Martxelo Otamendi bera hainbeste jende hitzaldian ikustez harriturik hasi zen hizketan. Bere hitzaldiari hasiera Herri Irratian Txinpartak saioan Laxaro Azkunerekin Imanol Agirre Euskal Herriako zuzendari ordeak esandakoekin eman zion. Imanol Agirrek elkarrizketa horretan 3.000 bazkide eskatu zituen euskarazko bertsioa posible egiteko. Gutxiagorekin abiatutako ekimen ugari zeudela esan zuen baina kezkagarria ere badela bestalde 2003an horrelako aldizkari batek erosle kopuru hori ezin lortu izana.
Errepasoa egin zuen ondoren bera ere kioskero batzuen iloba izaki, orain 25 urte kioskoetan zeuden tituluak eta gaurkoak konparatuz. Horretarako orain 25 urte AEBko kioskoetan ikusten zen aukera tematikoaz harriturik, Espainian honelako konturik ezin pentsa zitekeelakoan. 25 urte geroago Espainiar ekoizpena ikaragarri ugaritu dela. Espainieraz daudenekin alderatuz euskarazko prentsak zer egin duen konparatzera pasa zen ondoren urte horietan.
Adibide ulergarriago izateko Donostiako Abenidan dagoen Rosiren kioskoan kokatu gintuen. Jo dezagun jubilatu egin dela eta herentzian utzi diela bi oinordekori kioskoa. Hauek ez dakitela nola egin banaketa eta bururatu zaie hizkuntzen arabera egitea, batek euskarazkoak eta besteak gaztelaniazkoak. Zer izango luketen ikus dezagun. Horren lekuko, adibide modura eta bihotzeko deitu aldizkarietan orduan 6 baldin baziren gaur egun badirela 20 gutxienez. Sailez sail joan zen hainbat aldizkari espezializatu eta tematiko: gitarra elektrikoa, motorra, formula 1, auto zaharrak... Horren ondoan euskarazkoan zer genuen eta zer dugun gaur egun. Lehen begiratuan ikusten den datua, orain 25 urte baino urrunago gaudela proportzioan. Antzeko zerbait ari zaigula gertatzen telebista kate desberdinek egiten duten eskaintzan ere.
Ondoren entzuleen artean galdetuz ohartu ginen adibidez, inork gutxik edo inork ez dakiela, Espainian dauden zientzia edo kulturako aldizkarien berri, Elhuyar eta Jakin bezalako aldizkari tematikoak adibidez eta gauza bera gertatuko zela Leonen esanez. Euskal aldizkarietara etorrita ordea gertatzen zaigu euskarazko zientzia eta kultura aldizkariak mundu guztiak ezagutzen ditugula. Beraien meritua bada baina baita gure herri honetan gauzak ez daudela ongi antolatuak erakusteko ere, bere hitzetan. 700.000 euskaldun dituen herrian ez dira oso normalak gure ekoizpenak. Hemengo merkatu kuotari begiratuta ez dira erantzun logikoak ikusten direnak, zioen.
Ondoren bota zuen ondorengo urteetarako euskalgintzak erronka berriei erasotzerakoan eta gure inbertsioak erabakitzerakoan azterketa serioa egin beharra dugula nola lor genezakeen 9.000 erosle omen diren horien kopurua areagotzea. Kopuru horretan omen dabil eta Siadecok egin zuen azterketa batek dioenez euskal produktuen kontsumoa gutxi gora behera. 25 urte atzera eginez konparaketak egitera pasa zen ondoren. Garai hartan Euskaldun alfabetatu= Euskaldun erosle, bikoteak funtzionatzen zuen. 25 urte geroago Euskaldun alfabetatu ez da berdin Euskaldun erosle. Garbi dago alfabetatu kopurua asko ugaritu dela baina ez ordea erosle kopurua. Azpeitian bertan kokatuz denok ikusi genuen orain 25 urte eta gaur egun dagoen euskal alfabetatu kopurua oso desberdina dela, urte horietan ikastolatik/eskolatik pasatako jende asko dela euskaraz alfabetatua baina ez da neurri berean ugaritu, ezta gutxiago ere, euskal produktuen erosle kopurua.
Egoera honek azterketa serioa eskatzen du eta galdezka hasi zen: sektoreak ez ote du jakin erosle potentzial horiek bereganatzen? Gaztelera asko espabilatu da eta jende hori irabazi egin ote du? Bestetik euskaraz ateratzen diren guztiek gutxi edo gehiago diru publikoaren babesa dute. Espainian argitaletxe talde handiak sortu dira hainbat egunkari eta aldizkari dituztenak. Denekin ez dute irabaziko baina berezitu batzuk irudi gisa emankorrak dituzte, beste batzuekin irabazten baitute ondo.
Irakurleen azterketa egiten hasita bi irakurle mota berezitu zituen eta bi bandatan banatu zituenak: (+) irakurleak eta (-) irakurleak. Lehen bandakoak irakurle saiatu, sakon intelektualak nolabait esateko. Bigarrengoak irakurle arruntak, ez oso sakonak. Horri begira ikusi genuen euskarazko ekoizpen gehienak lehen bandarako direla eta bigarren bandarako ez dugula ekoizpenik. Euskaldunon Egunkariak Afganistango azken gerra zela eta egindako ahalegina ipini zuen adibide. Gerra hasi baino bi hilabete lehenago bidali zuen kazetaria bertara eta hark emandako kronikek (+) taldeko irakurleen txaloak jaso zituzten, (-) taldekoak ez ziren enteratu ere egin, ez doa hori beren interesekin. Hurbileko egunkariei begira hasita Diario Vascok adibidez bi bandentzat idazten du eta biekin asmatzen. Ikusi beharra dugu euskaraz hori nola lor genezakeen. Argi dago Zabalik-ek ere ez duela euskaraz asmatu. Eta kezkagarria zela zioen 9.000ko kopuru horretaz kanpo jende gutxi dagoela euskarazko produktuak kontsumitzeko. Euskaldunon Egunkaria eta Argia erosten dutenetatik kanpo euskal produktuen oso erosle gutxi ote dagoen. Ez da beraz ideologia kontua bakarrik.
Ikasbide egokia Katalunian aurkitu zuen. Han 8-9 herri egunkari aipatu zituen bakoitza bere probintziari, inguruneari begira eginak eta aipatutako (-) irakurle taldeari ongi egokituak eta ongi zebiltzanak orain arte batak besteagatik sekulakoak esanez ari baziren ere. ZETA taldearen El Periódicok katalanezko bertsioa egiten jakin du ordea, makina bidez egindako itzulpenei esker eta nahiko erraz. Horrek piztu ditu eta denak elkarrekin bakoitzak beretzat egiten duenaz gain, taldean eta denentzat astean bi hiru aldizkari berezitu ateratzen hasi dira, albiste internazionalak, kirola, ekonomia...Bidean dute Egunkari nazionala ere. Horrela kanpokoaren arriskuak elkartu ditu eta emaitza onak burutu. Guri ere ikasbide ona ematen digu horrek, zioen. Ea asmatzen dugun berandu izan baino lehen.