Sokamuturra eta inauteriak 'XXIV. Juan Antxieta' argazki lehiaketan

Uztarria.eus 2003ko ots. 12a, 17:02

XXIV. Kutxa Juan Antxieta Argazki Lehiaketako oinarriak dagoeneko ezagutzera eman ditu Gipuzkoako Donostia Kutxak. Lehiaketak ohi bezala inauteri jaietako sokamuturra izango du gaia, eta inauteri giroa egokien jasotzen duen argazkia ere sarituko da.

Juan Antxieta argazki lehiaketan Gipuzkoan bizi diren argazkilari afizionatuek har dezakete parte. Argazkiek sokamuturra eta inauteri giroa izango dute gaia, eta parte hartzaile bakoitzak bosna eta bina argazki aurkeztu ditzake gehinez gai bakoitzerako, hurrenez hurren. Argazki guztiek zuri beltzezkoak behar dute izan eta inolako trukaketa digitalik gabekoak gainera. Neurriz, berriz, 18 x 24 zentimetrotakoak eta alde guztietara zentimetro bat handiagoa den kartoi batean jarrita egongo dira.

Argazki lanak Azpeitiko Antxieta Etxera aurkeztuko dira XXIV. Kutxa Juan Antxieta Argazki Lehiaketarako direla adieraziz, eta atzekaldean izenburua, egilearen datuak, helbidea, telefonoa eta NANaren zenbakia dutela. Horretarako azken eguna martxoaren 28a da. Antxieta Etxea astegunetan 18:00etatik 20:00etara izaten da zabalik.

Sariak

Lehiaketan sei argazki sarituko dira: sokamuturra gaia duten bost eta inauteri jaia bera lantzen duen bat. Lehenengo bostak 300 euro, 180 euro, 150 euro, 90 euro eta 60 euroko diru saria jasoko dute eta seigarren saria ere 60 eurokoa izango da. Bestalde, sokamuturra gaitzat duten hiru argazki egile onenek garaikur bana ere jasoko dute.

Sariak apirilaren 28an banatuko dira Antxieta Etxean, 19:00etan, eta lehiaketara aurkezten diren argazkiekin osatutako erakusketa ere egun horretan bertan zabalduko da. Argazki sarituak Kutxarentzat izango dira, eta besteak erakusketa amaitu eta hamabost egunen barruan jaso dituzte egileek.

Iazko edizioan Juan Mari Ibarzabalen kontuz mutil, kontuz! argazkiak jaso zuen lehen saria. Uztarria.com honetan bertan sari banaketaren berri eman genuen hemen

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide