Laxaro Azkune (Baite Euskara Elkarteko lehendakaria)
"Egunero ikasi behar omen da zerbait eta hala ari gara egunero eta Egunero-ri esker ikasten, besteak beste, txikiaren handitasunaz jabetzeko balio izan digu honek. Egunkaria-ren itxiera dela eta zenbait ekintza burutu dira eta horren lekuko zarete gainera hemen bildutakook ere. Bertso bat datorkit gogora orain dela gutxi, Bertsozale Elkarteak egindako ekitaldi baten zetorrena beste zenbait bertsoren artean, jakin dudanez Jon Sarasuak egindakoa izan behar du, eta hala dio bertso honek:
Espero zitekeen
ez genuen uste
Miresten ditugunak
mailatu dituzte
Asko mututu eta
denok jo gaituzte
Aspaldi ez genuen
ikasi hainbeste
Ikasi ditugun argibide batzuk esango dizkizuet, bolada honetan niri neuri behintzat buruan gelditzen zaizkidanak: euskara salbatzeko itxi dutela Egunkaria, hori jakin dugu. Ikasi dugu, baita ere, egunkari pluralagoa egin behar omen dela, nahiz eta, denek aitortu ezagutzen ditugunen artean pluralena bera izan dela. Ikasi dugu, torturarik ez dagoela eta dagoela esaten duenak kereilak izango dituela gainera. Ikasi dugu, Madrilen torturak ikertu behar direla, baina Euskal Autonomi Erkidegoan ez dagoela ikertu beharrik. Gerra humanitarioak ziren lehenxeago, gerra prebentiboak egingo omen dituzte orain. Eta gerraren aurka ez dauka zertan egonik, ETAren aurka baldin badago bakezale izateko, Irakeko gerra bera ere ETAren indarkeriaren aurkako gerra izan daitekeela ia sinistu dute. Ikasten jarrai dezagun ba hauei entzunez. Baina, lehen aipatutako sorta horretako beste bat irakurriko dizuet luze ari ez baldin banaiz behintzat:
Lehen ere oihu franko
daukagu entzuna
Elkartasun kexuak
galdu du zentzuna
Min honek izan beza
bere oihartzuna
Kioskoetan dago
gure erantzuna"
Enekoitz Esnaola
"Lehendabizi, eskerrik asko Egunkaria-ko azpeitiar langileen izenean.
Oraintxe dela hilabete, otsailaren 19an, hementxe (Aitonena I-eko aretoan) egon zen hitzaldia ematen Martxelo Otamendi, Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendaria, eta gero hemen kanpoan (Aitonena I-eko atarian) lagun batzuk bazeuden eta atzetik jarraitu zioten Tolosaraino, eta han beste lagun batzuk bazituen, eta gero Madrilera eraman zuten, eta harekin batera beste bederatzi. Hamar euskaltzale atxilotu zituzten eta gaur egun, hiru daude kartzelan oraindik: Xabier Alegria, Xabier Oleaga eta Iñaki Uria. Eta guk eskatzen duguna da haiek askatzea.
Behin hori esanda, nik egingo dudana izango da, noraino iritsi garen Egunkaria bezala, zergatik iritsi garen Egunkaria bezala iritsi garen tokiraino eta zergatik, gure ustez behintzat, Espainiako Estatuak Egunkaria jo duen.
Egunkaria orain dela 13 urte sortu zen, baina hartu zituen printzipioak ez zituen berak asmatu egun batetik bestera; euskarazko prentsa urte batzuk lehenagotik bazetorren, ez eguneroko egunkari formatoan, aldizkari formatoan baizik, Argia-rekin, edo beste era batera. Baina aurretik ere bazeuden euskarazko prentsaren funtzionamendurako oinarrien aipamenak eta aldarrikapenak. Orain dela 13 urte Egunkaria oinarri batzuen inguruan sortu zen, 11 oinarriren inguruan. Horiek oinarrizkoak izan dira Egunkaria-ren biziraupenerako eta Egunkaria-ren nolabaiteko arrakastarako. Eta horregatik jo dute Egunkaria-ren kontra.
Aurreko mendean lehen aldarrikapenak (1917)
Aurreko mende hasieran jada euskarazko prentsaren beharra aipatzen zuten garai hartako euskaltzaleek. Aita Arbelaitz delakoak esaten zuen oso beharrezkoa zela euskarazko egunkaria sortzea eta sortu egin behar zela. Galdetu egiten zuen zeinen artean sortu behar zen, zenbat diru beharko litzatekeen... Kalkulu batzuk ere egin zituen, mila edo bi mila ale salduta iraungo zukeela esanez. Eta halako batean esan zuen: "Beldurrak bota egin behar ditugu, denok batu eta sortu egin behar dugu egunkari bat, euskarazko egunkari bat". 1917. urtea zen.
1929-1930: Lizardiren asmoa eta oinarriak
Gero beste bolada bat etorri zen euskarazko prentsaren aldekoa, 1929-1930ean. Lizardi izan zen hor akuilua hartu zuena, eta hura izan zen eragile nagusietakoa eta euskarazko prentsa aldarrikatu zuena. Garai hartan bazegoen egunkari nazionalista bat, abertzale bat, Euzkadi izenekoa, baina gazteleraz zen. Lizardik esaten zuen gogoeta egin beharko zela euskarazko prentsaren aldeko eragileen artean, euskarazko baratza hori hezi eta hazi egin behar zela, eta, azken batean, euskarazko egunkaria sortu behar zela. Gainera, esaten zuen ez zela nolanahiko egunkaria izan behar, baizik eta erdarazko egunkariekin lehiatzeko modukoa izan behar zuela. Esaten zen ez zela ezohiko egunkari bat izan behar, baizik eta egunkari estandarra, eta kalitatearen bila joan behar zela. Hala, egunkariaren oinarrien artean -eta garai hartan jada oinarri batzuk jartzen hasi ziren- kristaua izan behar zuela esaten zuen, baina beste bi oinarri ere aipatu zituen, gaur egun hor daudenak hain zuzen: batetik, euskaltzalea izan behar zuela. eta bestetik, alderdi politiko gabekoa, independentea alderdi politikoetatik. Proiektu bat lantzen hasi zen eta izena eta guzti jarri zion euskarazko balizko egunkariari: Bai. Elkarte bat ere osatzen hasi zen.
Baina garai hartan elebitasunaren aldeko mugimendua ere bazegoen. eta azkenean berandu samar ibili zen Lizardi; haren proiektua bertan behera erori zen.
Baina dagoeneko jendea hasi zen ikusten euskarazko prentsaren beharra, eta oinarriak ere jartzen hasiak ziren.
1937: Eguna, EAJrena
1937an egon zen euskarazko egunkariaren hurrengo mugimendu interesgarria, urte hartan sortu zelako Eguna euskarazko egunkaria; sei hilabete iraun zuen. Baina ez zen izan alderdi politikoetatik independentea, EAJren hedabidea zelako. Garai hartan izugarrizko meritua zen euskarazko egunkari bat ateratzea sei hilabetetan. Baina Agustin Zubikarai egunkariko zuzendariordeak esan zuen bezala, jabetza EAJk zeukan eta dirua jartzen zuena Eusko Jaurlaritza zen. Beraz, alderdi politiko baten tresna zen. Eta ez zuen funtzionatu. Horrek ere garrantzia dauka gaur egungo planteamendu batzuk kontuan hartzen baldin badira.
1980ko hamarkada: Eguna eta Hemen
Beste fase interesgarri bat 1980ko hamarkadan egon zen. Izan ere, astegunkari batzuk sortu ziren, astean behin ateratzen ziren euskarazko egunkari batzuk: Hemen eta Eguna. Eguna, EAJren inguruko asteegunkaria zen, euskarazkoa, Deia-ren enpresa argitaratzaile Iparragirre SAk argitaratzen zuena. Hemen, berriz, Egin-en enpresa argitaratzaile Orain SAk ateratzen zuen. Astean behin argitaratzen ziren eta, nolabait esanda, erdarazko prentsaren tresna ziren. Ez ziren erdarazko komunikabideetatik independente.
Sasoi hartan zegoen euskarazko aldizkari berriemaile bakarra Argia zen. Independentea. Eusko Jaurlaritzak benetan Argia bultzatu eta lagundu beharrean, Hemen eta Eguna bultzatu zituen. Datu bat ematearren: 1987an Argia-ri zortzi milioi pezeta eman zizkion, eta Eguna-ri 26 milioi eta Hemen-i 23 milioi. Hortaz, Eusko Jaurlaritzak euskarazko aldizkari independente bakarra bultzatu beharrean, erdarazko komunikabideetatik independente ez ziren beste biak bultzatu zituen. Garai hartan Argia bera kexu zen, eta zera esaten zuen: besteen aldean bikoitza saldu arren eta irakurleak ere bikoitzak izan arren, Eusko Jaurlaritzatik diru laguntza gutxiago jasotzen zituela.
Argia-k oraindik segitzen du eta besteek ez dute jarraitzen; hauek 1986an sortu ziren eta 1990ean desagertu.
1989: urte erabakigarria euskarazko prentsarentzat. Egunkaria Sortzen sortu zuten
1989ra iristen gara. Urte erabakigarria da euskarazko prentsan, Egunkaria Sortzen plataformaren lehen bilera egin zutelako azaroaren 1ean. Deialdi publiko eta zabala egin zen, eta hor sortu zen talde eragilea, gerora hiru batzordetan eratu zena. Helburua: euskarazko egunkaria sortzea.
Garai hartan Eusko Jaurlaritza beste proiektu bat zeukala esanez hasi zen, eta orduan eztabaida hori sortzen hasi zen: batetik, egunkari pribatua -herri ekimenetik sortutakoa ikusten zen Egunkaria Sortzen-etik-, eta bestetik, egunkari publikoa -hori ikusten zen Eusko Jaurlaritzaren eta beste batzuen aldetik-.
Beraz, orduan Euskal Herrian bazeuden egunkari publikoarekin sinesten zutenak. Ia hamarkada bat lehenago EITB sortu zen, telebista eta irratia zeuden hor, eta egunkari bat ere hor barruan ikusten zuten sektore batzuek. Egunkaria Sortzenetik, aldiz, ikusten zen egunkariarena desberdina dela, askoz ere pluralagoa izan behar duela, eta herriaren eskuetan egon behar zuela.
Orduan eztabaida hori oso garrantzitsua izan zen eta gero ikusi zen zeinek zaukan, gure ustez behintzat, arrazoia. Eta gaur egun ere eztabaida hori planteatu nahian dabiltza batzuk. Horregatik egingo dut garai hartako laburpen bat ere.
Batzuek ez zuten horrenbeste sinesten herri ekimenetik sortutako egunkari batean, ezta egunkari estandar batean ere. Horrelako intseguritate bat bazeukaten produktuarekiko, esanez balizko porrota -hau da, "gutxi saltzen bada, irakurle gutxi baditu" - azken batean euskararentzat berarentzat izango zela; horixe zioen, adibidez, Mari Karmen Garmendiak. Aldiz, Pello Zubiria Egunkaria Sortzeneko kideak berak, adibidez, esaten zuen apustu kontua ere bazela hura, eta medio ekonomiko gutxi batzuk jarrita apustu horrek funtzionatzeko aukerak zeuzkala; azken batean militantzian ere oinarritu behar zela zioen Pello Zubiriak.
Egunkari berriaren ildo ideologikoa zen beste eztabaidetako bat. Egunkaria Sortzenek 11 puntu jarri zituen 1989an, gero azalduko ditudanak. Eusko Jaurlaritzak eta bere ingurukoek beste ildo bateko egunkaria nahi zuten, ordea. Hala, garai hartan oso ezaguna izan zen Joseba Arregi orduko Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak esan zuena; hau da, orduan Ajuria Eneako hitzarmena indarrean zegoen, eta Arregik behin elkarrizketa batean erantzun zuen Egunkaria Sortzeneko batek galdetu izan balio Eusko Jaurlaritzaren ustez egunkari berri horrek Ajuria Eneako markoaren barruan egon beharko al lukeen, berak erantzungo liokeela "jakina baietz", horrela behar zuela. Beraz, bistan da beraiek nola ikusten zuten egunkariko aniztasunak zertan oinarrituta egon behar zuen.
Aldiz, Egunkaria Sortzenetik esaten zen erabat zabala izan behar zuela egunkariak, alderdi politikoen eta erakundeen menpe ez zegoena, eta erdal komunikabideetatik ere independente izanik. Oso eztabaida latza izan zen. Lehen esan bezala, ordea, Egunkaria Sortzenek bere 11 puntuak aurkeztuak zituen 1989an, Durangoko Azokan, eta esan ere bai egunkaria sortzera zihoazela.
Eusko Jaurlaritzak ere esaten zuen bera ere sortzera zihoala bat, eta hain zuzen 1990eko abenduaren 3an bere egunkariaren prototipoa ere aurkeztu zuen (Egunkaria sortu baino hiru egun lehenago), eta kasualitatea da baina Egunero izena zuen. Baina, hala ere, ez zen sortu eta hiru egunera sortu zen Egunkaria.
Jada errealitate bat bazegoenez, batzuk errealitate horri trabak jartzen saiatu ziren. 13 urte pasatu dira eta orain orduko gauza antzekoak entzuten ari gara beste leku batzuetatik. Hau da, 13 urte pasatu dira eta ezin ahaztu daiteke orain dela 13 urte, adibidez ETBtik, nola interpretatzen ziren gauza batzuk. Eta ezin ahaztu daiteke agintari politiko batzuek zer esaten zituzten Egunkaria-ko lehen zuzendariarekiko, ETAk jarritakoa zela eta abar. ETB aipatu dudanez, horra adibide bat: Egunkaria-ren kasuan orain aipatu diren paper famoso horien inguruan, Espainiako Estatuko epaile batek horien interpretazioa egin du, ETAk Egunkaria-ren sorreran zerikusia izan zuela esanez eta epaia emanez, baina 1991ko uztailean ETBk berak albiste batean zer esan zuen esango dizuet: "Egunkaria-ren zuzendariaren izendapena ETAko buruzagien oniritziz egin omen zela uler daiteke Frantzian atxilotutako etakideei harrapatutako dokumentazioan". Hitz horiek berriro entzutea garrantzitsua dela uste dut, batzuen aldetik berriz ere akats berdinak ez egiteko, azken batean interpretazio horien arabera sufritzen dutenak sufritzen ari direnak direlako.
Eta lehen esan dut orain dela hilabete hemen Martxelo Otamendi egon zela eta harekin batera bederatzi euskaltzale atxilotu zituztela, torturatuak izan direla eta hiruk oraindik barruan segitzen dutela, ezer ere egin gabe. Baina zein hasi zen mamuak zabaltzen? Eta zergatik hasi ziren zabaltzen? Egunkari bat sortzeko beraien ezintasunagatik? Herri ekimenetik Egunkaria sortu zelako? Uste dut oroimen hori izatea inportantea dela; ez dira horrelako esaldiak-eta askotan errepikatu behar, baina berriro diot oroimen hori izatea inportantea dela.
Hitzaldiaren hasieran egindako erreferentziak kontuan hartuta, ikusi dugu 1990 aurretik zeinek funtzionatzen zuen eta zeinek ez, zein oinarri jartzen ziren batzuen aldetik eta zein besteen aldetik. Garai haietan ere bazeuden, beraz, kontzepzio desberdinak: egunkariak pribatua edo independentea behar zuen, edo publikoa edota beste enpresa edo alderdi batekiko dependentea izan behar zuen? Kazetari ikuspegitik egunkari estandarra izan behar zuen edo zerbaiten osagarri eta ezohiko izan behar zuen?
Azken puntu horri helduz, 1980ko hamarkadan, adibidez, erakunde batzuetatik-eta planteatzen zen beste egunkari batzuen osagarri izan behar zuela euskarazkoak, eta abuztuan ez zuela irten behar, doanekoa izan behar zuela Aldiz, CIES erakundeak egindako azterketa baten arabera, ikusten zen egunkari estandar bat izan behar zuela, beste egunkari normal bat, eta beste komunikabideekin lehiatzera jo behar zuela. Hori ikusten zen Egunkaria Sortzenetik ere, eta horrela jarri zen martxan Egunkaria bera 1990ean. Hasieran 32 orrialdekoa zen, nola-halako produktua egiten zen, baina behintzat, egunkari estandarra zen.
Egunkaria-ren 11 oinarriak
Baina urtebete atzera egingo dut berriro, 1989ra. Orduan jarri ziren 11 oinarriak, fundazionalak. Aipatu egingo ditut:
- Egunkaria-k euskaltzalea izan behar du; ez politikagintzan oinarritutakoa, baizik eta hizkuntzan eta kulturgintzan.
- Nazionala (hau klabea da). Orduan ere zatiketa administratiboa zegoen Euskal Herrian, eta Egunkaria-k horren gainetik funtzionatu behar zuela esaten zen, euskarazko produktu bat delako eta euskara hitz egiten delako zazpi probintzietan.
- Baterakoia. Euskalgintzan dauden sektore guztiak bat egiteko ahalegina egin behar da.
- Zabala. Produktu aldetik ere zabala izan behar du, euskaldun irakurle guztiengana iristeko moduko produktua.
- Independentea erdal komunikabideetatik.
- Independentea erakunde publikoetatik eta alderdi politikoetatik. Gaur egun ere gauza bera diogu. Lizardik bere garaian esaten zuen egunkariak ez zuela sortu behar "inoren babesean", baina bai orduko egunkarietan edo aldizkarietan oinarrituta. Eta zioen Argia aldizkarian oinarrituta sortu behar zuela. Guk zera diogu: egunkari berriak **-Egunkarian oinarrituta sortu behar du.
- Ez-instituzionala. Horrek ez du esan nahi, ordea, anti-instituzionala izatea. Erakundeek beren diru laguntzaren araberako diru kontrolak egin ahal izango dituzte, baina bestelako kontrolik ez dute izango.
- Diruz lagundua. Erakunde publikoek diruz lagundu behar dute egunkaria, euskarazko hedabide honek erdarazkoekin konpetitu ahal izateko.
- Militantea. Euskarak militantzia eskatzen duelako (gaur egun ere bai, jakina).
- Profesionala. Kalitateko produkturantz jotzeko, langile profesionalak behar dira.
- Berria. Saioa berria da, eta proiektu berriak edukiko ditu.
Horiek izan ziren 11 puntuak, eta Egunkaria-k ez ditu 11 puntu horiek behin ere hautsi. Eta gure ustez, horregatik iraun izan du Egunkaria-k, eta proiektu berriak 11 puntu horietan oinarrituta segitu beharko luke, bestela etorkizunik ez du izango.
Egunkaria 1990ko abenduaren 6an sortu zen eta 13 urte egin ditu. Lehendabiziko lau urtetan boikota jaso zuen instituzioetatik, ez zen laguntzen, gainera esaten zen halakok izendatutako zuzendaria zela Lau urtean, behintzat, ahal zuen moduan iraun zuen Egunkaria-k, oso egoera latzean; langileek garai hartan 80 mila pezetako soldata kobratzen zuten, baina 11 puntuetako bat militantzia zenez...
1994an Eusko Jaurlaritzarekin akordioa egin zen, artean Joseba Arregi zela Kulturako sailburu. Eta harrezkero Egunkaria sendotzen joan da. Gaur egun 60.000 irakurle inguru zeuzkan; egunero 56-60 orrialde ateratzen zituen; horiez gain, umeentzako, gazteentzako, mendi-abenturako, ekonomiako, igandetako, unibertsitateko, eta literatura munduko gehigarriak zeuzkan; 2002an diru kontuak nahiko ondo zeuzkan; iaz interneten ingeleseko bertsio bat martxan jarri zuen; herri informazioa lantzen hasi zen 2001eko bukaeran, Tolosaldean Egunero eginez; Bizkaian egunero gehigarri bat ateratzen hasi zen 2000. urtean; Martin Ugalde Kultur Parkeko bazkideetako bat da Lizarra Grafikak eta Elkarlanean-ekin batera; estilo liburuak aterata dauzka; liburu dezente aterata dauzka; lau mila iragarle zeuzkan, eta gero eta publizitate gehiago zeukan; Eusko Jaurlaritzatik 275 milioi pezeta jasotzen zituen urtero -gaur egungo aurrekontuaren %22-; orain dela urte batzuk Kontseilua sortzeko eragile garrantzitsuenetakoa izan zen Beraz, esan daiteke, azken batean, Egunkaria ez zela egunkaria bakarrik, baizik eta euskalgintzako enpresa handiena izateaz gainera, euskalgintzako ardatz zela. 13 urtean beti 11 puntu horiek oinarri izanda. Eta baten batek esaten badu inoiz hautsi izan dituela, froga dezala.
Orduan, iritsi gara 2003ra eta Egunkaria itxi egin dute, armaz eta arrazoi gabe. Guk ikusten dugu egunkari berri bat sortu behar dela; gora begira ez gara egongo. Beste batzuk ere hasi dira gora begira ez egoten, Eusko Jaurlaritzak hor parte hartu beharko lukeela-eta esanez. Tira, orain dela 13 urteko eztabaidak behintzat ez daude, irabazita daude. Garai hartan esaten zen euskarazko egunkaria bideragarria ez zela, eta gaur egun bideragarritasun hori ez da ezbaian jartzen. Gaur egun dagoen eztabaida pluraltasuna da. Baina Egunkaria plurala ez dela dioenari esango nioke esateko egunkari bat pluralagoa. Aste hauetan Espainiatik eta Frantziatik, eta azken batean Europako beste leku batzuetatik ere bai, atxikimenduak eta artikuluak iritsi zaizkigu, eta batzuek diote Europan Egunkaria bezain egunkari anitzagorik ez dagoela. Beraz, hemen batzuk esaten ari direnean aniztasun handiagoko egunkari bat sortu behar dela, zer ari dira esaten? Zertan oinarritzen dira hori esateko? Aurrekoan Joan Mari Torrealdaik esaten zuena: ez dagoena (Egunkaria) kritikatzen ari dira eta ez dagoena [beraiek buruan daukatena] laudatzen, honenak denak bertuteak dira. Horien ustez, orain itxi dutena ez zen plurala, edo ez zen beraiek nahi bezain anitza. Baina, zera: lehendabizi esan zergatik ez zen plurala, eta gero egin kritika konstruktiboak, anitzagoa nola egin litekeen esanez.
Errespetua eskatzen dugu
Guk, langile bezala, errespetua eskatzen dugu. Errespetua, 13 urteko lan profesionalagatik eta 13 urteko militantziagatik. Errespetua, 13 urteko ibilbideagatik, Egunkaria ez delako izan ez alderdikoia, ez instituzionala, inon menpe ez delako egon. Errespetua, bide bat zabaldu dugulako 13 urtean. Errespetua, Egunkaria 13 urte eta gero errealitatea eta erreferentzia bihurtu delako. Eta errespetua, Egunkaria-k pluraltasuna izan duelako, eta hori ezbaian ez jartzeko esaten dugu; kritikak egin daitezke, baina hori ezbaian ez jartzeko eskatzen dugu behintzat.
Berriz ere egunkari berri bat egongo da, 11 puntu horietan oinarrituta egongo da, eta, bukatzeko, Joxemi Zumalabe zenak esaten zuena gogoratuko dut: Egunkaria-k inoiz ahanzten badu herri mugimendutik sortu zela, akabo, egunkari baten garantia bakarra da hori garbi izatea delako eta 11 puntu horiek kontuan hartzea.
Aste hauetan Azpeitian ere jende asko mugitu da Egunkaria-ren alde, baina zera azpimarratuko nuke: gauza bat da Egunkaria-ren alde egotea eta beste bat Egunkaria-ren alde egitea. Eta guk Egunkaria-ren alde egitea ere eskatzen dugu; eta Egunkaria-ren alde egiteak esan nahi du euskarazko egunkaria laguntzea erosteko eta irakurtzeko garaian.
Xebaxtian Lizaso (Egunkaria Sortzen-en ibili zen)
"Lehenengo kanpai hotsak jo zituztenak Joxemi Zumalabe, Joseba Jaka eta Joan Mari Torrealdai izan ziren, Martin Ugalderen babesarekin. Behar zela zerbait, euskarazko egunkari bat ateratzeko proiektu bat egin behar zela eta sektore askotan atea jo zuten. Une horretan, Bertsozale Elkartearen izenean Imanol Lazkano, Lopategi eta hirurok ginen. 62-63 bat lagun ginen Egunkaria Sortzenen. Han bakoitzak bere lanak zituen, niri hasieratik tokatu zitzaidan lana, gero askotan bezalaxe, diru bila joatea izan zen. Eta nahiko garai beltzak ziren, gure kontrako iritzi asko zegoen eta dirua biltzeko asko lagundu zuten bai herri plataformak eta baita enpresatako komite eta sindikatuek ere. Batzuk, herri plataformatan ibili ziren eta gu batik bat enpresatan eta udaletxetan ibili ginen. Udaletxetan dirua behintzat oso-oso zaila zegoen goitik zeukaten kontsigna zera zen: guk atera behar dugu beste periodiko bat Egunkaria mantxarekin jaioko da jaiotzen bada, sei hilabete baino gehiago ez du iraungo, zuzendaritza badakigu zein izango den Nahiko mantxadun famarekin bazetorren. Hala behintzat, kontuak kontu, diru dexente bildu zen, garai hartako akzioak milioi erdi pezetakoak ziren.
Orain dela hamar bat urte 1992-93, akzio zabalkundea egin zen eta orduan ere berdin, instituzio batzuk, udaletxe batzuk joño ezker abertzalearen inguruan zeuden udaletxe batzuk busti ziren eta beste batzuk pixkanaka-pixkanaka hasi ziren begiak zabaltzen. Bestelako mamu hoiek ez zirela egiak ikusten, gezurrak zirela, hiru urte egitera zioala Egunkaria eta lehendabizi esaten zuteneko mantxa hoiek ez zirela egia, kosta zitzaien. Eta anpliazio hori nahiko ondo atera zen, baina publizitate aldetik zailtasun gehiago geneuzkan. Enpresa batzuk baziren, BBV kasu, lehendabizi dirua jarri zuena baina, "gure izenik ez jarri" adieraziz. Haiek ez zuten nahi azaltzerik inondik inora. Beste, batzuk nahi izaten dute berriz gutxi jarri eta asko azaltzea. Gero, berriz, askotan joan izan dugu BBVra eta ez dute izan nahi ez dirurik eman ez izenik azaltzea ere; bera txarrago.
Akzio anpliaketa hori egin zen eta Egunkaria pixkanaka-pixkanaka aurrea egiten hasi zen, gero kolorea. Iragarle askok hori jartzen zuten aitzakia bezala: Kolorerik ez daukazue, tirada gutxi daukazue, beti aitzakiak. Gero egin zen beste akzio anpliaketa bat eta orduan udaletxeak Euskal Herri osoan ondo portatu ziren, akzioak ere 25.000 pezetakoak atera ziren, errazagoak ziren erosteko eta aukera eman zitzaien gainera, bosten artean bosna mila pezeta jarrita, akzioaren titularra urtean bat izaten zen, bosteko zerrenda akzio baten jabe ziren.
Pixkanaka-pixkanaka mamu hoiek joan ziren eta publizitatearekin kanpaina txiki bat egin genuen, udaletxetan Jaurlaritzak berak jarritako lege batean oinarrituz: udaletxeak, Jaurlaritza eta diputazioa behartuta daude publizitatea egitera tirada gehiena daukan Euskal Herriko egunkarian. Euskarazko egunkaria bakarra zegoen, orduan honek zeukan tirada handiena. Udaletxe askotan, udaletxe batzuetan gainera mozioa aurkezten zen. Hor ere aldea zegoen, udaletxe batzuetan mozioa nork aurkezten zuen.
Gehigarriak oso onak zeuden eta momentu honetan diru dexente ari zen sartzen gehigarrien bidez. Jendeak ikusten zuelako erreferente zela gauza askotan. Astelehenetan ez zen ateratzen, asteartetan ez zeukan gehigarririk, baina bestela egunero-egunero gehigarriren bat zeukan, eta baziren bikoak ere, larunbatetan bikoak ziren. Orduan hori ondo oinarrituta zegoen.
Jaurlaritzaren laguntzak ere 1994tik atzera jaso ziren, deialdiaren barruan sartzen zen eskaria eta laguntza hurrengo urtean jasotzen zen, nahiz eta onartu laguntza hoiek nahiko hestutu zuten, orduan ekonomikoki nahiko zalantza ibiltzen ziren. Baina, proiektua gizendu zen, oraintxe geunden etxe berri-berria eginda, oraintxe geunden teknikoki inoiz baino hobeto prestatuta eta azkenean indarrez itxi egin dute.
Nik uste dut egunkari berriarentzako oinarri asko dagoela.
Orain gertatzen zaiguna da zera da, Egunero-rekin hasi gara eta ez daukagu ezerren daturik, gure bezerorik onenen daturik ez daukagu, banaka-banaka lehengo datuak berriro eskatzera. Jendea ondo ari da portatzen eta nik dakidanez Gipuzkoko udaletxeak ere ondo ari dira portatzen, publizitatea sartzen zutenak, ia denak sartzen ari dira, baita PSOEkoak ere, Eibarkoa, Donostikoa, Errenterikoa... Eta lehen sartzen ez zuten batzuk ere sartzen hasi dira. Orain abantaila bat daukagu 20 orri dauzkagu oraindik, txuri beltzean gaude baina lehen baino tirada gehiago daukagu. Ikusiko dugu gure laguntza hoiek nondik nora bideratzen ditugun, proiektu berriarekin hastera goaz eta guk uste dugu orainarte gurekin izan diren hoiek gero ere gurekin izango direla beren laguntzetan. Egunkari bat ez da bizi inoiz salmentatik bakarrik, publizitatea behar du diru iturri bezala".
Iban Arregi
"Nik pixkat azalduko dut orain dela lau astetik hona bizi izan duguna, gezurra ematen duen arren lau aste bakarrik pasa direlako egunkrai itxi zutela.
Lehen esan bezala Martxelo hemendik (Aitonena Iean hitzaldia eman ostean) joan zenean atxilotuta izan zen, gaueko ordubatean hasi ziren jendea atxilotzen. Niri Enekoitzek berak deitu zidan gauez, eta gu hemendik elkarrekin joan ginen Andoainera. Eta hantxe lehenengo bilera, zer egin ez genekiela, garbi zegoena zen hurrengo egunean kalean egon behar ginela. Langileen artean jarri genuen lehenengo erronka hurrengo egunean kalean egotea, erantzun hori eman beharra geneukan kazetari bezala eta pixkat horretara jarri ginen. Bideak aztertzen hasi ginen, aukera desberdinak aztertzen, egoera ez zen xamurra egia esan. Lege aldetik eta zer egin genezakeen aztertzen hasi ginen, mantxeta legala behar zen. Egunero-ren aldeko apustua egin zen, Egunero Tolosaldean Komunikabideak enpresak argitaratu du, enpresa hori aurretik zegoen sortuta eta Egunkaria-ren partizipazio bat ere bazeukan. Tolosaldean herri informazioarekin lotutako egunkari bat ateratzen da, lehen ateratzen zen eta orain ere bai eta enpresa horrekin argitaratu genuen. Lehenengo egunean nahiko lan kostatuta. Eta kondizio oso txarretan. Baina, hurrengo egunekoa guretzat garaipen bat izan zen, ikustea kioskoetan zegoela, nolabait motibazio bat izan zen. Tolosaldeako Komunikabideak SL horrek jarraitu du lehenengo egunetik Tolosaldeko egunkari hori argitaratzen, egun batzutan aldizkari formatoan, baina gero berriz ere egunkari formatoan.
Egunero-ri hasiera batean monografiko itxura bat eman zitzaion gure gaiari helduta, baina garbi ikusi zen salto bat egin behar genuela irakurleak mantentzeko ahalegin horretan eta martxoaren 3tik aurrera hasi ginen normalizatu antzera, kirola, telebistako programazioa sartzen Trantsizio fase batean gaude, garbi esan behar da Egunero hau ez dela geroko proiektuarekin zerikusirik daukan ezer, nolabait erantzun moduko bat izan da kalean egoteko eta irakurleekiko errespetuagatik, besteak beste, hor egon behar dugulako. Asmoa da aste honetan bertan (bihar ostirala) 32ko egunkaria ateratzea, sendoagoa eta egunkari normalagoa. Justu lau aste pasatzen direnean.
Nabarmena izan da gizarteak eman duen erantzuna, guk hori ere ikusten dugu. Donostian, otsailaren 22ko manifestazio horretan mundu bat bildu zen. Hori ere babes handia izan da, bai manifestazioa bera eta baita martxoaren 13ra begira herrietan eta gizarte eragile eta sektore desberdinetan egin diren mobilizazioak Nabarmentzekoa izan da erantzun hori.
Langileen antolaketa egun hoietan nolakoa izan den: lehenengo 16 orriko egunkaria ateratzeko jende gehiegi ez zen behar, 150 lagun ez behintzat. Eta materialik ere ez geneukan 150 lagunek lanean jarduteko. Orduan aurrera begira lan dezente bilduko zirela ikusten genuen eta pixkat batzorde desberdinetan antolatu ginen: batzuk erredakziora; beste batzuk komunikazio lanak egiteko; beste batzuk elkartasun mezuak jaso eta ekitaldiak antolatzen, koordinatzen; besteak nazioartera begira lanean; herrietako batzordeak berehala sortzen hasi ziren, batzuk gainera automatikoki, eta hoiek koordinatzen jardun dute besteek.
Langileek konpromezua hartu dugu proiektu berri bat lantzen hasteko. Eta aurrera begira proiektu berriak kanpaina orokor eta potente bat eskatuko du. Eta inportantea da orain egiten ari diren lan hauek pixkat oinarriak jartzen joatea.
Egunkaria-ko langileek, hasiera hasieratik, 13 urte hauetan egin denari eta talde humanoari, hor 13 urtean lanean jardun dutenei errespetoa eskatu dugu, Egunkaria aurrera ateratzen lan egin dutenei eta batik bat, hamaika oinarriei. Behin eta berriz esaten ari garena da, Egunkaria ez duela itxi zabaltasunaren gaineko eztabaidak, Egunkaria Guardia Zibilak itxi zuela orain dela lau aste".