- Sindikatu honek inolako justifikaziorik ez duten jokabideok arbuiatu eta bere haserrea agertu nahi du. ELAk salatu egiten du, gainera, zenbait atxiloketatan erabili den arrazoirik gabeko bortizkeria eta gehiegizko indarra -bakezko eta armarik gabeko herritarren etxean gauez, ateak hautsiz sartu izana-, baita atxilotuek jasan duten tratua, beroiek azpiratzea eta arriskutsu eta errudun direnaren itxura faltsua ematea beste xederik ez duena.
- Jokabideon aurrean hainbat sentipen nagusitzen da: erabateko indefentsioa, eragindako pertsona eta erakundeentzako bermerik eza, inpunitatea, eta are, hainbat sektoreren aldetik ematen zaien babesa - esparru juridikoan, hedabideetan, politikan-, batik bat epaitegien esku geratzen diren herritarrak gure herriaren nortasunaren garapenarekin zerikusia dutenean (bereziki euskararen normalkuntzarekin).
- Antiterrorismoa da lur kiskaliaren estrategia honek darabilen aitzakia nagusia; hura oinarritzat harturik, emaitzan eta iraupenean amai jakinik gabeko auziak hasten dira -horiek bultzatzen dituztenek normaltzat hartzen dituzte bost urtez luzatzen diren badaezpadako neurriak-; alabaina, jardunbide horiek atzera ezineko kalteak eragiten dizkiote hainbat lagun eta proiekturi, eta ehundaka enpleguren etorkizuna zalantzan jartzen dute.
- Bestalde, operazio judizial eta polizial honek milaka irakurleri euskarazko egunkari bakarra izateko aukera ken diezaieke. Honek informazio-eskubidea urratzen du; hizkuntza minorizatu baten normalkuntzarako eraso larria da, eta adierzapen askatasuna erabat zapuzten du.
Aipatzekoa da hamairu urteko ibilbidean Egunkariak bere orrialdeetan euskal gizartean aurki daitezkeen iritzi anitzak jaso izan dituela.
- Adierazpen askatasuna ez da soilik Egunkaria itxi duten aldetik urratu: Guardia Zibilak Plazagunearen esku zegoen zerbitzaria hondatzean -Egunkariaren web orrialdea ixteko asmoz- beste hainbat web orrialde ere blokeatu ditu, besteak beste sindikatu honena.
- ELAk atxilotutako pertsonen askatasuna eskatzen du, eta bere elkartasuna eta begirunea helarazi nahi die; indarrez eramandako tresna eta materialak itzultzea ere galdegiten du epaileran aginduek eragindako herritar zein sozietateen aurkako neurriak bertan behera gera daitezela.
- ELAk Egunkarian lan egiten duten guztiekiko elkartasuna adierazi nahi du, baita animatu ere herritarrok euskarazko egunkari bat eskuratzeko aukera izaten jarrai dezagun.
Hartara, sindikatuak euskal erakundeei eskatzen die kaltetutako herritar eta sozietateei babesa eman diezaietela, eta bereziki Eusko Jaurlaritzak aintzindari papera har dezala adierazpen askatasuna nahi informazio-eskubidea bermatzeko, baita herritar euskara alor guztietan erabili eta normalkuntza lortzeko duten eskubidea aldez dezan.
- Azkenik, ELAk bere afiliatuei, langile eta herritar guztiei dei egiten die Kontseiluak antolatu datorren larunbatez, otsailak 22, arratsaldeko 5etan Donostiako Antiguatik abiatuko den manifestazioan parte har dezaten.
Bilbon, 2003ko otsailaren 20an