Euskal Herriko eskola nazionalaren motorra gara, eta urtean zehar egiten ditugun bost festa hauek, aukera ezin hobea ematen digute alde batetik ideia hau aldarrikatzek eta bestetik baita ere ikastoloi zor zaigun aitormena egiteko. Hain zuzen ere, duintasunez tratatuak izatearena, lan horrek merezi duen tratamendua jasoz.
Ez zen hori izan sentitu nuena joan den igandean Kilometroen hasiera ekitaldian esandakoak entzun eta gero. Kilometroetara joandako 125.000 pertsona ez ginen mugitu nagusiki teknologia aurrerakoiak, eleaniztasuna edo kalitateak bultzatzen gintuelako. Baizik eta Euskal Herriak bere Eskola Nazionala behar duelako.
Bakoitzak ezagutzen dugunetik hitz egiten dugunez, hori da nik hona ekartzen dudana: gure ikastolan sentipen eta konpromiso hori bizi-bizirik dira. Ikastolaren xede nagusia argi daukagu, hain zuzen ere, gure seme-alabak euskaldunak egitearena, herri bezala eskubidea dugulako.
Euskal Herriak ikastolak beharrezkoak ditu eta herri honen eta ikastolaren etorkizuna eskutik doaz. Horregatik bada ordua ozenki esateko dena ez dela berdin eta ikastola, oraindik, ikastola dela. Pasatutakoak pasatu arren ikastolen sareak bizirik dirau eta horrela jarraituko dugu geure hezkuntza sistema osatu arte. Hau da, Euskal unibertsitatearekin batera Euskal Eskola Nazionala lortzen dugun arte.
Gaur egun mundu guztia dabil gizarte zibil dinamizatu nahian, hutsune handia nabaritzen dutelako. Eta egia esateko Euskal Herrian ez da gauza handirik behar herrigintzaren sagarra pizteko. Hain zuzen ere, ikastolaren kasuan, inguruko gurasoei, benetan sinesten dugun hori garbi azaltzea: gure seme-alabak euskaldunak egingo dituen hezkuntza bermatzea, gurasook zuzenean zainduz hori horrela izatea.
Ikastolaren prozesu historiko guztian argi azaltzen da. Euskal Herriko gizarte zibila, nahiz eta txiki-txiki eginda egon, beti izan duela bizitasun hondar bat, besteak beste ikastolaren alde nabarmendu duena.
Sinplea bezain aberasgarria da funtzionatzen duen formula: Euskal Herri osoa kontutan izatea + gurasoek zuzenean konprometitzea + seme-alaben euskalduntasunaren bermea zaintzea + horretarako profesionalak ilusionatzea.
Horregatik, 1993an autonomi erkidego Euskal Eskola Publikoaren legea atera zenean guk ikastolari eustea aukeratu genuen. Iparraldean legea atera zenean guk ikastolari eustea aukeratu genuen. Iparraldean ere frantses sistemaren erosotasunak utzita egiten dute ikastolaren alde gurasoek. Eta zer esanik ez, datorren igandea Tuterakoek gogorarazten digute bezala, Nafarroan, egoera larrienetan ere, hainbat gurasok Ikastolaren aldeko apustua egin dute. Erriberako euskara mintzatuz eta bertako palotaua, dantzatuz, eguneroko lanetan Euskal Herriaren berreraikuntza landuz. Nafarroa Garaiak memorian duen eraikitako herria berreraikitzen ari garen honetan, oraindik pendiente daukagun geure hezkuntza egituratzen goaz Euskal Herriko lurralde bakoitzaren lekuan lekuko kulturarekin jantziz.
Denok arrazoi eta jarrera berdinak mugitzen gaitu: hezkuntza sistema espainola eta frantsesa gainditu eta oraindik pendiente daukagun geure eskola nazionala egiten zuzenean konprometitzea.
Euskal Herriko Ikastolaren Konfederazioan antolatuta gauden ikastola sareak Euskal Herri osorako eskola nazionala nahi dugu. Euskal identitatea bermatzen duen eskola. Herentzia hori jaso genuen aurreko urteetan zehar lan egin zuten guraso, herritar-laguntzaile eta profesionalengandik eta hori aurrera ateratzeko konpromisoa eta ilusioarekin jarraitzen dugu.
Ikastolen festa hauek euskararen aldekoak baino gehiago ikastolaren aldekoak direla esaterakoan hizkuntzari zerbait gehiago eransten diogulako da.
Hain zuzen ere PPren Kalitatearen legea aztertzearekoan Konfederazioko zuzendaria den IƱaki Etxezarretak oso ondo esaten zuen bezala: "Literatura zientifikoan autore gehienek deskribatzen duten uztarketa (hizkuntza, hezkuntza, identitatea, kultura, abertzaletasuna) Estatu espainoleko administrari berriek Hego Esukal HJerrian ez dutgelako kontrolatzen ikusten hasiak dira, eta hori berbideratu egin nahi dute, Nafarroan eta Euskal Autonomi Erkidego institutzioetatik gizarte erakundeak eta administrazioa publikoarenak kontrolatuz".
Ikastolon xedea euskal nortasuna denez uztarketa hori nola egin argitzen eta adosten goaz. Euskal kultura, geuk egindako historia, literatura, herri honen sentiera eta, hitz batez, gaur egun esukal izatearen ordaina eskatzen den jarrera kritikoa. Euskal identitatearen osagarri hauek guztiak modu operatiboan integratzeko metodologia-baliabideak sortzen goaz.
Ikasberri, Azpeitiko ikastolan proiektua ulertzen dugun era, euskalgintzaren alorrean euskararen bakardadeari euskal nortasunaren sugarra erantsi nahi diogu. Eta era berean ikastolen mugimenduaren motorra, erregai horrekin bizkortu.
Gaur egun gure Herriak bizi duen egoeran ez dakit batzuen statusa eta besteen estatusa nola egituratu beharko ditugun. Baino dakidana da, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioan, gurasoen artean konpartitzen ditugun arazoak argi erakusten digutela eguneroko bizimoduan gure seme-alabak diren ikasleentzat Estatuak daukan eragina: Hego Euskal Herriko unibertsitate batean euskaraz ikasi nahi duten Seeaskako ikasleek, Espainiako selektibitatea egin behar dute Parisen gaztelaniaz, eta Espainiako curriculumarekin. Hendaiako gazte batek EHUn euskaraz ikasi nahi badu gaztelaniaz ondo jakin behar du eta Espainiako kultura ezagutu. Ikastoletatik egoera hau salatu baino zerbait gehiago nahi dugu. Hain zuzen ere, konponketa ipini lehenbailehen. Gure seme-alabak hazi egiten bait dira azkar eta aukerak galtzen dituzte.
Horregatik, euskalgintzaren identitate-oinarriak -hezkuntza, hizkuntza, kultura, geuk kontatutako historia, literatura...- aintzat hartzen ez dituen politika-bidea bururik gabeko jarduna da egitura makroen aldaketa-egarriak guztiz bidezkoak badira ere. Beraz, euskalgintzan gabiltzanoi, kasu honetan ikastoloi, tratamendu egokiagoa zor digutela azaltzeko une aproposa da Erriberako bidea Oinez egitera goazen honetan.
Euskal Herria berreraikitzeko behar ditugun aipatutako lehengaiak gure eguneroko lanean lurralde guztien artean adosten gabiltzan ikastoloi, herri honi dagokion eskola nazionalaren motorra garenez, duintasunezko tratamendua zor zaigu, eskuraezina delako, lurralde bakar baten gainean edo, gizartean oinarritu gabeko proiektu batean, euskal etxe egonkorrik zutik finkatzea.
Datorren igandean Tuterako ikastolako Nafarroa Oinez egiterakoan, hori barneratzea helburu garrantzitsua litzateke. Espero eta desio dut hala izatea.