Silvia Etxaniz, Ainitze Urbieta, Juan Mari Odriozola eta Urko Egaña dira Erniarraitz Bertso paper lehiaketako irabazleak

Uztarria.eus 2003ko mar. 24a, 18:03

Ostiralean, martxoaren 21ean, amaitu zen Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako III. Bertso Astea Azkoitiko Floreagan egindako ekitaldiarekin. Xabier Amurizak Lazkao Txiki bat bateko sorgina bertso emanaldia eskaini zuen eta ekitaldi horretan bertan II. Bertso Paper lehiaketako sariak banatu ziren. Silvia Etxaniz eta Ainitze Urbieta dira A mailako -18 urtetik beherako- irabazleak eta Juan Mari Odriozola eta Urko Egaña, berriz, B mailakoak -18 urtetik gorakoak. Hauen lanak jarraian dituzu.

Lehen saria A maila. SILVIA ETXANIZ

Lehen saria A maila. SILVIA ETXANIZ

JIPOITUAK, MATXISMOA...? EZ, MESEDEZ! Doinua: Munduan libre bizi izatea

Hoeitabatgarren mendean gaude
eta ezin eman buelta
leku askotan emakumeak
loturikan daude eta
halare dute gizon aurrean
zutik azaltzeko beta
begiak malkoz beteta
burkaz estali kopeta
beraiek ere pertsonak dira
merezi dute arreta
gizonen maila berera heltzea
da emakume hoien meta

Hainbat ta hainbat jipoitu daude
mundu osoaren jiran
emakumeak jotzen dituzte
trapu zaharrak bailiran
beldurturikan, lotsaturikan
ezkutaturik maindiran
guztia da ikusmiran
gure planetaren biran
esaten dute, baina eztakit
gauzak aurreratzen diran
leno eztakit, oain hola dira
ta lenore hola ziran.

Gizonaren lan berdina egin
eta kobratu gutxigo
hori zergatik gertatutzen den
nik galdetzen det aldiro
honek ezin du hola jarraitu
behar degu mailaz igo
azkar edota astiro
gogor, gogoz nahiz eztiro
gauza hau berriz eskatutzerik
nik ez nuke nahi berriro
ta ez badira gauzak aldatzen
hemen ezta izango giro.

Postu askotan emakumeak
ezin dute egin lana
batzuen ustez andrea baita
soilik bigarrengo ama
ez pentsa arren jasan dezake
lan gogorrenaren zama
bizi osoan darama
zorua jotzear zama
gizonezkoa "kaballereoa"
ta emakumea dama
geroarekin bakarrik pentsa
eta ahaztu iragana

Aurrera bultzaz lortua dugu
orain daukagun lekua
baina oraindik ez diogunez
berai gustua hartua
aurrera joaz, gogor saiatuz
igo dezagun postua
eta hau utzi ahaztua
zati txikitan moztua
nere ametsa da ikustea
gure helburua lortua
hau da, moztuta: emakume bat
libre eta askatua.

Gaurkoz nahikoa uste dut dela
beraz, banoa uztera
kontuan hartu esan dudana
da errealitate bera
baina gauza bat jakin nahi nuke
hor doa nire galdera:
bizitza aldatuko ote da?
ta erantzun airera
hori inortxok ere ez daki
baina badago aukera
hau entzun denek eta kasu egin:
guztiok berdinak gera!!

Bigarren saria A maila. AINITZE URBIETA

DENBORAN ZEHAR Doinua: Ikusten duzu goizean

Erreka ondoko ibarra,
ur biziaren marmarra,
abiadaren dardara.
Izarraitzetik Ertxineraino
basajaunen deiadarra.
Txori, zaldi ta abarra,
pago piñu nahiz lizarra
ta magalean otarra.

Eguzkiaren sorrera,
Akua aldetik goizera,
kukurrukuaz batera.
Makil ta harri gogorrak hartuz
badoaz mendian behera,
janari bira ehizera,
gero goxoki leizera,
animalien antzera.

Gauza ikaragarria,
benetan ikusgarria,
bidexka miresgarria.
Jantzi-Etxera Lilitik azkar
joateko bide berria,
jauntxoentzat ezarria,
Osinbeltzeko harria,
ibai gainean jarria.

Hainbat ta hainbat izurri,
jana zegolako urri,
aurre egin behar zen horri.
Zubimusuko zubia eta
geroago Lau iturri,
asetuz hainbat egarri,
lau arku ziraden jarri,
herriaren babesgarri.

Eta beraz oraingoan,
kontatuko dut gaurkoan,
garai hau nolakoa dan:
Hiru mila bat lagun dirade
bizi elkarren ondoan,
euskaldun giro beroan,
gure arbasoak gogoan
euskera dute ahoan.

Geroaren begirada,
zuzen zuzen dator bada
iraganaren islada,
adibide bat jartzeagatik
Ekain berria bat hor jada.
Urteetan izan bezala
alaia eta apala
Zestuak jarrai dezala.

Lehen saria B maila. JUAN MARI ODRIOZOLA

KONTZIENTZIA GARBITZEN

Aurrean zaitut, ene amona
dardarka etorria nauzu hona,
urduri neronen ausardian,
bete behar hau nun aspaldian,
barren barrena,
sentimentuen dantza herrena,
muxu goxo bat, tori aurrena.

Ia sei urte, izango dira
ez gaudela gu elkarri begira,
esan ta galdetzeko hau pila
hitzek biderikan ezin bila
Ixilik hobe,
nola zauden entzumenik gabe
ohean luze, ahul ta suabe

Sartu zinduten, egoitza hontan,
zergatik galdetu ohi det askotan,
zuretzat hobe zela esanez,
arrazoi merke asko emanez,
geldiarazi,
gizartetikan baztertu kasi,
etzuten zugan hori ikasi.

Mea kulpa bat, berdin niretzat
lehenago etorri behar nun behintzat
Penetan denboraren galduaz
xelebre kolpetik azalduaz,
Indulgentzia,
dudan zama bai ote kentzia,
garbi nahi nuke kontzientzia.

Bizi bidaia, beraren mugan
hor ote zeraden, jarri naiz dudan,
Zure begi urdinen argia,
izanaren islada argia,
pixkana hiltzen,
noraezeko soan amiltzen
heriotzaren bila hurbiltzen.

Ta ni bezela, orain besteak
zu bisitatzean, planta tristeak.
Hautsita zenean lotura
ezin zeradenean kontura,
gatoz propio,
malkotan esatera adio,
ziur ez dula asko balio.

Besterik ez da, geratzen nonbait
eta oroimena, martxan jarri zait.
Zuk erakutsitako jolasak
ipuin goxo eta solasak,
zenbat errezu,
jokabidea harturik mezu
mila ejemplo, on eman dezu.

Bizirik daukat, zure babesa
orain zerbait egin ahal baneza
Eraman behar zaitut etxera,
birlobatxoa ezagutzera
Etzazu etsi,
esperantza lagunari eutsi
amets gaizto hau dezagun hautsi.

Bigarren saria B maila. URKO EGAÑA

**PASAMONTAÑAS BATEN ATZEAN**

Banka, Aiñharbe, Elgoibar, Bera,
Oion, Dima, Kanbo...
Guztiak dira anai-arrebak
hemengo nahiz hango.
Kontran dauzkagu bi bando
edo bi nazio-mando;
nahiz egarriz hil, gure azkatik
ez dute edango. (Bir)

Hogei bat urte nituenean
sartu nintzen ETAn
hain zuzen ere ETA sortu zen
lehen urteetan.
Ez genuen nahi benetan
Francoren hatzaparretan
pasatakoak uztea gure
ondorengoetan. (Bir)

Pasamontañas baten atzeko
sakrifizioan
gure odola gure herriko
kaleetan zihoan.
Bizi ginen presioan,
bizitzaren prezioan,
Franco zenaren Espainiaren
errepresioan. (Bir)

Errepresio horrek oraindik
ere irauten du;
azken urtetan aldaketarik
ez da nabarmendu.
"Jokoz kanpo al gauden gu ?!"
Pasamontañasa kendu
egingo gendun, presio hori
ez baldin bagendu. (Bir)

Francok lortu du bere ametsa
Aznarri lotzea
Aznarrek berriz Francok helburu
guztiak lortzea:
hiltzea, atxilotzea,
mina areagotzea...
Nork sinesten du pakea bere
kasa etortzea? (Bir)

Euskal Herria heldu zenetik
nere bihotzera
hala-beharrez ohitu naiz bere
taupaden hotsera.
Gaur hil naiteke, ostera,
herriak darrai aurrera,
baina hiltzen dena herria bada
ni ere lurpera. (Bir)

Gotorleku bat baino ez degu
pasamontañasa;
gaur, denerako prest zaude, bihar,
ez zara kapaza.
Hiltzea ez da jolasa
ez delako hain erraza
zeuk arnasteko beste batzuei
kentzea amasa. (Bir)

Fermin, Ainara, Iñaki, Mikel Arkaitz, Jon, Mirari
Xanti, Olaia, Maitane, Joxe
Iñigo, Nahikari...
Segiko diot gudari
Malko gorrien gudari
Odolez gurtzen natzaio denen
Askatasunari. (Bir)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide