orain, Ibarretxeren proposamenak beste estrategia bat markatu dezake, horren indartsu ez bada ere. Iñakiren ustez, eta Elkarriren ikuspuntutik, bi gauza desberdindu behar dira: edukiak eta prozesua bera. Elkarri ez da edukietan sartuko; prozesua, aldiz, positibotzat daukate, elkarrizketa gune bat irekitzen duelako.

Gaur egungo egoera dela-eta, beste bi sintoma aipatu zituen Iñakik egoeraren larria azpimarratzeko.

  • Mehatxupean bizitzeko sentsazioa. Alderdi askorekin hitz egiteko aukera izan dute, eta alde guztietan mehatxupean bizi direnaren sentsazioa nagusitzen ari da. PP eta PSEk mehatxu fisikoez gain, mehatxu ideologikoa pairatzen dutela sinesten eta sentitzen dute; Batasunak ere, mehatxu ideologiko-politikoa sentitzen dute; eta Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek ere, halaxe kontatzen dute.
  • Manikeismoa, gora. Edo nirekin, edo nire kontra eta antzeko ideiak inoiz baino nabarmenago ari dira gailentzen. Eta, gainera, areagotzen joango delakoan dago Iñaki, gutxienez maiatzeko hauteskundeak igaro arte. Gero? Auskalo.

Itxaropena

Bada esperantzarik, ordea, Iñakiren eta Elkarriren iritzian.

Gatazka egoera orotan, bi eremu desberdindu daitezke: oztopoen eremua eta aukeren eremua. Galdera, beraz, zera da: gure egoeran, non dago aukeren eremu hori?

Adibidez, orain arte askotan egiten den erruduna bilatzea oztopoen eremuan kokatzen du Elkarrik. Alderantziz, aukeren eremu horren sostengu nagusia, gizartearen gehiengoaren borondatean dago. Eta gehiengo nagusi horrek defendatzen dituen lau printzipio nagusitan:

  1. Indarkeriarik eza. Hau da, giza eskubide guztien errespetua.
  2. Elkarrizketa. Tresna da. Bestearekin komunikatzeak, konfiantza irabaztea ekar lezake, eta hortik zerbait eraikitzea. Hori gabe, deus ez.
  3. Adostasuna. Inor ez baztertzea.
  4. Erabakitzeko askatasuna. Gehiengoaren borondatea errespetatzea. Gizarte honek badaki zer nahi duen, eta heldua da. Beraz, eskubidea du aukeratzeko.

Beraz, alternatiba horixe da Elkarriren ustez: lau printzipio horiek indartzea. Lehen aipatu bezala, lau printzipio hauen euskarri bat gizartea bera da. Baina, orain, badu gainera beste euskarri bat ere: nazioarteko adituena. Babes hori, egon, badago; ez da izugarria, baina lehen baino handiagoa bai.

Eta, azalduko diren proiektuek, lau printzipio hauek hartu beharko dituzte kontutan, Elkarriren ustez.

Bake Konferentzia

Urriaren 26an bukatu da Bake Konferentzia, eta hasieran jarri zuten helburu nagusia zein zen gogoratu zuen Iñakik:

Alderdi politiko guztien arteko akordio bat lortzea, ez edukietaz, baizik eta printzipio eta prozeduretaz baizik

Helburua lortu den edo ez, Urriaren 26an esango du Elkarrik. Baina hori esateaz gain, beste bi gauza ere agindu zituen Iñakik:

  • Ondorioak plazaratzea. Helburu nagusiaz gain, bestelako ondoriorik ere atera baitute.
  • Proiektu argi eta garbia. Aurrera begira, Elkarrik bere konpromezua azalduko du proiektu argi eta garbi batean.

Ondoren, jadanik Bake Konferentziaren gainean publiko egin diren iritziak plazaratu zituen Iñakik. Aste honetan, Harry Barnes, Andrea Bartoli, Alec Reid eta William Weisberg atzerriko adituak eurekin izan dituztela gogoratu zuen.

Honako dokumentu hau banatu zen hitzaldian bertan, eta bertako "1. zirriborroa" eta "2. zirriborroa" aipatu zituen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide