Lehenik, aipatu erantzunetan batek bakarrik heldu diola albistean aipatzen den gaiari. Ekintza Plana, albistean azaltzen den bezala, hurrengo bost urtetarako aurreikusita dago eta 129 ekintzaz osaturik dago. Bi hitzetan ezin da azaldu bertan jasotzen den guztia baina hitz gutxitan esatearren Plana hiru mailatan egituratuta dago
·Lerro Estrategikoak: Albistean aipatzen diren helburu orokorrak dira.
·Ekintza-Programak: Helburu orokorrak lortu ahal izateko definitu diren helburu espezifikoak lirateke.
·Ekintzak: Helburu espezifikoak lortzeko ekintza edo proiektu konkretuak.
Egitura hau kontuan harturik, lehentasunak finkatzeko garaian, programak izan ziren aztertu zirenak eta alde batetik erizpide objetiboak hartu ziren kontutan eta bestetik Ingurumen Foroak jasotako ekarpenak.
Informazio guzti hau oso zabala da, eta norbaitek zehaztasun gehiago nahiko balu nerekin kontaktuan jartzea besterik ez du (agenda21@azpeitia-azkoitia.net). Dena den esan beharra daukat guzti honi buruzko informazioa Azkoiti eta Azpeitiko etxe guztietara zabaldu zela 2002ko otsailean.
Agenda 21aren inguruan sorturiko Ingurumen foroan Ekintza Plana eztabaidatua izan zen eta une hau aprobetxatzea nahiko nuke horrelako gaietan interesatuta eta lanerako prest dagoen guztiari Foroko saioetan parte hartzeko gonbidapena luzatzeko.
ISO 14001
Aipatzen diren gaiei buruz, ISO 14001 duten bi enpresa bakarrik daudela esaten da. Guk dakigula, 2002an beste bi enpresek ere (Aceralia Redondos Lasao eta Aceralia Redondos Azpeitia) lortu dute zertifikatu hori. Gainera gero eta gehiago dira ingurumen arazoaz jabetu eta neurriak hartzen hasita dauden enpresak, hala nola, Biele S.A., Danona, Hormigones Lazkano, Azcue y Cía, Lan Mobel, Sarralle, Grumal...(beti ere guk ditugun datuen arabera). Egia esan beharra dago hauek herrian dauden enpresa handienetarikoak direla eta enpresa txikiekin lan handia egin beharra dagoela, baina joera ez da enrantzunetan azaltzen den bezain ezkorra.
Enpresek, ingurumenarekin duten jarrera aurreko urtean izan genuen aztergai, "Azpeitia egiten" aldizkarian azaldu genuen bezala (argitalpen hau ere Azpeitiko etxe guztietan banatu zen), eta orduan ere aipatu genuen izango direla beste enpresa batzu neurriak hartzen hasiak daudenak nahiz eta guk horren berri ez izan.
Kutsadura atmosferikoa
Agenda 21aren Ekintza Planarekin zuzenean lotuta dagoen beste gai bat ere aipatzen da erantzunetan, kutsadura atmosferikoa. Albistean ikus daitekeen bezala, Planaren 6. helburu orokorra du zerikusi zuzena eta gai hori lehentasunezkotzat jo genuen Ekintza Programa batean bereziki lantzen da, "Jardueren atmosferarako isurketen kontrola areagotzea, emisioen gutxitzea bultzatuz" izeneko programan hain zuzen. Programa edo helburu espezifiko hau lortzeko asmoz hainbat ekintza aurreikusten dira eta 2002an zenbait martxan jarri ere.
Erantzunetan islatu bezala, asma, kantzer eta beste gaixotasunetan atmosferarako isurketek duten eragina, azpeitiarren artean kezka gehien sortzen duenetariko gaia dela jakina da. Eta ahoz aho informazio hori dabilelako, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin harremanetan jarri, eta kutsadura atmosferikoak osasunarengan duen eraginari buruz ez dagoela inongo ikerketarik egina aipatu ziguten. Hau da, Azpeitian ematen diren kasuak eta beste herrietan ematen direnak zenbaturik gabe daude, beraz, ez dago alderaketak egiterik. Inork ez du esaten kutsadurak osasunarengan eraginik ez duenik (ikertzaile asko dira une honetan honen gainean lanean dihardutenak), baina ez dago daturik eragin hori Azpeitian beste inon baino handiagoa denik esateko, ez baitago hori baieztatuko duen daturik eta.
Erantzun hori jasotakoan, Azpeitian azterketa epidemilogikoa egiteko eskaera luzatu eta ezezko erantzuna jaso zen. Azpeitian airearen kalitatea neurtzeko kokatuta dagoen estazioan ez baitira jasotzen limiteen gainetiko balioak. Eta beraz, Osasun Sailekoen ustetan ez dago datu objetiborik horrelako ikerketa bat martxan jartzeko.
Guzti honen aurrean, Azpeitiko Udalak gai honekin lotuta, beste gestio batzu egin ditu. Azpeitiko estazioak NO2 , NO, CO eta PST parametroak neurtzen ditu. Parametro hauek gutxi direla eta, Ingurumen Sailarekin harremanetan jarri eta aipatu parometroaz gain, beste parametro berri batzu neurtuko dituen kabina berria instalatzear dago une honetan (egunetako gauza da). Ildo berdinean jarraituz eta egungo kokapena egokiena den edo ez jakiteko, kabina mugikorra, herriko puntu desberdinetan jarriko da eta oraingo kokapenean lortzen diren datuekin alderatu eta bere egokitasuna nolakoa den jakin ahal izango dugu.
Guzti honetaz gain, Udalak bere kabuz, momentuz urte beteko iraupena izango duen ikerketa-proiektu bat ere martxan jarri du EHUko Kimika Sailarekin, "Idustriek eta trafikoak sortzen duten kutsaduraren anilisia eta karakterizazioa" (abenduan hasi zen datu bilketa).
Kutsadura atmosferikoaren sortzaile nagusienak industriak eta trafikoa ditugu, eta Azpeitiko kasuan biztanleko dugun ibilgailu-kopurua ez da bakarrik Gipuzkoa edo EAEko batazbesteko altuena, Europako altuenetako bat baizik. Benetan datu kezkagarriak: 1999an 521 kotxe mila biztanleko, 2000.ean 534 (Eustatekoen esanetan 545) eta 2001ean 537; behar bada ohiturak aldatzearekin pentsatzen hasi beharra dugu. Ingurumenak dituen arazo nagusienetan (hondakinak eta kutsadura) denok gara errudun, ez enpresak bakarrik.
Ikusteko egizu klik hemen