Arkaitz Iriarte: "Bigarren mailan aritzeko serio hartu beharko dut aizkora"

Uztarria.eus 2002ko urr. 24a, 13:10

Arkaiz Iriarte, aizkolaria

Arkaitz Iriarte, 21 urteko aizkolariak, III. Mailako Euskadiko Aizkora Txapelketa eskuratu zuen, pasa den urriaren 12an Basaurin. Garaipenak hurrengo denboraldian II. Mailan aritzeko aukera eman dio. Eta horixe izango du datorren denboraldirako erronka, mailari eustea alegia.

-Noiz hasi zinen aizkoran eta nolatan?

-Noiz hasi zinen aizkoran eta nolatan?

Aizkoran 16 urterekin hasi nintzen. Aita ere pixkat ibilitakoa da aizkoran, gaztetan, eta hemen auzoan neska bat ere izan genuen, Itziar Goenaga eta haren bitartez hasi nintzen, pixkanaka-pixkanaka.

-Arraroa da gazte bat aizkoran hastea. Gaur egun jende gazteak bestelako kirol batzuek aukeratzen baititu, ez duzu uste?

Bai arraroa izango da, baina etxean beti izan dugu afizioa aita eta gainantzekoek eta, niri ere gustatu egiten zitzaidan eta hortik aurrera... hasi nintzen.

-Basoan jarduten duzu lanean. Askotan berandu etxeratuz, larunbat batzuetan lanean... Noiz hartzen duzu entrenatzeko astia?

Entrenamenduetarako denbora gutxi izaten dut. Ahal dudanetan denbora hartu, asteburuetan eta, eta denbora pixkat dudanean jarduten dut entrenatzen. Mendian pixkat ibili, soka saltuan, pesa pixkat eta baita ere aizkoran.

-III mailako Euskadiko aizkolari txapelketa irabazi duzu. Espero al zenuen irabaztea?

Ez nuen espero batere irabazterik, ez dut denbora askorik izan entrenatzeko eta, asteburuetan entrenatu dut. Nahiko entrenamendu onak egin ditut, baina besteak ni baino hobeto ibiliko zirela uste nuen. Sorpresa izan da. Ondo sentitu nintzen neu eta irabaztea tokatu.

-Garaipen horri esker mailaz igoko zara. Zer suposatzen du horrek zuretzat?

Orainarte ez dut serio jardun baina hurrengo urtean II. mailan aritu behar banaiz, serio hartu beharko dut gauza. Entrenamendu gogorragoak-eta egin beharko ditut.

-Aurretik lortu al duzu garaipen esanguratsurik?

1999an Jubenilen mailan txapela lortu nuen eta horrek aurrera segitzeko poza beti ematen du. Aurretik pasatako sufrimenduak ahaztu eta jarraitzeko.

-Aurrera begira zein erronka dituzu?

Datorren urtean behintzat ahal bada mailari eustea izango da nire erronka.

-Laguntzarik eta izaten al duzue aizkoran jarduteko?

Ez dut laguntzarik izaten aizkoran jarduteko. Enborrak geuk poltxikotik pagatu behar ditugu, aizkorak ere bai, entrenamenduk sufrimenduk danak geuk jarri beharrekoak dira.

-Afiziorik ba al dago gaur egun herri kirolak ikustera joateko. Nola ikusten duzu zuk herri kirolen etorkizuna eta batez ere aizkorarena?

Gazte batzuek bagaude, baina aurrera begira zaharrak gehiago dira eta gazteek baino afizio handiagoa dute herri kiroletarako. Neu ikustera noizean behin koadrilako batzuk etortzen dira, juerga gutxi egindako garaian baina gainontzean zaharra gehiena. Gazteei laguntzak eman eta ekitaldi gehiago antolatu beharko litzateke, urtean torneo bat izaten da, bertan irten eta irabaziz gero ere ez da ezer askorik izaten eta horrela ez dago jarraitzerik, laguntasunik ez bada.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide