Gerrarik ez!

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, ELB, HIRU 2003ko mar. 21a, 14:03

Iraken kontrako erasoa hasita dago. Aurreikuspenak, txarrenak bete dira. NBEren arabera, guda honek 250.000 biktima zibil suposatuko lituzke, bi milioitik gora errefuxiatu, eta herri horretan gosea nagusitzea ekarriko luke. Izugarrizko gastu militarrak ekarriko lituzkeen guda litzateke, gizarte gastuen kalterako, eta irailaren 11z geroztik ezagunak diren jarrera xenofobo eta arrazistak gehitzeko eta eskubide eta askatasunaren murrizketan beste aurrerapausu bat emateko balioko luke.

Gerra bultzatu duten gobernuek (Ameriketako Estatu Batuak, Britainia Handia, Australia eta Espainiako gobernuak) ez diote kasurik egin munduko herrien oihu bateratuari. Joan den otsailaren 15ean zein beste hainbat mobilizazioetan gerraren kontrako jarrera orokorra azaldu arren.

George Bushen gobernuak zentzugabeko aitzakiak asmatu ditu Irak erasotzeko, orain dela urte bete Afganistaneko herri suntsitua birrindu ahal izateko egin zuen bezala. Baina, Irak ez da hartuko giza eskubideak eta erregio edo mundu mailako segurtasuna defendatzeko. Irak hartzeko arrzoiak sobera ezagunak dira. Iraken petrolio baliabideak eskuratu eta indarrez eta Amerikako Estatu Batuen nagusintasunpean, globalizazio neoliberala ezartzeko guda bat da. Bush, Aznar edo Blair bezalako politikarientzat balio handiago dute petrolio eta aramagintza industrien interes pribatuek munduko edozein herrialdetako pertsonen bizi errugabeek baino.

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, ELB eta HIRU sindikatuok herri et giza eskubideen errespetua eskatzen dugu, eta gatazen konponbide politiko, demokratiko eta baketsuetan sinisten dugunez, guda honen aurka gaude.

Hori dela eta, nazioarte mailan eraso militarrari erantzun sendoa ematera deitzen dugu, eta Euskal Herriko eta Azpeitiko langileei dei egiten diegu: martxoaren 25ean, asteartean, ordubeteko lanuztea egitera. Lantokietan batzarrak eta mobilizazioak burutuko dira, eta 12:00etan konzentrazioa egingo da Azpeitiko udaletxe aurrean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide