Bertsotan, paperean eta lehian

Uztarria.eus 2003ko ots. 3a, 10:02

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak lanean dihardu. Ez da gelditzen, ez horixe! Orain gutxi bukatu da Erniarraitzek antolatutako 2002ko Bertso Parranda arrakastatsua. Partehartzaile aldetik garrantzitsua, entzule aldetik bikaina eta bertso bapo askoak entzuteko parada eman duena. Orain berriz, 2001ean ekin zion ekimen batekin datoz bertsozaleak. Alegia, Erniarraitz II. Bertso Paper Lehiaketa antolatu dute. Lehen bertso paper lehiaketan Erniarraitzekoak “bi urtean behin” antolatzeko asmoa erakutsi zuten, eta halaxe egin dute.

Heldu da, bada, bigarren bertso paper lehiaketaren parada. Lehiaketan Urola erdialdeko, hau da, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil edota Zestoako edozeinek har dezake parte. Eta bi mailatan bereziko dira; batak, A mailakoak, 18 urte artekoak hartuko ditu eta gutxienez sei bertsotako lana egin beharko dute; besteek, B mailakoek, 18 urtetik gorakoek, gutxienez zortzi bertsotako lana egin beharko dute. Gaia librea da eta lanek idazmakinaz eta orriaren alde batetik idatziak izan beharko dute, eta lanak berak egilearen nortasuna adieraz dezakeen inolako daturik ez du eramango. Norberaren datuak (izen-deiturak, helbidea eta telefonoa) kartazal itxi batean adierazi beharko dira, eta lanarekin batera gutunazal batean aurkeztuko dira, kanpoko gutunazal honetan jarri beharko da goitizena eta bertso sortaren izenburua. Dena prest dela, lana Erniarraitz Bertsozale Elkartearen helbidera (265 Postakutxa. 20.730 Azpeitia) bidali beharko da. Lanak aurkezteko epea martxoaren 8an amaituko da.

II. Bertso Paper Lehiaketak bina sari izango ditu bi mailetan: A mailako lehenak 220 euro jasoko ditu, eta bigarrenak 120 euro. B mailako lehenak 500 euro jasoko ditu, eta bigarrenak 350 euro. Sarien banaketa martxoan Erniarraitzek egin asmo duen bertso asteko bertso jaialdian izango da.

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak Azkoitia Azpeitia, Errezil, Beizama eta Zestoako Udalen babesa izan du lehiaketa antolatzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide